Albistea entzun

Zientzia

Ane Portillok jaso du dibulgazio artikulu orokorraren CAF-Elhuyar saria

CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte. Merezimendu saria Elhuyarren sortzaileentzat izan da, hura martxan jarri zutenetik 50 urte igaro direnean

Ane Portillo, saria jaso berritan, Donostian.
Ane Portillo, saria jaso berritan, Donostian. Irati Urdalleta Lete Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko apirilak 27 21:43

Kultura zientifikoa sustatzea dute xede CAF-Elhuyar sariek. Horretarako, gai zientifikoak eta teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaileen, ikertzaileen eta sortzaileen lana aitortzen dute, eta gaur jakinarazi dituzte sarien irabazleak, Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian. Sarituak bata bestearen atzetik igo dira oholtzara: Ane Portillo, Amaiur Esnaola, Jon Villapun, Maider Ibañez, Jon Goikouria, eta Arantzazu Luzarraga. –Fatima Villak ere hartu du parte, baina online bidez aritu da bera, Bostonen baitago–. Aurten Elhuyarrek mende erdia betetzen duenez, sariak banatzeaz gain, lau zientzialari gazteren hitzaldiak entzuteko aukera ere egon da.

CAF-Elhuyar sariketa Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak lelopean egin dute. Ane Portillorentzat izan da dibulgazio artikulu orokorraren saria, Emakumeen libidoaren heriotza: Epaiketa garaia izeneko artikuluarengatik. Hiru arrazoi nagusirengatik eman diote: aukeratutako gaia ez delako ohikoa, artikuluaren narratiba «oso originala» delako eta irudi batzuk egileak berariaz sortuak izateak «balio handiagoa» ematen diolako.

Doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren kategorian, Amaiur Esnaola izan da garaile. Gaueko bake frenetikoan dantzan segi dezan lana saritu dute epaimahaikideek, «artikuluak ondo biltzen dituelako ikerketa eta ondorioak». Halaber, nabarmendu dute «modu atsegin eta erakargarrian» idatzita dagoela, «idazketa egokiarekin» eta argazkiek «balio erantsia» ematen diotela.

Aldiz, hiru irabazle izan ditu zientzia kazetaritzako sariak: Jon Villapun, Jon Goikouria eta Maider Ibañez. Geuria aldizkarian argitaratutako Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak lanagatik jaso dute saria. Epaimahairen esanetan, «sakona bezain atsegina» da. Eta badu xede bat ere: «Ondo betetzen du bere helburua; alegia, gure inguruan ditugun altxorrak deskribatuz haienganako kezka piztea eta haiek kontserbatzeko premia nabarmentzea».

Lehen sektoreko lanak ere saritu dituzte, Neiker saria emanez. Fatima Villak eskuratu du Zer diotso sagarrak jogurtari? lanarekin. Hauxe epaimahaiak eman duen argudioa: «Xahuketaren gaiari heltzen dio, eta, alde horretatik, gaur egungo behar bati erantzuten dio. Digitalizazioan oinarritzen da, eta kate osoa hartzen du kontuan. Didaktikoa da, ondo idatzita dago». Eta aurrera begira dagoela: «Etorkizunerako proposamen gisa planteatzen du, baina egingarria da; aplikagarritasun handia du». Saritu guztiek 2.000 euro eta Imanol Andonegiren eskultura eskuratu dituzte.

Beka, Arantzazu Luzurragari
Sariekin batera, sorkuntza beka ere eman dute, 5.000 eurokoa, zientzia eta gizartearen arteko zubi lana egiten duen proiektuak bultzatzeko. Arantzazu Luzarragarentzat izan da, Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektua garatu eta gizartera zabal dezan. Epaimahaikideek iritzi diote gaurkotasuneko gai bat lantzen duela, eta, aldi berean, «proiektu originala» dela: «Gai zientifiko batetik abiatuta, sorkuntza lan erakargarria proposatzen du. Gainera, sakon eta xehe azaltzen du nolakoa izango den prozesua; horrek egingarritasuna bermatzen du».

Amaitzeko, Elhuyar fundazioaren patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu saria banatu du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzen dituena. Aurten Elhuyarren 50. urteurrena izaki, haren sortzaileentzat izan da. Iñaki Azkunek, Felix Azpirozek, Juanjo Gabiñak, Jesus Mari Goñik, Andoni Sagarnak, Mikel Zalbidek, Luis Mari Bandresen alargun Maite Moneok eta Kepa Zalbideren alaba Uxue Zalbidek jaso dute aitortza.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gotzone Sagardui, Eusko Legebiltzarrean. ©Raul Bogajo / Foku

Donostia aldeko ESIan «pertsonen aldaketa bat» behar zela nabarmendu du Sagarduik

Jon O. Urain

Sailburuak azaldu du zuzendaritza berriak eta Osakidetzako buruzagiek «ikuspegi bera» dutela, eta «gertaera kate baten» ondorioz beharrezkoa zela Donostia aldeko ESIko zuzendaritza aldatzea.

Rebeka Ubera eta Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian ©Raul Bogajo/ Foku

Sagarduik ez luke karguan segi beharko, EH Bilduren arabera

Edurne Begiristain - Julen Aperribai

Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C’s-k agerraldi bat egiteko eskatu diote sailburuari Eusko Legebiltzarrean. PP+C's-ek Sagardui kargutik kentzeko eskatu dio lehendakariari.

Azken agurra Jakes Abeberriri

Jakes Abeberri ehortzi eta omendu dute Miarritzen

Oihana Teyseyre Koskarat

Txiki gelditu da Santa Eugenia eliza. Pasa den astean hil zen, 92 urte zituela.

Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk

Ion Orzaiz - Paulo Ostolaza

Gutun batean, osasun zerbitzu publikoaren zuzendaritzaren dimisioa eskatu dute, zentzugabeko kudeaketarengatik, eta «sektarismoa eta trakeskeria» leporatu dizkiote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.