Lan gatazkak

Bizkaiko epaitegietako garbitzaileek martxoan hasitako greba utziko dute

Sacyr enpresa kontratatzailearekin akordio bat lortu dute kaleko garbitzaileekiko soldata arrakala hiru urtean murrizteko.

Bizkaiko epaitegietako garbitzaileen protesta bat. ELA
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 28a
11:32
Entzun

Greba egunak izan dituzte aste honetan Bizkaiko bulegoetako garbitzaileek eta Gipuzkoako aldundikoek, haien soldatak igotzeko eta kaleak garbitzen dituztenekin alderatuta duten soldata arrakala txikitzeko. Helburu hori lortu dutelakoan, greba utziko dute berriz Bizkaiko epaitegietako garbitzaileek.

ELAk jakinarazi duenez, akordioa lortu dute lan hori azpikontratatuta duen enpresarekin, Sacyr Facilityrekin. ELAk arrakastatzat jo du: «Akordioarekin ELAk soldata arrakala murriztea lortu du, bai soldatetan, bai kontratu partzialetan. Ia 2.500 eurokoa zen epaitegietako garbitzaileen eta balio bereko kale garbiketak egiten dituzten Gipuzkoako sektore maskulinizatuaren arteko aldea. Martxoaren 21ean hasitako grebari esker, alde hori murriztea lortu dute hiru urtean, 2022tik 2024ra».

Grebalarien beste eskaera batzuk ere beteko ditu enpresa kontratatzaileak: hala nola lanaldi partzialeko kontratazioa duintzea, ia esklusiboki emakumeei zuzendutako kontratazio mota izaki, eta lanpostu hutsuneak betetzeko eta lan poltsak sortzeko konpromisoa. Akordioaren barruan sartzen dira, halaber, akordioaren aurrerako eragin mugagabea, adostutako baldintzak ez aplikatzea eragozten duten klausulak eta lan baldintzen funtsezko aldaketa dakarten prozedurak aplikatzeko ezintasuna.

ELAk langileak zoriondu nahi ditu egindako borrokagatik. «Borroka hori beste urrats bat da feminizatutako sektoreek jasaten duten diskriminazioaren aurka. Borroka horrek Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmen sektorialaren negoziazioan ere hainbat erreferentzia ezartzen laguntzen du, eta Guggenheimeko langileena, kasurako, ELAren garbiketako soldata arrakalaren aurkako kanpainaren barruan dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.