Gerra Ukrainan

Guterresek Errusiari eskatu dio Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean aritu dadila, «gerra krimenak» ikertzeko

NBEko idazkari nagusia Butxa, Borodianka eta Irpin hirietan izan berri da, Zelenskirekin batzartu aurretik, eta esan du gerra «zentzugabea» dela XXI. mendean. Errusiako armadak kontrolpean duen Kherson hirian errubloa erabiltzen hasiko dira igandetik aurrera. Stoltenbergek ziurtatu du Suedia eta Finlandia NATOn sartzeko prozesua «azkarra» izango dela.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres, gaur, Borodiankara egindako bisitan, Kiev oblastean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 28a
13:17
Entzun

«Gerra zentzugabea da XXI. mendean. Gerra gaiztoa da, eta ez da batere onargarria. Gure bihotza, noski, biktimekin dago, doluminak familiei». NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek hitz horiekin laburbildu du gaur goizean Borodianka eta Butxa herrietara (biak Kiev oblastean) egindako bisita, bonbardaketetan suntsitutako eraikinei so egin ostean, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batzartu aurretik, hiriburuan. Hil honen hasieran, Ukrainak salatu zuen bi herri horietan seiehun zibilen baino gehiagoren gorpuak aurkitu zituela kalean, «Errusiako tropak Kiev oblastetik erretiratu ondoren». Kremlinek, berriz, behin baino gehiagotan ukatu ditu akusazioak, zabaldutako irudiak Ukrainako zerbitzu sekretuek antolatutako «probokazio» ekintza bat direla argudiatuta.

Nolanahi ere, Guterresek eskatu du «ikerketa independente eta eraginkorrak» egin daitezela Kieveko eskualdean zer jazo den jakiteko, eta, era berean, Errusiari galdegin dio «gerra krimenak» ikertzen laguntzea. «Nazioarteko Zigor Auzitegia erabat babesten dut, eta Errusiako Federazioari dei egiten diot Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean aritzeko. Baina gerra krimenez hitz egiten ari garenean, ezin dugu ahaztu gerra bera dela krimenik okerrena».

Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu ondotik, Guterresek berretsi du NBEk «baliabide guztiak» eskainiko dituela Errusiako tropek Mariupol hirian (Donetsk oblasta) setiatua duten Azovstal altzairutegian gotortutako mila bat zibil salbatzeko eta korridore humanitario seguruak irekitzeko. Hain zuzen ere, Osnat Lubrani NBEk Ukrainan duen koordinatzaileak ostegun honetan iragarri duenez, Zaporizhiara (hegoaldea) joango da Mariupolgo herritarrak ebakuatzeko saiakera bat prestatzeko. Hori bai, Donetsk eskualdeko gobernadore Pavlo Kirilenkok adierazi du Errusiak ez diela utziko Azovstaleko altzairutegitik irteten Ukrainako soldadu zaurituei.

Errusiako Gazprom konpainiak Poloniari eta Bulgariari gas hornidura eten diela eta —errublotan ordaintzen ez dutela argudiatuta—, Zelenskik esan du Mosku munduko prezioen «krisia» eragiten ari dela. Gauero zabaltzen duen komunikatuan adierazi duenez, Errusiaren helburua da oinarrizko merkatu guztietan «kaosa» piztea, batez ere elikagaien merkatuan. Bide beretik jo zuen atzo Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek ere, eta gas hornidura moztuz «xantaia» egitea egotzi zion Errusiari. Errusiak esan du gas hornidurak etengo dizkiela beste herrialde batzuei ere, ez badute errublotan ordaintzen. Von der Leyenek, ordea, oroitu zuen Europako Batasuneko kide diren estatuek ordainketak dolarretan edo eurotan egin behar dituztela Errusiarekin. Ohartarazi zuen, gainera, errublotan ordaintzen duten konpainiak Kremlini ezarritako zigorrak urratzen ariko liratekeela, eta Bruselak auzitara eramango lituzkeela.

Bada, Hungariako Gobernuak gaur baieztatu du Errusiak martxan jarritako ordainketa sistema erabiliko duela petrolioaren eta gasaren inportazioak errublotan ordaintzeko, Ukrainaren inbasio militarragatik Moskuri ezarritako zigor sortaren ostean. Peter Szijjarto Hungariako Atzerri ministroak Budapesten erabakia defendatu du AEBetako CNN telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. Hungariak Errusiatik inportatzen ditu gas horniduraren %85 eta petrolio horniduraren %65.

Errubloaren balioari eutsi nahian, Errusiako armadak kontrolpean duen Kherson hirian (hegoaldea) Errusiako dirua erabiltzen hasiko dira igandetik aurrera, Errusiako TASS berri agentziak jasotakoaren arabera. Errubloa bakarrik indarrean sartu aurretik, lau hilabeteko trantsizioa egingo dute, eta aldi berean errubloa eta grivna erabiliko dira, Ukrainako dibisa.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenberg, berriz, Europako Parlamentuko ordezkariekin batzartu da goizean, Bruselan. Stoltenbergek ziurtatu du Suedia eta Finlandia aliantza militarrean sartzeko prozesua «azkarra» izango dela. Azpimarratu duenez, Eskandinaviako bi herrialde horiek NATOren «bazkide estuak» dira, eta euren indar armatuak aliantzarekin trebatuak eta arituak. Berraz, Stoltenbergek esan du aurrez badakitela NATOk ezarritako baldintzak «betetzen» dituztela. Litekeena da Finlandiak eta Suediak maiatzaren 16ko astean egitea eskaera; hain zuzen ere, NATOko Atzerriministroak maiatzaren 14an eta 15ean bilduko dira, Berlinen.

Errusiak eta Finlandiak 1.300 kilometroko muga dute, eta Moskuk esana du Helsinki eta Stockholm aliantza militarrean sartzen badira «arma nuklearrak» eta «misil hipersonikoak» jarriko dituela Itsaso Baltikoan. «Eraso hibridoen» beldur ere badira Eskandinaviako bi estatu horietan. Hala, Stoltenbergek iradoki du NATOra sartzeko prozesua burutu bitartean ere aliantza militarraren «babesa» izango dutela.

Putin: «Oso bizkor erantzungo dugu»

Moskuk gaur ere oharra bidali dio Mendebaldeari. «Bere pazientziarekin jolasean ez ibiltzeko» eskatu dio Maria Zakharovak, Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak. Kremlineko eledun Dmitri Peskovek ere berretsi du Europako herrialdeek Ukrainari emandako arma astunak «mehatxu bat» direla kontinenteko segurtasunerako. «Ezegonkortasuna eragiten duten ekintzak dira», adierazi du, bere eguneroko prentsaurrekoan. Kremlinek apirilaren 20an Kievi bidalitako bakerako zirriborroaren inguruan, berriz, Errusiako Atzerri ministroak adierazi du Errusiak oraindik ez duela Ukrainaren erantzunik jaso.

Ukrainaren inbasioa ikusirik AEBek, haien aliatuek eta Europako Batasunak Moskuri ezarritako zigorrei dagokienez, Putinek atzo San Petersburgon egindako agerraldian esan zuen Errusia «ekonomikoki itotzeko» saiakerak «porrot» egin duela. Bestalde, ohartarazpen argia eta zuzena igorri zion Mendebaldeari: «Ukrainako gatazkan esku hartzen saiatzen denari oso bizkor erantzungo diogu». Haren esanetan, Moskuk «tresna guztiak» ditu erantzuteko. «Behar izanez gero, erabili egingo ditugu, eta denek jakitea nahi dut».

Errusiako agintariak berretsi zuen «operazio militar bereziaren» helburuak «baldintzarik gabe» beteko direla, eta azpimarratu zuen «Donetsk, Luhansk, Errusiako Krimea eta Errusia osoaren segurtasuna bermatu» nahi dituela, «ikuspegi historiko batean» oinarrituta. Gainera, Errusiaren inbasioak Errusiaren «benetako arriskua» eragotzi duela ziurtatu zuen. «Adorez, erabakitasunez eta heroismoz, gure lurraldean gertatuko zen gatazka handi bat eragotzi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.