Altuna III.a 22-19 Dario

Altuna III.a ez jo inoiz garaitutzat

Dariok neurketa bikaina jokatu du egungo txapeldunaren aurka; 13-19 jarri da aurretik, baina azken bederatzi tantoak jarraian egin ditu Altunak. Final-laurdenetako ligaxkako lehen puntua poltsikoratu du.

Altuna III.a pilota jotzen Darioren parean, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
2022ko apirilaren 24a
19:31
Entzun

Baietz zirudien. Dario Gomezek Altuna III.a mendean hartuko zuela. Dena alde zuen errioxarrak: 13-19 aurretik zen, izugarri jokatzen ari zen, eta zaletuak ere liluratuta zeuden haren jokoarekin. Batek edo bestek amaitutzat jo du neurketa. Akats larria. Parean Jokin Altuna zuen Dariok, eta amezketarra zerbaitegatik da hiru txapelketa nagusietako txapelduna. Bederatzi tanto jarraian egin eta lehen garaipena lortu du (22-19).

Dariok, dena den, argi utzi du Mikel Urrutikoetxeari eman zion errepasoa (5-22) ez zela kasualitatea izan. Sasoi bikainean da pilotari errioxarra, eta hori erakutsi du gaur, ustez aurkaririk gogorrena denaren aurka. Berak aitortu duen moduan, ordea, partidak «ihes» egin dio. Aurretik hasi da Altuna (9-6), baina Dariok olatu ona hartu du jarraian. Ez da nahikoa izan.

A multzoko beste neurketan, atzo, Iruñeko Labriten, Joseba Ezkurdia izan zen ligaxkako lehen puntua lortu zuena. Erruz lan egin behar izan zuen: 22-21 irabazi zion Zabaletari, neurketa gogor batean. Bihar, Zumaiako Aitzurin (Gipuzkoa), Iñaki Artolak eta Unai Lasok neurtuko dituzte indarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.