«Adierazpen instituzional honen bidez, zeinak Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenarekin bat egiten duen, Espainiako Gobernuak uste du herri horrek 1937ko apirilaren 26an jasan zuen bonbardaketak aringarririk gabeko gaitzespena merezi duela»: hala adierazi du Espainiako Gobernuak, Felix Bolaños Presidentetza ministroak izenpetutako adierazpen batean, Gernika-Lumon (Bizkaia) bonbardaketaren urteurrena oroituko duten egun berean. Ez du barkamenik eskatu, hala ere, eta hori eskatu diote hainbat agintarik Madrili azken egun eta orduetan.
Gobernuak adierazi du «berritu» egin duela «Espainiako gizarteak biktimekiko eta haien senideekiko duen aitortza». Horrez gain, «biktima guztien memoriari konpromisoa» agertu dio, baita bizirik atera zirenenari ere. «Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» berretsi ditu, baita «bakearen iraupenari lagunduko dion memoria komun bat» eraikitzeko asmoa ere.
Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak txio bat idatzi du Twitter sare sozialean. Hegazkin nazi eta faxistek Gernika bonbardatu zutenekoa «Gerra Zibileko gertakari krudelenetako bat» izan zela adierazi du, eta 85 urte geroago «gogoan» dituztela eguna bera eta orduan hildakoak. «Memoria ezinbestekoa da gizarte demokratiko eta baketsu bat eraikitzeko», amaitu du.
Espainiako Gobernuak bonbardaketak oroitzeko ekitaldi batera lehenengoz ordezkari bat bidali duen egun berean zabaldu dute adierazpena. Fernando Martinez Lopez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu idazkaria Gernika-Lumon (Bizkaia) da gaur, alemaniarren eta italiarren hegazkinek herria bonbardatu zutela 85 urte direla oroitzeko ekitaldietan, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasorekin batera. 11:00etan hasi dira ekitaldiak gaur, Gernikan. Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetaria ari da sare sozialetan hango berri ematen:
Gaur arte, frankismoaren bertsioari bere horretan eutsi dio Espainiako Gobernuak. «Francoren Espainiak ez du su ematen», adierazi zuen erregimenak bere garaian, eta Gernikako herritarrak eta «gorriak» egin zituen erantzule. Geroztik, agintean izan diren gobernuetariko bakarrak ere ez du aldatu bertsio hori, ezta Espainiaren izenean barkamena eskatu ere.
Ikusi gehiago: Gaur 85 urte dira Gernika bonbardatu zutela
2017an, gainera, EAJk zentsura mozio bat aurkeztu zuen Espainiako Senatuan, Espainiako Gobernuari eskatzeko aitortu zezala Espainiak bonbardaketan izandako «erantzukizuna». PP zen orduan gobernuan, eta atzera bota zuten eskaria. Gobernua aldatu da geroztik, eta gaur mozio bera erregistratuko dute Espainiako Senatuan, Estefania Beltran de Heredia EAJko senatariak Radio Euskadin iragarri duenez, Espainiako Gobernuaren adierazpena publiko egin aurretik.
Zehazki, Pedro Sanchez Espainiako presidenteari galdetuko dio «Gernikako herriari kalte-ordainik onartuko dion», eta, halaber, Emilio Aperribai bonbardaketatik bizirik ateratako gernikarraren gutun bat irakurriko du. Beltran de Herediaren arabera, frankismoak «gezur bat mantentzeko eta sufrimendua hainbeste urtez isilarazteko» saiakera egin zuen, eta, alde horretatik, «urrats garrantzitsua» litzateke Espainiako Gobernuak gertatutakoaren aitortza ofiziala egitea, bai biktimentzat eta baita «Euskal Herri osoarentzat, eta, orokorrean, herritarrentzat ere».
Ikusi gehiago: Inork oroitzen ez zituen 269 gaixo
Beltran de Herediak gogorarazi du Alemaniako Estatuak aitortu zuela bonbardaketan izan zuen erantzukizuna, «60 urte igaro eta gero izan zen arren». 1997ko apirilaren 27an egin zuen adierazpen hori Alemaniako Gobernuak. Hening Wegener enbaxadoreak Roman Herzog orduko Alemaniako presidentearen gutun bat irakurri zuen Gernikan bertan, zeinean «Alemaniako hegazkinen errua» bere egiten zuen, eta barkamena eskatzen zuen. Bonbardaketatik bizirik ateratako 150 lagunen aurrean egin zuten ekitaldia.