Gerra Ukrainan

Guterres: «Lehenbailehen su etena behar dugu»

NBEko idazkari nagusiak Lavrovi argi esan dio Errusia dela Ukraina inbaditzen ari den herrialdea. Errusiako Atzerri ministroak, berriz, adierazi du Moskuk NBErekin eta Gurutze Gorriarekin «elkarlanean» jardungo duela zibilak babesteko.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovi hitz egiten ari zaiola, gaur, Kremlinen. MAXIM SHIPENKOV / POOL / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 26a
12:39
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin elkartu da gaur bake eske, aurrez aurre, Kremlinen, Vladimir Putin presidentearekin bilera egin aurretik, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin Ankaran bildu eta biharamunean. Guterresek behin eta berriz eskatu du Ukrainako gerra eteteko, «lehenbailehen» gainera. Pazko ortodoxorako proposatutako su eten orokorrak arrakastarik izan ez zuela eta, gaur Putinekin eta etzi Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin izango dituen bilerak baliatu nahi ditu menia adosteko, baita egoera humanitarioa arintzen ahalegintzeko ere.

Lavroven eta Guterresen arteko bileraren ondorengo agerraldian, NBEko idazkari nagusia izan da hitza hartu duen lehena. Aitortu du «eztabaida franko» izan dituela Errusiako Atzerri ministroarekin, eta argi esan dio Errusia dela Ukraina inbaditzen ari den herrialdea. «Ukrainako tropak ez daude Errusiako Federazioan; ostera, Errusiako armada Ukrainan dago». Kezka ere agertu du gerra krimen posibleengatik, eta gertakari horien inguruko «ikerketa independente bat» abian jartzeko eskatu du. Gainera, esan du NBEk baliabide guztiak eskainiko dituela Errusiak setiatua duen Mariupol hirian (Donetsk oblasta) babesik gabe dauden milaka zibil salbatzeko, eta bi aldeei galdegin dien korridore humanitario seguruak irekitzea. Horrez gain, gai humanitarioak kudeatzeko talde bat sortzea ere proposatu du.

Errusiako Atzerri ministroak, berriz, nabarmendu du Moskuk NBErekin eta Gurutze Gorriarekin «elkarlanean» jardungo duela zibilak babesteko. Hori bai, kexu azaldu da Mendebaldeak Ukrainan duen parte hartzeagatik, Errusia «mugatu, kontrolatu eta egoera larriagotu» egiten duelako. Ildo beretik, Mendebaldeari egotzi dio «espazio geopolitikoan arau hausteak egitea». Azkenik, Lavrovek Kremlinen baieztapena berretsi du; alegia, Ukrainako ekialdeko Donbass eskualdeko biztanleak «naziengandik» askatu behar direla. Errusiaren eta Ukrainaren arteko bake elkarrizketetan bitartekaritzaz hitz egiteari dagokionez, berriz, «goizegi» dela dio. Halere, gogorarazi du Moskuk «konpromisoa» duela Kievekin negoziazioen bidez irtenbide diplomatiko bat lortzeko.

Atzo ere ezkor mintzatu zen Lavrov gerraren inguruan, Errusiako telebista kate bati emandako elkarrizketa batean. Ohartarazi zuenez, gerra nuklearraren arriskua «larria da, benetakoa, eta ez da gutxietsi behar», Interfax agentziak jasotakoaren arabera. Horrez gain, Errusiako Atzerri ministroak Kuban 1962an bizi izandakoarekin alderatu zuen gaur egungo nazioarteko egoera: Gerra Hotzeko tentsio handieneko garaietako batekin, hain zuzen ere. «Une horretan arau gutxi zeuden, soilik arau idatziak», zehaztu zuen, «baina jokabide arauak nahiko argiak ziren: Errusiak argi zuen AEBak nola jokatzen ari ziren, eta Washingtonek argi zuen nola jokatzen ari zen Mosku. Gaur egun, ordea, oro har, arau gutxi geratzen dira».

Errusiako Atzerri ministroak adierazpena egin eta gutxira erantzun zion Ukrainako haren homologo Dmitro Kulebak. Haren esanetan, Errusiak gerra nuklearra pizteko aukeraz hitz egiten duenean, Ukrainako borroka «galtzen» ari dela sentitzen duelako da. «Errusiak mundua izutzeko azken itxaropena galdu du, Ukraina babes ez dezan. Hori dela eta, hirugarren mundu gerrako arrisku 'erreal' bati buruz hitz egin da», esan zuen, txio bidez.

Eta Zelenskik goizaldean bidalitako azken mezuan dio Errusiak guda «galdu» egingo duela. Halaber, adierazi du Ukrainako armadak jada lortu duela Errusiako tropek okupatutako 931 kokaleku askatzea. «Gerra hau benetan herri gerra bihurtu da Ukrainarentzat. Eta erakutsi dugu ideia ukrainarra ere indartsua dela, baita herrialde osoan ere: ekialdetik mendebaldera, eta iparraldetik hegoaldera», zehaztu du. «Baina ez dut zalantzarik denbora kontua baino ez dela izango gure lurraldea askatzea».

Errusiaren erasoaldiari erantzunez, Mendebaldeak Ukraina armaz hornitzen jarraitzen du. Hain zuzen ere, Alemaniak iragarri du Ukrainari lehen aldiz Gepard motatako tankeak bidaliko dizkiola. Hala berretsi du Christine Lambrecht Alemaniako Defentsa ministroak, Ramsteingo (hego-mendebaldea) aire base estatubatuarrean egindako konferentzia batean. Bertan izan dira, besteak beste, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkaria, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusia, Europako Batasuneko herrialde gehienetako defentsa ministroak eta Ukrainako Defentsa ministroa.

Bada, Errusiako Atzerri ministroak adierazi du Ukraina mendebaldeko arma biltegiak, Mendebaldeak bidaliak, helburu «legitimoak» direla Errusiako armadarentzat. «NATO Errusiarekin gerran sartzen bada ordezkari baten bidez eta ordezkari hori armatzen badu, orduan dena da bidezkoa». Bidenabar, Lavovek ohartarazi du Ukrainari armak bidaltzea AEBen «garbitasun faltaren beste adibide bat» dela, nazioarteko zuzenbidearen baldintzak «urratzen» dituzten bitartean.

Finlandia eta Suedia, NATOtik gero eta gertuago

Finlandiak eta Suediak maiatzean iragarriko dute NATOrako hautagaitza, tokiko komunikabideek jakinarazi dutenez. Finlandiako Iltalehti egunkariak baieztatu du bi herrialdeetako buruzagiak maiatzaren 16ko astean bilduko direla aliantza militarreko hautagaitza iragartzeko. Stockholm eta Helsinki aspalditik ari dira neutraltasun militarreko politikak aplikatzen, haien ondoko herrialdeekin gatazkak nolabait saihesteko.

Baina Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak hil honen hasieran Suediara egindako bisita batean esan zuen «dena aldatu» zela Errusiak Ukrainari eraso zionean, eta kazetariei esan zien Helsinki «Errusiaren era guztietako ekintzetarako prest» egon behar zela.

Aftonbladet Suediako hedabideak gaineratu zuen AEBek eta Erresuma Batuak segurtasun arloan laguntza ematea adostu dutela, eta, bi herrialde horien laguntzari esker, Eskandinavian tropa kopurua handituko litzateke, inteligentzia arloan lankidetza handiagoa izango litzateke, mehatxu zibernetikoen aurkako borrokan laguntza emango litzateke eta NATOren gerraontzien presentzia handiagoa izango litzateke Itsaso Baltikoan.

Hiru eraso Transnistriako Gobernuaren aurka

Transnistriako presidente Vadim Krasnoselskik salatu du atzoz geroztik gobernuaren aurkako hiru eraso jazo direla: azkena, Segurtasun Ministerioaren egoitzaren kontrakoa. Transnistria herrialde independente bat da de facto, nazioartean eragile gehienek estatu gisa aitortzen ez duten arren. Errusiarena da duen babesik garrantzitsuena, eta haren 2.000 tropa inguru hartzen ditu bere lurretan. Bada, eraso horien ondoren, baliteke Transnistriako errusiazaleek erabaki bat hartzea, Errusiako berri agentziaren arabera. Moskuk berak, segurtasun arrazoiak argudiatuta, lurralde horren independentzia aitortzea izan daiteke aukeretako bat, otsailean Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikekin egin bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.