PEGASUS PROGRAMA

Kargudun publikoak «agindu judizialpean eta banaka» zelatatu zituela esan dute CNIren inguruko iturriek

'El País' egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, argitara atera den informazioa ez da zuzena, eta zelatatutakoen zerrenda «askoz txikiagoa» da. Bolañosek esan du Espainiako Gobernuak «kontzientzia oso lasai» daukala

Felix Bolaños, gaur eman duen prentsaurrekoaren ondoren. J.J GUILLEN/EFE
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 26a
15:34
Entzun

Agindu judizialpean zelatatu zituen CNI Espainiako zerbitzu sekretuak hainbat politikari euskaldun eta katalan, eta, gainera, banaka zelatatu zituzten, ez «bereizi gabe». Hori aldezten dute Espainiako zerbitzu sekretuen «hurbileko iturriek», El País egunkariak filtratutako informazioaren arabera. Egunkariak azaldu duenez, iturri horrek ez du baieztatu zeintzuk izan ziren, erakundearen arabera, zelatatu zituzten pertsonak. Hala ere, esan du The New Yorker kazetak argitaratu duen zerrendako asko ez dituztela zelatatu, eta, horrenbestez, espioitza kasuen biktima izan direnak askoz ere gutxiago direla.

Hala ere, iturri horiek onartu dute azken urteotan kataluniako elkarte independistetako buruak «jomuga informatibo» izan dituela CNIk. Esan dutenez, buruzagi independentistak zelatatzeak badu arrazoi bat: CNIko barne araudian ageri denez, «Espainiako lurraldetasuna edozein mehatxutatik babestea» da zerbitzu sekretuen helburuetako bat. Iturriek ez dute argitu Kataluniako Generalitateko lehendakaria izandakoren bat jomugatzat izan duten ala ez, baina esan dute atzemandako sakelakoak ez direla «instituzionalak» izan. Hau da, ez dira beren jarduera publikoak egiteko erabili diren sakelakoak, baizik eta telefono partikularrak, «indarkeria erabiltzen duten taldeekin harremanetan jartzeko» erabili direnak —esaterako, CDR Errepublikaren defentsarako batzordeak aipatu dituzte—. CNIren inguruko iturrien arabera, talde horiek zelatatzen ari zirela iritsi ziren kargu publikoen sakelakoetara, haiekin komunikatzen zirelako.

El Pais-ek informazio hori argitaratu ondoren, Jon Iñarrituk «erantzukizuna» eskatu dio Espainiako Gobernuari, SER irratian egin dioten elkarrizketa batean: «Ez dugu nahi gobernu hau pikutara joaterik, baina eskandalu honen aurrean ondokoa esan nahi diogu: jokatu erantzukizunarekin». Egunkariak argitaratutako informazioaren inguruan, gainera, Iñarrituk uste du gako batzuk ematen dituela Espainiako Gobernuak emango duen betsioaren inguruan: «Espioitza kasu batzuk gezurtatuko dituzte. Eskandalu bat da, eta ez dira argitzen ari horren atzean zer dagoen. Ziur nago ez dagoela baimen judizialik kargu publikoak edo abokatuak zelatatzeko».

«Barne ikerketa»

Kataluniako Generalitateko kontseilari Laura Vilagrarekin bilera egin zuen Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak igandean, gertatutakoaren inguruan hitz egiteko. Bilkuraren ondoren, espioitza kasu horiek argitzeko lau neurri iragarri zituen: barne ikerketa bat abiaraztea CNI Espainiako zerbitzu sekretuetan, Espainiako Kongresuan Sekretuen Batzordea eratzea, Espainiako arartekoari bidea erraztea berak ere gertatutakoa iker dezan, eta ikerketarako beharrezkoak diren dokumentuak desklasifikatzea.

Iñarrituri, ordea, ez zitzaion nahikoa iruditu neurri horiek hartzea, eta egoera horren arduradunak «atoan» kargutik kentzeko eskatu zuen. Bolañosek gaur eman du horri buruzko erantzuna, ministroen kontseiluaren osteko agerraldian: «Funtsezkoa da aurreiritzirik ez izatea, eta pausoz pauso joatea. Lehenengo eta behin, argitu dezagun CNI barnean gertatu dena». Horrez gain, gehitu du Espainiako Gobernuak «kontzientzia oso lasai» daukala, beti «legearen barruan» jokatu duelako. Horrez gain, sekretu ofizialen batzordea sortzeko beharrezkotasunaz ere hitz egin du Bolañosek: «Ez du ezertarako balioko gai honen inguruko ikerketa batzorde bat eratzeak. Bertan deklaratuko dutenek ezin izango dute ezer esan, sekretupeko informazioa delako».

Sekretupeko batzordea

Izan ere, Senatuko osoko bilkurak gaur eztabaidatu eta bozkatuko du gisa horretako ikerketa batzorde bat sortzea, Pegasus programaren bidez egindako espiotza kasu horiek ikertzeko. Senatuan ERC, JxCAT eta EH Bilduko 21 senatariek egindako eskaeraren harira aztertzen ari dira batzordea sortzea. Hala ere, alderdi horiei lau sinadura falta zitzaizkien ikerketa batzorde bat sustatzeko erregelamenduak eskatzen duen gutxienekora iristeko; EAJri eskatu zizkien falta ziren sinadura horiek— jeltzaleek hamar aulki dituzte—.

Horren ordez, Espainiako Gobernuak Sekretuen Batzordea sortu nahi du Kongresuan, espiotza kasu horiek ikertzeko. Orain arte, batzorde horretan parte hartzen duten alderdiak gehiengo kalifikatuaren bidez izendatzen ziren—erabaki jakin batzuk hartzeko lortu behar da gehiengo hori, eta gehiengo absolutuaren muga nabarmen gainditzen du—, baina orain, Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidenteak proposatu du batzordeko partaideak aukeratzeko metodoa aldatzea. Hain zuzen, gehiengo absolutuaren bidez aukeratzeko proposamena luzatu du; horrela, EH Bildu eta ERCk modua izango lukete batzordean parte hartzeko. Gobernuak, PSOEk eta Podemosek ekinaldi horren alde egin dute; Vox eta PP, ordea, aurka agertu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.