Gerra Ukrainan

Ukrainak iragarri du Mariupolgo altzairutegiko zibilak ebakuatzeko saiakera egingo duela gaur

Putinek ziurtatu du zibilak irten daitezkeela altzairutegitik, baina nabarmendu du Ukrainako soldaduek armak utzi behar dituztela. Guterresek NBEko Segurtasun Kontseilua kritikatu du, gatazkaren konponbidean bitartekari lanak ez egiteagatik. Txinak AEBei egotzi die gerrak eragindako sua gehiago hauspotzea.

Mariupolgo Azovstal altzairutegia, Donetsk oblastean. MAXAR TECHNOLOGIES HANDOUT / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 29a
13:13
Entzun

Ukrainako Gobernuko agintariek iragarri dutenez, Errusiako tropek Mariupol hirian (Donetsk eskualdea) setiatua duten Azovstal altzairutegian gotortutako mila bat zibil ebakuatzeko saiakera egingo dute datozen orduetan, xehetasun gehiagorik eman gabe, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin batzartu eta biharamunean. Guterresek berretsi zuen NBEk «ahalegin guztiak» egingo dituela zibilak Mariupolgo altzairutegitik ateratzeko. Ukrainako presidenteak, berriz, nabarmendu zuen espero duela Mariupol «desblokeatzeko» ahalegina «arrakastatsua» izatea. Bada, Errusiako presidente Vladimir Putinek ziurtatu du zibilak irten daitezkeela altzairutegitik, baina nabarmendu du Ukrainako soldaduek armak utzi behar dituztela, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek adierazi duenez.

Guterres eta Zelenski atzo iluntzean agerraldi bateratua ematen ari ziren bitartean, Kieveko alkate Vitali Klitstxkok salatu zuen Errusiako tropek hiriburuko 25 solairuko etxebizitza eraikin baten aurka misilak jaurti zituztela, eta pertsona bat hil zutela; Radio Free Ukraina irratiko kazetaria da hildakoa, hedabide horrek berak gaur goizean ohar batean jakinarazi duenez. «Kieveko herritarrak etsaien erasoen mende daude oraindik ere. Putinek erdiko hatza erakutsi dio NBEri», idatzi zuen Klitstxkok Telegramen. Errusiako Defentsa Ministerioak, bestalde, bart gauean egindako erasoa baieztatu du gaur, eta ziurtatu du «zehaztasun handiko» misilak jaurti zituztela ustez helburu militarrak ziren eremuetara. Halaber, adierazi du Errusiako armadaren aire erasoek Ukrainako hamar militar gune kaltetu eta hiru azpiestazio elektriko suntsitu zituztela herrialde osoan. Horrez gain, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du Itsaso Beltzean itsaspeko bat erabili duela Ukrainako helburu militarren aurka oldartzeko, Reuters agentziak jasotakoaren arabera.

Errusiak Donbass eskualdea «askatzeko» lanean dihardu, eta azken egunotan tropak gogor bonbardatzen ari dira Kharkiv eta Izium hiriak, besteak beste. Bestalde, Kremlinek gaur goizaldean salatu du Ukrainako tropek mortero jaurtigaiekin eraso egin diotela Kursk probintziako postu bati, Ukrainako mugatik gertu. Bi aldeetako erasoen harira, Guterresek NBEko Segurtasun Kontseilua kritikatu zuen, gatazkaren konponbidean bitartekari lanak ez egiteagatik. Gogor mintzatu zen: «Segurtasun Kontseiluak porrot egin du, eta horrek etsipen eta haserre handia eragin dizkit». Ildo beretik, Mircea Geoane, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkariaren ondokoa, ezkor mintzatu zen atzo gerraren egoeraren inguruan, BBC hedabideari emandako elkarrizketa batean: «Argi dago datozen egun eta asteak erabakigarriak izan daitezkeela, baina gerrak luze joko du ziurrenik: asteak izan litezke, hilabeteak izan litezke, urteak ere izan litezke».

Moskuren erasoei erantzunez, AEBetako presidente Joe Bidenek Ukrainari 31,4 mila milioi euroko diru laguntza ematea eskatu zion atzo Kongresuari. Bada, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Zhao Lijianek Washingtoni egotzi dio gerrak eragindako sua gehiago hauspotzea, Europak eta nazioarteko komunitateak guda amaitzeko eskatzen duten bitartean. «AEBek Ukrainari dirua eta armak ematen dizkiete oraindik ere. Haren benetako helburua ez da bakea lortzea, gatazka jarraitzea baizik. Dioten moduan, beren helburua da Errusia ahultzea», zehaztu du.

Bien bitartean, errefuxiatuen ihesak ez du etenik, eta jada 5,4 milioi lagun baino gehiago atera dira Ukrainatik otsailaren 24an Errusiak inbasioa hasi zuenetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Horietatik ia hiru milioi pertsona Poloniak hartu ditu; Errumaniak, 810.000; Errusiak, 656.000; Hungariak, 514.000; Moldaviak, 441.000; Eslovakiak, 368.000; Bielorrusiak, 25.000. NBErentzat, gainera, gerrak 8,3 milioi iheslari eragin ditzake.

Finlandia eta Suedia

Ann Linde Suediako Atzerri ministroak ostiral honetan azaldu duenez, bere herrialdeak oraindik ez du erabaki NATOn sartuko den. «Alderdi politiko guztiekin eztabaidatu behar dugu parlamentuan», zehaztu du, Finlandiako haren homologo Pekka Haavistorekin batera egindako agerraldian. «Suediak eta Finlandiak NATOn sartzea eskatzen badute, erantzun positiboa jasoko dute», gaineratu du. Hain zuzen ere, aliantza militarreko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atzo ziurtatu zuen Stockholm eta Helsinki NATOn sartzeko prozesua «azkarra» izango dela, «hurbileko bazkide» baitira. Eskandinaviako bi herrialde horiek maiatzaren 16ko astean dira eskaera egitekoak. Horrekin lotuta, Suediako lehen ministro Magdalena Anderssonek baztertu zuen atzo bere estatua aliantza militarrean sartzeko aukerari buruzko erreferendum batera deitzea.

Azken inkesten arabera, aliantza militarrera batzearen aldeko iritzia hamar puntu igo da Suediako herritarren artean, Ukrainaren inbasioa hasi zenetik: %46 ingurukoa da orain; Finlandian %60ko babesa dauka. Finlandiako Gobernuak bihar aurkeztuko du segurtasunari buruzko txosten bat. Ostera, Kremlinek behin baino gehiagotan ohartarazi izan du erabaki horrek Europako egonkortasunari «kalte» egingo liokeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.