ander perez zala
Frantziako bozak

Frantziako paisaia politikoaren eboluzioa

2022ko apirilaren 24a
19:45
Entzun

Frantziako paisaia politikoak aldaketa ikaragarriak jasan ditu azken hamarkadan. 2012ra arte bi bloke handi zeuden, oro har PS Alderdi Sozialistak eta UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak osatzen zituztenak, eta bost urte geroago errotik hautsi zen logika hori, 2017an lau polo sortu zirenean. Emmanuel Macronen hautagaitzak sakoneko eboluzio baten hasiera eragin zuen, eta, harekin batera, gora egin zuten Jean-Luc Melenchonen LFI Frantzia Intsumisoak eta Marine Le Penen RN Batasun Nazionalak; aldi berean, LR Errepublikanoek bizirik irautea lortu zuten, eta PS blokeen logika horretatik atera zen, nabarmen hondoratu baitzen François Hollanderen agintaldi gatazkatsuaren ondoren. Aurten, berriz, errealitatea lautik hirura txikitu da, eta lehia Macronen, Le Penen eta Melenchonen artekoa izan da; oraingoan, LR da ekuaziotik desagertu den alderdia.

2017ko presidentetzarako bozak erabakigarriak izan baziren indar korrelazioa aldatzerakoan eta bestelako errealitate politiko bat finkatzerakoan, aurtengoak ere sakoneko beste bilakaera baten abiapuntu bilakatu dira, alderdi, ideologia eta agintari askoren etorkizuna jokoan egongo baita hastear den legealdian.

Macronek berriz irabazi du, eta, beraz, bigarren eta azken agintaldia egingo du Frantziako presidente karguan, eta ezingo da 2027ko hauteskundeetara aurkeztu; haren espazio politikoa —eta alderdia—, hortaz, gidaririk eta aurpegirik ezagunena gabe geratuko dira legealdi amaieran. Horrek galdera bat mahaigaineratu du: Macron gabe, ba al dute etorkizunik haren proiektuak eta LREM Errepublika Martxan alderdiak? Inkestek agerian utzi baitute herritarrek estatuburuaren alde egin dutela bere profilarengatik edota Le Penen garaipena eragozteagatik, eta ez ideologiagatik eta programagatik.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere espazio politikoaren bizirik irautea du jokoan datorren agintaldian.Christophe Petit Tesson / EFE

Frantziako presidenteak, legatu bat uzteko beharraz gain, haren ondorengoa aukeratzeko eta hura erakargarri bilakatzeko zeregina jarriko dio bere buruari datozen bost urteetan. Badira zenbait izen-abizen: Bruno Le Maire Finantza ministroa, Sebastien Lecornu Itsasoz Haraindikoa eta Gabriel Attal gobernuaren bozeramailea, kasurako; baina oraindik zertxobait falta da pertsona hori zein izango den jakiteko, edo, behintzat, lehen zantzuak ikusteko. Ziurrenik, Macronek ekainean egitekoak diren Asanblearako bozen ondoren osatuko duen lantaldeak argituko du hori, eta, batez ere, Frantziako estatuburuaren bigarren agintaldiak. Goizegi da, hortaz, Macronek sortu duen espazio politikoaren etorkizunari buruzko galderari baietz edo ezetz erantzuteko.

Argi dagoena zera da: Frantziako presidentearen proiektuak ez duela dena aldeko. Herritarrek bigarrenez hautatu behar izan dute haren eta ultraeskuindarraren artean —askorentzat, aukerarik txarrenaren eta ez hain txarrenaren arteko lehia izan da—, eta, horren aurretik, Macronek lehen agintaldi oso gatazkatsua izan du; krisiz, eztabaidaz eta protestaz beterikoa izan da, eta baliteke datorrena ere gisa berekoa izatea, besteak beste, milioika herritarrek estatuburua gorroto baitute.

Urteotako paisaia politikoaren eboluzio etengabearen atzean arazo bat dago, eta hori da Frantziako sistema ez dela gizartearen aldaketetara eta eskarietara moldatzeko gai izan. Herritarren nahiak, beharrak eta kritikak erreakzio bat dira inguruan duten mundu aldakorraren aurrean, baina horiei erantzun desegokiak emateak —edo erantzunik ez emateak— boto emaileen haserrea eta aldaketarako nahia elikatu du. Hala gertatu da azken hamarkadan, eta hala gertatuko da datozen bost urteetan, erreformarik ezean; izan ere, Macron dena aldatzen saiatu da, ezer ez aldatzeko.

Sistemaren iraungitze data

Aurtengo presidentetzarako bozek agerian utzi dute, beste behin ere, Frantziako sistemak iraungitze data bat duela. Presidenteak botere gehiegi du; parlamentuak, gutxiegi; eta diputatuak aukeratzeko sistemak ez du errealitatea modu egokian islatzen, ez baita proportzionala —salbuespenak salbuespen, ohikoena baita presidentearen alderdiak gehiengo osoa jasotzea Asanblearako bozetan—.

Frantzia hiru bloketan zatitu da, baina sistema politikoa iragan mendetik dago antolatuta lehia biren artekoa izateko. Eta horregatik da herrialdea geroz eta desegonkorragoa, eta abstentzioa geroz eta handiagoa, iragan hamarkadetako egoerekin konparatuz gero.

Testuinguru horretan, 2022-2027 legealdia erabakigarria izango da errealitate politikoaren hamaikagarren eboluziorako. Macronen espazio politikoaren etorkizuna zalantzan egoteaz gain, aurtengo bozetako beste protagonisten geroan ere sakoneko aldaketak egon daitezkeelako.

Eskuin muturra da aurtengo presidentetzarako bozetatik indartuen atera den sektore ideologikoa. Inoizko babesik handiena lortu du —%32,3 inguru lehen itzulian, %42 bigarrenean, estimazioen arabera—, batez ere Le Peni esker, eta nabarmen sendotuta jarriko da ekaineko Asanbleako bozetara begira. Ultraeskuinaren etorkizunaz, ordea, zalantza handi bat dago: zer egoeratan geratu da RNren buruzagia, jarraian bi porrot izan ondoren?

Marine Le Penek bigarren aldiz jarraian galdu du presidentetzarako bozen bigarren itzulian.Ian Langsdon / EFE

Bere irudia zuritzeko estrategiari esker lortu du Le Penek egungo arrakasta. Baina, urteotan, alderdian denak ez dira ados egon bide horrekin, eta hirugarren aldiz segidan garaipenik ez lortzeak barne eztabaida bat sortuko du etorkizunaz. Ekuazioan, gainera, aldagai berri bat dago, espero baino emaitza txarragoa lortu duen Eric Zemmour, eta horrek datozen hilabeteetako —eta urteetako— norabidea baldintza dezake.

Kritiken aurrean, aukera bakarra geratzen zaio RNko buruzagiari: gaurko emaitza bilakatzea aurrera jarraitzeko argudiorik sendoena, defentsarik indartsuena. Horrekin batera, Le Penek eskuinean izaten ari den berrantolaketan sakondu beharko du; besteak beste, eskuindarren erdigunea LRtik ultraeskuinera mugitzeko, eta Asanblean, lehen aldiz, pisu erabakigarria izateko. Hori iradoki du gaur gauean, porrota onartu eta borroka ez duela «abandonatuko» jakinarazteko agerraldian.

Hori, noski, alderdikideak ez badira tematzen RNko buruzagiaren etorkizuna kolokan jartzen. Jokaldi hori, ordea, ongi kalkulatua izan beharko da, Zemmourren lehiaz gain, alderdiak ez baitu izen-abizen ezagunik; bakarra Jordan Bardella gaztea da, eurodiputatu eta alderdiko presidentea. Arazoa zera da: Bardella gehienbat hauteskunde zikloetan bilakatzen dela ikusgai boto emaileentzat, eta Le Penen aliatua dela.

Printzipioz, RNren buruzagiak eskuin muturra gidatzen jarraitu beharko luke, eta ez dago zantzurik pentsatzeko haren alderdia behera egiteko joera batean murgilduko dela. Inkestek erakutsi dutenez, boto emaileek haren alde egin dute proposatu dituen eta sustatu nahi dituen ideiengatik, eta harreman horrek estua izaten jarraituko du. Le Penek goraka jarraitzen du; baita bere proiektuak ere.

Ezkerraren etorkizuna

Egun, Frantzian ez dago botoa eta paisaia politikoa egituratzen duen alderdi handirik, eta horrek azaltzen du etorkizunera begira zenbaitek duten arazoa. Le Penek izan dezakeenaz gain, Melenchonen kasua ere deigarria da; hainbatetan esan duenez, ez da berriz aurkeztuko herrialdeko presidente kargurako, eta orain ekaineko Asanblearako hauteskundeetan du jarria arreta. Herritarrei lehen ministro aukeratzeko ere eskatu die, egun elektoral horren bitartez.

Ezkerreko indar guztiek datozen asteetan hartzen dituen erabakien araberakoa izango da sektore horren etorkizuna. Presidentetzarako bozetan batasuna alde batera utzi ondoren, badirudi ia alderdi guztiak ohartu direla elkartzeko beharraz, eta LFI, EELV Europa Ekologia-Berdeak, PCF Frantziako Alderdi Komunista eta NPA Alderdi Antikapitalista Berria zerrenda bateratuak aurkezteko negoziazioetan murgildu dira jada. Lehen informazioen arabera, badirudi ados jartzeko aukera handiak dituztela.

Eta hor dago beste berritasun bat: PSk ere atea ireki dio zerrenda horietan parte hartzeari, jakitun baitago datorren legealdia erabakigarria izango dela. Alderdia hil eta berriz eraikitzea, izena aldatzea... Sozialisten buruzagiek aukera asko dituzte etorkizunera begira, baina horietako bakar bat ere ez da erakargarria eta sufrimendurik gabea izango. PSk ezkerrean zuen espazioa galdu du, eta bere itxaropen bakarra da sustrai lokalek ziurtatzea bizirik irauteko aukera.

Jean-Luc Melenchon Asanblearako bozetara begira jarri da jada; lehen ministro izan nahi du.Mohammed Badra / EFE

Baita Melenchonek zer egiten duen ere. Pixkanaka bada ere, hark ere bere legatua ontzen hasi beharko du, eta alderdikideak prestatu lidergorako. Macronek eta Le Penek ez bezala, LFIko buruzagia jada hasia da horretan, eta herritarrek zenbait izen-abizen ezagun dituzte: Adrien Quatennens alderdiko koordinatzailea, Alexis Corbiere bozetarako LFIren eleduna, François Ruffin Asanbleako talde parlamentarioko diputatua —ez dago alderdi barruan— eta Raquel Garrido Ile-de-France eskualdeko kontseilaria, adibidez.

Mugimendu horien zain, argi geratu da, etorkizunera begira, bipartidismoko alderdiak direla egoerarik okerrenean daudenak. Inoizko emaitzarik txarrenak lortu dituzte PSk eta LRk, eta horien tokia hartu dute, hurrenez hurren, ezkerrean eta eskuinean dituzten indarrek: Melenchonenek eta Le Penenek.

2017ko bozetan, sozialisten oinarriaren gehiengoa Macronengana joan zen, eta, aurten, LR-rena. Mugimendu horiek, presidentearen eboluzioa islatzeaz gain, beste galdera bat mahaigaineratzen dute: estatuburuaren azken agintaldia izango dela kontuan harturik, zer egingo dute haren boto emaile eskuindarrek?

LRk erronka asko ditu: bere burua berreraiki, barne zatiketa eragotzi eta berriz ere erakargarri bilakatu behar du. Horretarako baina, sufrimendu askoko urteak pasatu beharko ditu, aukera handiak baititu barne eztabaida amaigabe eta gogor batean murgiltzeko; Europako indar eskuindar askok izan duten berbera, gainera: alde moderatuaren eta eskuindarragoaren arteko talka. Eta baliteke datozen hilabeteetan buruzagi eta ordezkari politiko askok alderdia uztea ere, LREMra edo Edouard Philippe lehen ministro ohiaren alderdira joateko —hura ere LR-ko kide ohia da—.

Valerie Pecresse hautagai zuela, Errepublikanoek inoizko emaitzarik txarrena lortu dute presidentetzarako bozetan.Ludovic Marin / EFE

Eskuindarren itxaropen bakarra da haien espazio politikoa nagusitu egin dela presidentetzarako bozetan, eta 2027an Macron ekuaziotik kanpo egoteak arrakastara itzultzeko atea irekitzen diela. 2017tik hona Frantzian izandako boz guztiek erakutsi dutenez, eskuineko hautagaien artean bozkatzen dutenak erraz mugitzen dira hautagai batetik bestera, eta hori LR-ren mesederako izan daiteke.

Asanblearako bozen ondoren, berriz ere abiatuko da Frantziako paisaia politikoaren hamaikagarren aldaketa. Macronek sortu duen espazio politikoa izango da erabakigarria, eta 2017an nahiz aurten harengana jo duten boto emaileak umezurtz sentituko diren ala ez 2027a hurbildu ahala. Egungo agintaria ez dago egongo bost urte barru, eta testuinguru hori baliatu beharko dute alderdi politiko guztiek euren bizirik irautea eta arrakasta bermatzeko. Eta Melenchonek eta Le Penek, bietako batek bidearen parte bat egingo du ekainean, oposizioko lehen indarra bilakatzen bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.