Frantziako hauteskundeak

Macronek «guztien presidentea» izango dela hitzeman du, bozak irabazi ostean

Presidente kargua errepikatuko du Macronek, boto emaileen %58,24ren babesarekin. Eskuin muturrak inoizko emaitzarik onena lortu du. Botoa eman zezaketen herritarren %28,01ek ez dute bozkatu.

Macron, hauteslekuak itxi ostean, garaipena ospatu duen lekura heltzen, Parisen, Eiffel Dorrearen parean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Oihana Elduaien Uranga.
2022ko apirilaren 24a
20:05
Entzun

Emmanuel Macronek bigarren aldiz eskuratu du Frantziako presidente kargua. 2017an bezala, haren eta Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiaren artean aukeratu behar zuten boto emaileek, eta lehia Macronek irabazi duen arren, bi hautagaien arteko aldea orduan baino txikiagoa izan da oraingoan.

Boto guztiak zenbatuta, %58,54ren babesa lortu du Macronek, eta %41,46rena Le Penek. Azken 50 urtetako abstentziorik handiena izan da: %27,67koa. Duela bost urte %66ren babesa lortu zuen aurrenak, eta %34rena bigarrenak.

Inkesten emaitzak jakin orduko, garaipena ospatzen hasi dira Macronen jarraitzaileak, Eiffel dorrea atzean dutela propio prestatutako agertokian. Macronek han esan du badakiela herritar askok eskuin muturrari aurre egiteko eman diola botoa, eta iragarri du mandatua aintzat hartuko duela. Abstentziora jo dutenen «isiltasuna» ere entzungo duela dio. «Hemendik aurrera ez naiz alde baten hautagaia; guztion presidentea naiz». Frantziako eta Europako banderez apaindutako ekitaldia izan da, eta Frantzia eta Europa izan ditu ahotan Macronek berak ere: «Frantzia independenteago eta Europa indartsuago baten aldeko proiektua» daukala esan du. Era berean, hitzeman du «nazio ekologikoa» eraikiko duela. «Datozen bost urteak ez dira lasaiak izango, baina historikoak izango dira; denok batera idatziko ditugu belaunaldi berrientzat. Gutako bakoitzak izango du ardura».

Le Penek onartu egin du buruz burukoa galdu egin duela, inkesten emaitzak jakin eta ordu laurdenera. Hirugarren saioa izan du hau Le Penek presidentetzarako, baina emaitza ez du erabateko porrot gisara hartu, inoizko emaitzarik onena lortu duelako. Hala, gaurko emaitza, RN Batasun Nazionala bere alderdiaren «garaipen handia» izan dela esan du. «Frantziako eta Europako agintarientzat mezua izan da hau, eta ezin dute beste alde batera begiratu». Itxaropena eduki behar dela esan du, partida ez delako amaitu. Izan ere, ate joka daude hauteskunde legegileak, eta haietan Macronen «proiektu txikitzailea» geldiaraztera dei egin du.

Uztailean egingo dira hauteskunde horiek, eta Macronen alderdiak ez badu diputatuen gehiengoa lortzen, zaila izango du bere proiektuak aurrera ateratzea.

Izan ere, Le Penek ahalegin handia egin du kanpainan eskuin muturreko itxura ezkutatu eta moderatu antzera azaltzeko. Eta horrek eragina izan duen arren, ez da erabakigarria izan. Izan ere, hauteskundeen bigarren itzulian ezkerreko boto emaileek zuten giltza, eta hori ondo zekiten bai Macronek eta baita Le Penek ere.

Aurreneko itzulian hirugarren lekuan gelditu zen Jean-Luc Melenchon hautagai ezkertiarra, 7,7 milioi botorekin, —9,8 milioi Macronek eta 8,1 milioi Lepenek—. Horregatik, haren boto emaileak konbentzitzeko ahaleginean aritu dira bi agintariak. Antza, ezkerreko boto emaile askok ez dute Macronen alde aurreko bozetan bezain erraz egin, presidenteak azken agintaldian izan duen jarrera tarteko. Horietako askok agintari elitista eta harrotzat daukate egungo presidentea, enpresen eta banku handien mesedetara aritzea egozten diote, herritar arrunten interesen kalterako. Eta hortxe jarri du arreta Le Penek, jende xehearen bizi baldintzak hobetzeko neurriak hitzeman baititu.

Nolanahi ere, ez dute nahi beste jende mobilizatzerik lortu. Azken 50 urteetako abstentziorik handiena izan da hauteskunde presidentzial hauetan. Horregatik, Macron «V. Errepublikan okerren aukeratutako presidentea» dela salatu du Melenchonek. «Abstentzioak, boto zuriek eta baliogabeek osatutako ozeano batean ari da igerian».

Ahalegina ez da nahikoa izan, eta Macron presidente izango da bigarren eta azken aldiz. Jacques Chirac izan zen hori lortzen azkena, duela 20 urte, Jean-Marie Le Penen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.