Pilota

Altuna eta Ezkurdiaren arteko partida bertan behera utzi dute

Jokin Altunaren eskuak ez dira sendatu, eta epaileek garailetzat jo dute Joseba Ezkurdia, 22-0 emaitzarekin.

Jokin Altuna binakako txapelketako finalean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko apirilaren 29a
12:54
Entzun

Eskuzko Pilota Enpresen Ligako epaileak bertan behera utzi du Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak igandean Eibarren (Gipuzkoa) jokatu behar zuten partida, Altunak adierazi baitu ez dagoela jokatzeko moduan, eskuetan mina duela eta ez dela sendatu.

Borja Oses Garcia epaileak argudiatu duenez, esku huskako txapelketako araudiek ez dute aukerarik ematen partidak atzeratzeko. Horrez gain, azaldu du arautegiak zehazten duela pilotari batek ezin duenean jokatu final-laurdenetako hiru partidetatik bat partida hori galdutzat emango diotela, eta haren aurkariari garaipena, 22-0 emaitzarekin.

Beraz, hori da sailkapenerako geratuko den emaitza, eta epaileak gaineratu du ezin dela helegiterik jarri erabakiaren kontra.

«Tendoiaren parean dut bereziki puztuta eskua, eta min handia ematen dit. Airez jotzean han pausatzen dut pilota, eta, beraz, ezin dut horrela jokatu. Aurkariari eta ikusleei errespetua izan behar diet, eta, jokatuz gero, ez nituzke ezta hamar tanto ere egingo, eta, gainera, lesioak okerrera egingo luke», azaldu du Altuna III.ak.

Partida latza jokatu zuen Altunak joan zen igandean, Darioren aurka. 13-19 galtzen ari zen, baina amezketarrak buelta eman zion partidari, eta 22-19 irabazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.