Gerra Ukrainan

Errusiak su etena iragarri du Azovstal altzairutegian gotortuta dauden zibilak ebakuatzeko

Errusiako armadak eta Donetskeko Herri Errepublikako errusiazaleek eraso ekintzak etengo dituzte gaur Mariupol hiriko altzairutegiaren inguruan. Ukrainako Gobernua «prest» dago korridore humanitario bat irekitzeko. Kremlinek AEBei eskatu die Ukrainari arma gehiago ez emateko, konponbide diplomatikoa aurkitzeko aukera «oztopatzen» duela argudiatuta.

Azovstal altzairutegia, Mariupol, Donetsk oblasta. MARIUPOL CITY COUNCIL HANDOUT / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 25a
13:07
Entzun

Errusiak su etena iragarri du astelehen honetan Mariupol hiriko (Donetsk oblasta) Azovstal altzairutegian gotortuta dauden mila bat zibil —Ukrainako Gobernuak emandako datua da— ebakuatzeko. Errusiako Defentsa Nazionaleko koronel buru Mikhail Mizintsevek komunikatu baten bidez jakinarazi du. Haren esanetan, Errusiako tropak eta Donetsk Herri Errepublikako errusiazaleak «zentzuzko distantzia batera erretiratuko» dira, eta bide emango dute zibilak ebakuatzeko, «soldaduek aukeratutako norabide batean», zehaztu duenez.

Horiek horrela, Mizintsevek Ukrainako agintariei eskatu die zibilak «berehala» aska ditzatela. Ebakuazio plana gauzatzeko menia hiriko bozgorailuetatik iragarriko dute ordu erdiro, altzairutegiaren barruan dauden herritarrek entzun dezaten. Errusiako koronel buruak azaldu duenez, «Ukrainako aldea operazio humanitarioa hasteko prest dagoela baieztatzeko, bandera zuriak erakutsi beharko dituzte industriaguneko zenbait leku konkretutan». Ukrainako Gobernua «prest» dago korridore humanitario bat irekitzeko, baina, lehen ministrorde Irina Verextxukek ohartarazi duenez, alde bakarretik iragarritako korridore batek «ez du segurtasunik ematen».

Lehen aldia izango da Errusiak korridore humanitario bat irekiko duela Mariupolgo altzairutegian, trukean azpiegitura horren barruan dauden Ukrainako 2.000 bat soldaduak errenditzeko eskatu gabe. Mariupolen geratzen diren erresistentzia gune bakarretakoa da Azovstal altzairutegia; hamar kilometro koadroko industria eremu bat da, Europako altzairutegi handienetako bat, eta lurpean tunelak ditu, gainera. Moskuk azken asteotan ultimatum bat baino gehiago eman dizkie, baina ukrainarrek ez dituzte onartu. Bada, iragan ostegunean, Errusiako presidente Vladimir Putinek bertan behera utzi zuen oldartzea. Nolanahi ere, Putinek hurrengo egunean iragarri zuen «askatu» zutela hiri hori.

Bien bitartean, Kremlinek ofizialki AEB Ameriketako Estatu Batuei eskatu die Ukrainari arma gehiago ez emateko, Anatoli Antonov Errusiak Washingtonen duen enbaxadoreak jakinarazi duenez. Haren hitzetan, AEBek Kievi armak bidaltzea laguntza «onartezina» da Errusiarentzat, eta konponbide diplomatikoa aurkitzeko aukera «oztopatzen» du.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, berriz, eskertu egin die AEBei, txio bidez, laguntza ematen duten estatuen artean «liderrak» izateagatik. Halaber, Zelenskik nabarmendu du Ukraina «bat eginda eta sendo» dagoela, eta Kieven eta Washingtonen arteko harremana «inoiz baino estuagoa» dela. Horren harira, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Ukrainako presidentea gaur goizaldean batzartu dira, Kieven, eta Blinkenek ziurtatu du datorren astean diplomazialari estatubatuarrak Ukrainara itzuliko direla; Lviven (mendebaldea) izango dira lehendabizi, eta ondoren Kievera helduko dira. Blinkenek, gainera, esan du Ukraina gerra «irabazten» ari dela, eta Errusia, «galtzen». Putinentzat, ostera, Mendebaldea da «galtzailea», ez dutelako lortu errusiarrak zatitzerik.

Jokaleku horretan, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres Putinekin elkartuko da bihar, Moskun, eta Zelenskirekin ostegunean, Kieven. Guterresek Pazko ortodoxorako proposatutako su eten orokorrak ez du arrakastarik izan.

Errusia Ukraina hego-ekialdea gogor bonbardatzen ari da gaur ere, Donbass eskualdea «askatzeko» helburuz. Ukrainako agintariek salatu dute eskualde horretatik kanpo Errusiako tropek Ukrainako erdiguneko eta mendebaldeko bost tren geltokiri eraso egin diotela. Errusian bertan, berriz, sute bat izan da erregai biltegi batean, Briansken, Ukrainako mugatik 150 kilometrora. Kremlin gertakaria ikertzen ari da oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.