Basurtuko ospitaleko bihotzeko kirurgiako zirujauek zerbitzua ixtearen kontra egin dute

Ohartarazi duenez, Basurtuko bihotzeko kirurgia kentzeak «oso eragin negatiboa izango du» herritarren osasunean, eta, besteak beste, pazienteak osasungintza pribatura bideratzea eragingo du.

Basurtoko ospitaleko langileek itxieraren aurka egindako protesta bat, martxoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 28a
12:56
Entzun

Osakidetzak bi ospitaletan ematen du bihotzeko kirurgiako zerbitzua, Basurtukoan eta Gurutzetakoan. Aldaketak egon daitezke, ordea. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila aztertzen ari da zerbitzua bat egin eta Gurutzeko erietxean soilik eskaintzea. Baina kontra ditu Basurtuko bihotzeko kirurgia zerbitzuko zirujauak, uste baitute «erabaki oso negatiboa» izango dela herritarren osasunerako, eta proiektuak «porrot» egingo duela. Hori horrela, proiektua berriz aztertzea galdegin diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari. Basurtuko «ia zerbitzuburu guztiek» —zehazki 39k— sinatutako gutun baten bidez eman dute beren jarreraren berri.

Oharrean azaldu dutenez, Basurtuko bihotzeko kirurgiako zirujauek eta Osasun Sailak bilera bat izan zuten oan den astean, zirujauek eskatuta. Ez dute gustuko bertan jasotakoa. Haien esanetan, ez diete jaramonik egin herritarrei —gogorarazi dute erabakiaren kontrako 53.000 sinadura bildu dituztela—, ezta ospitaleko langileen «gehiengoari» ere, arduradun politikoek Basurtuko ospitaletako bihotzeko kirurgia zerbitzua kentzeko asmotan jarraitzen baitute.

Proiektuak aurrera jarraituz gero, kardiologiako artan eragina izango duelakoan daude langileak. Eta onerako ez dela izango iruditzen zaie. Salatu dutenez, Osakidetzako ospitale bakarrak eskainiko du zerbitzua, «irisgarritasuna murriztuz» eta «pazienteei bigarren iritzia jasotzeko duten aukera kenduz». Gainera, ebakuntza gela gutxiago egongo direla esan dute, eta, horrenbestez, itxaron zerrendak luzeagoak izango direla. Halaber, ohartarazi dute Basurtuko ospitaleak kardiologiarako dituen «zenbait teknika aurreratu» kenduko dituztela, teknika bateratuak ezingo dituztela eskaini, bi ospitaleen jarduera ezingo dela areagotu, eta Basurtuko ospitaleko beste zerbitzu batzuetan eragin negatiboa izango duela. Osasun pribatuaren mesedetan izango da, osasun langileen arabera: gaixoak osasun pribatura bideratuko dituzte, itxaron zerrenden ondorioz. «Azken finean, erabaki oso negatiboa da Euskadiko herritarren osasunarentzat».

Bihotzeko kirurgiako zirujauek nabarmendu dute orain arte jarrera «zuhurra» izan dutela eta «hitz egiteko prest» egon direla. Orain, ordea, Osasun Sailarekiko desadostasuna erakustea erabaki dute, proiektuak «porrot» egingo duelakoan daudelako. Horrenbestez, eskatu dute berriz aztertzeko, aldaketak eragingo dien profesionalen ekarpenak eta Basurtuko ospitaleko bihotzeko kirurgia zerbitzuak dituen emaitzak abiapuntutzat hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.