Tentsioa gailendu da

Ezkurdiak 22-21 irabazi dio Zabaletari, eta lehen puntua lortu du final-laurdenetako ligaxkan. Partida asko gogortu da azken txanpan

Joseba Ezkurdia pilota batera ailegatu nahirik, atzean Jose Javier Zabaleta duela. IDOIA ZABALETA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Gogortasuna eta tentsioa dira Buruzko Buruko Txapelketaren ezaugarri nagusiak, eta horren isla argia izan zen atzo Jose Javier Zabaletak eta Joseba Ezkurdiak Labriten jokatutako partida. Arbizukoak poltsikoratu zuen final-laurdenetako ligaxkako lehen puntua, 22-21 irabazi baitzuen. Baina gailendu zirenak gogortasuna eta tentsioa izan ziren. Emozioa ere izan zen azkenerako.

Zabaletak ondo ekin zion neurketari. Sakatzaile ona da, eta hala egin zituen partidako lehen bi tantoak. Etxarrengoa jakitun zen irabazteko arriskatu egin behar zuela, eta horrek ezinbestean presaka aritzea dakar askotan. Behartu gabeko pare bat akats egin zituen horren erruz, eta launako berdinketa ekarri zuen horrek.

Hala ere, hasieratik lotuta ikusi zitzaion Ezkurdiari, jakitun baitzen multzoko aurrelari bakarraren kontra irabazi egin behar zuela, eta faborito zela. Ez zuen asmatu Zabaleta mugitzen, zuzenegi jokatu zuen, eta partida aurreko koadroetara eraman beharrean, tantoak luzatzearen alde egin zuen.

Buruz buruko horretan, Zabaleta jotzaile aparta da. Ikusgarria izan zen pilota errebotera bidalita egin zuen 5-4koa. Tantoak aurrera joan ahala, gainera, gero eta hobeto ikusi zitzaion pilotara jartzen. Partida nahi zuen lekuan zeukan Etxarrengoak. Baina ia segidan bi saketan falta egin zuen, eta hor galdu zuen lehen zuloa egiteko aukera. Ezkurdia 7-8koarekin jarri zen estreinakoz aurretik. Horrek patxada apur bat eman zion hurrengo tantoetan, eta maizago jokatu zion Zabaletari zabalera. Hala jokatuta, bost tanto egin zituen segidan, bat sakez: 7-12.

Norgehiagokaren norabidea aldatzen ari zela zirudien, eta Zabaleta partidatik irtengo zela. Haatik, abantaila izan arren (10-15), Ezkurdiak partida ona egin gabe segitzen zuen, aurrean arriskatu gabe. Horrek Zabaletari mesede egin zion. Izan ere, oso nekatuta zegoen. Gainera, Ezkurdiaren akatsek eta bere pare bat sakek partidan mantendu zuten: 15-16. Dena zegoen airean.

Hortik aurrera are gehiago gogortu zen lehia. Ezkurdia 15-18 aurreratu zen. Hemezortzigarren tantoa pilota eskura ondo sartu zitzaion aldi bakarrenetako batean lortu zuen. Baina Zabaletak ez zuen amore eman. Alderantziz. Hor erakutsi zuen bere benetako joa, eta20-19 aurreratu zen sake oso on bat egin eta gero. Norgehiagokazenbat eta gehiago gogortu, aukera gehiago zituen Zabaletak irabazteko. Gogortasun horren adibide, Ezkurdiaren hogeigarren tantoa. 32 pilotakada jo zituzten. 21.a biparetaz egin zuen Arbizukoak. Baina gora joan zitzaion partida erabakitzeko pilotakada. 21-21koarekin, eta sakea izanda, Zabaletak zuen orduan irabazteko aukera handia. Ez zen horrela izan, ordea.

Gaur egingo du debuta, berriz, egungo buruz buruko txapeldunak, Jokin Altunak. Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango da, eta Dario Gomez izango du aurrean. Bihar, Zumaiako Aitzurin (Gipuzkoa), Iñaki Artolak eta Unai Lasok neurtuko dituzte indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.