Atzeko aurrera

«Aterkirik ez, Prudentzio!»

San Prudentzio eguna ohiko formatuan ospatu dute arabarrek, bi urteren ondoren. Eguraldiak eutsi egin dio, eta ez dute euritakoaren beharrik izan. Berriz elkartzeko eguna izan da.

Armentiaren inguruak, gaur goizean, San Prudentzio egunaren ospakizunetan. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2022ko apirilaren 28a
18:32
Entzun

«Din-dan, din-dan», kanpai hotsak lehenengo, eta Agur, Jaunak-en doinuak txistuarekin eta danbolinarekin gero, ordezkari politikoei ongietorria egiteko. Bi urteko etenaren ondotik, San Prudentzio eguna ohiko formatu eta egitarauarekin berreskuratu baitute arabarrek, eta nabari da kasik ilusio hori lehen doinuetatik. Hainbestekoa da festarako gogoa, ezen euriaren mehatxuari ere aldarte onarekin erantzun baitiete gehienek. «Aterkirik ez, Prudentzio!», erregu egin dio Fernando Diaz de Aldak patroiaren irudiari, barrezka, urteroko argazkia egiten ari den bitartean. Santuaren ospeaz jakitun, festa gosea ez zapuzteko ohartarazi dio. «Ea zeruak eusten digun; hori da garrantzitsuena. Gainontzean, erroskillarik gabe joango gara etxera», esan du.

Goizean goiz hasi dute eguna askok, halere. Aurreko eguneko erretretaren eta danborradaren biharamunik gabe, Probintzia plazan Arabako zortzikoa entzunda ekin dio Armentiarako bideari Xabier Iñigok, esaterako. «Berandu habil, dagoeneko!», bota dio lagunari. Lehen orduan egin ditu erosketak berak, jende pilaketa handirik ez zegoela aprobetxatuta. «Goizeko hamarretarako hemen nintzen», aitortu du. Euskal pastela eta erroskillak erosi ditu. «Azokara goiz etorri behar da produktu onak eskuratu nahi badituzu», azpimarratu du.

Jorgek eta Asunek ere nahiago izan dute erosketak egin aurrena, jan-edanari ekin baino. Perretxikoak erosi dituzte: «Urtean behin gutxienez erosi behar dira». Prezioek nabarmen egin dute gora alor guztietan, eta jakiei ere eragin die igoera horrek, nola ez: 58 euro balio du perretxiko kiloak. «Tira, gutxi batzuk erosi ditugu; gula kentzeko baino ez».

Eguerdia baino lehen egin dituzte ekitaldi ofizialak, hain zuzen: prozesioa egin dute santuaren omenez eraikitako baselizan lehenengo, meza jarraian, eta ohorezko aurreskua dantzatu dute gero, tradizioak agintzen duen moduan. Agintari guztiak izan dira bertan, baina Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia izan da guztien buru. Jendetza batu da ekitaldi horiek ikusteko.

Baselizaren inguruak lepo bete dira pixkanaka. Ateri eta giro epela lagun, errepidetik ari da jende gehiena joan-etorrian; zelaian inor gutxi dabil, hori bai. Herri kirolen ikuskizuna hasi denean soilik hurbildu da jende gehiena soropilera, eta bat baino gehiago damutuko da akaso zapatilak lokatzez zikinduta eramango dituelako etxera.

Baina egunak merezi du. Ilusioa eta poza dira gehien entzuten diren berbak, nola herritarren ahotan, hala saltzaileenetan. Pozik, esaterako, bi urteren ondoren azokara itzultzearekin Ane de la Cruz Bilboko erroskilla saltzailea: «Oso ondo joan da goiza; ez gara kexatuko; jendeak eskertu digu». Ilusioz jaia berreskuratu izanarekin Xabier Aizpeolea Gorbeialdeko gazta saltzailea: «Gogoz geunden; hau gure festa da, arabarron festa». Eta gustura bezeroekin berriz elkartzeko aukera izateagatik Leire Belaustegi Goiuri gozotegiko arduraduna: «Eguraldia, krisia... aitzakiak aitzakia jendetza dabil. Festa gosez dago jendea, erosketak egiteko eta disfrutatzeko gogoz. Gozamen hutsa da hau; ederra izaten ari da».

Tradizio eta usadio orok du lehen aldi bat, nolanahi ere. Eta horren adibide dira Etxaniz-Zubizarreta familiako hiru gazteenak: Asier, Eneko eta Oier. Aurreneko San Prudentzio eguna izan dute aurtengoa hirurek. «Donostiarrak gara gu izatez, eta hirurak txiki-txikiak zirenean etorri ginen Gasteizera bizitzera. Pandemia tarteko, ez dute ospakizuna ezagutu gaur arte», azaldu du Maria Zubizarreta, gaztetxoen amak.

Errenteriako (Gipuzkoa) Saldiasko talogileen salmenta postuaren aurrean dago familia, mokadu bat jateko asmoz. Taloa nondik datorren eta nola egiten den azaldu die Ander aitak hiru semeei. Probatu ere egin dute: Oierrek aurpegiarekin keinu egin du, gustatu ez zaionaren gisan; Enekok ere zalantza egin du, eta nahiago du txistorra bakarrik jan. «Niri bai, niri gustatu zait», esan du, aldiz, Asierrek.

Gazitik eta gozotik: denetarik dago Armentiako salmenta postuetan, hala ere. Eta egarri denak ere badu zerekin ase. Hori baita Armentiako gunearen eta San Prudentzio egunaren bereizgarrietako bat: inor etxera tripa hutsik joaten bada, ez dadila izan non aukeratu ez daukalako. Ez, behintzat, bazkaltzeko barraskiloak jateko ohitura dagoen herrialdean.

Egitarauari dagokionez ere, adin eta gustu guztientzako ekintzak daude ospakizunaren inguruan: musika kontzertuak, dantza saioak, kirol ikuskizunak... Eta Armentiako festa gunearen bihotzetik kanpo ere badago zertaz gozatu.

Festak ez du etenik izango datozen egunetan Araban. Igandean Estibalizko Andre Mariaren egunaren ospakizunak izango dira, eta orduan ere izango da zertan gozatu. Bi urte gehiegi baitira ospakizunik gabe, zeruari begira denbora galtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.