Ipar Irlandako hauteskundeak

Unionismoaren krisi existentziala

Belfast ekialdean, unionisten hiriburuko gotorleku elektoralean, ez da giro osteguneko Asanblearako hauteskundeei begira. Gogorik eza, kexak eta kritikak dira nagusi egun elektoral horretaz aritzerakoan; finean, hango herritarrentzat dena ez baita orain arte zen bezalakoa.

‘Titanic Langileak 401’ eskultura Harland & Wolff ontzioletako langileak oroitzeko egin zuten; Belfast ekialdeko Newtownards Roaden dago. ANDER PEREZ ZALA, BERRIEMAILE BEREZIA
ander perez zala
2022ko apirilaren 30a
16:57
Entzun

Bezero bati erosketa kobratu ostean, June zalantzati jarri da. Ez du gogo handirik datorren osteguneko Asanblearako bozez aritzeko. «Desberdinak? Hauteskunde hauek betiko kanta dira, hemen ez da ezer aldatzen. Dena aldatu beharra dago. Dena. Bi aldeek elkarri hitz egin behar diote, orain baino askoz ere gehiago. Hori egin ezean, ez goaz inora. Arazo handiak ditugu hainbat arlotan, eta horiek konpontzea ezinbestekoa da. Gehiago egin behar dute gure komunitatearentzat», esan du Belfast ekialdeko Glovers denda txikiko saltzaileak.

Ipar Irlandako unionismoak hiriburuan duen gotorleku elektoralean denetariko iritziak entzun daitezke egunotako kanpainaz eta bozez. Hori bai, guztiek diote gauza bat: adierazpen bakar bat ere ez dela itxaropentsua edo positiboa.

«Alderdi politikoez nazkatuta gaude», adierazi du Johnek, Newtownards Roaden barrena dagoen Union Jack Souvenirreko jabeak. Oroigarrien dendaren izenak ez du zalantzarako tarterik uzten, ezta dekorazioak ere: ziurrenik, Belfasten beste inon ezin da topatu tokirik Erresuma Batuko hainbeste bandera dituenik espazio hain gutxian.

Britainiartasuna ari du lokalean, eta elkarrizketatua umoretsu dago, hitz egiteko gogoz; ezin du ezkutatu urteotan sentitzen ari den dezepzioa. «Boz kate hau oso pisutsua da. A zer sufrimendua! Gainera orain [Ipar Irlandarako] protokoloaren afera dago...».

Erantzunak ematen hasi eta berehala, alboan dituen bi bezero isilik geratu dira, elkarrizketatuak dioena adi-adi entzuteko; argudiatzeak aurrera egin ahala, eta haien erreakzioak ikusita, badirudi solaskidearen ikuspuntu bera dutela. Batez ere honako hau aditzean: «Auzirik garrantzitsuena protokoloa da, bai. Ez zegoen horretarako beharrik. Ez gara beste herrialde bat; modu berean tratatu behar gaituzte».

Ipar Irlandako unionismoak beltz ikusten du etorkizuna; bat-batean, ingurura begiratu, eta ohartu baita dena ez dela orain arte zen bezalakoa. Uste hori sakondu besterik ez du egin Erresuma Batuko Gobernuak eta EB Europako Batasunak adosturiko protokoloak, eta gailendu den irudipena da Londresek brexit-a lehenetsi duela, eta ez herrialdearen batasuna, muga bat baitago Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean —oraindik erabat existitzen ez den muga, salgaien kontrolak atzeratzen ari baitira, Downing Streeten aginduz—.

Kasua edozein dela ere, protokolo hori kolpe morala, politikoa eta ekonomikoa izan da, Gloverseko saltzaile horren arabera: «Alderdiek [unionistek] egoeraren kontrola izan behar dute. Eskasiak ditugu hainbat produktutan. Batzuetan, gauzak lortzeko arazoak ditugu, edo horiek jasotzeko denbora gehiago itxaron behar dugu ere bai...».

Kezka bera helarazi du Union Jack oroigarri dendako jabeak ere: «Ohartu naiz, tamalez, prezio batzuk igo egin direla. Batzuetan, bikoiztu ere bai. Eta egungo egoeran hori gertatzea... ez da erraza. Horregatik da ezinbestekoa protokoloa kentzea. Hor duzu beste arrazoi bat».

DUP Alderdi Demokratiko Unionistak brexit-aren prozesuan izan duen estrategiez galdetuta —gobernabide ituna izan zuten toryekin 2017tik 2019ra, baina ez zioten etekinik atera EBtik ateratzeko aferan—, bi elkarrizketatu horiek nahiago izan dute ezer ez erantzun. Unionismoko alderdirik indartsuena ez dago egoerarik erosoenean, 2016tik hona harturiko erabakiek, izandako jarrerek eta egindako hutsegiteek eragin baitituzte, zuzenean edo zeharka, Belfast ekialdeko —eta Ipar Irlandako— beste boto emaileen arazo edota kexa horietako gehienak.

Baita alderdiaren iazko barne krisiak ere: bi hilabeteko epean bitan aukeratu behar izan zuten buruzagia, eta horrek, zalantzarik gabe, eragina izan du DUPen sinesgarritasunean. Are, Paul Givan lehen ministroak iragan otsailean dimisioa aurkeztu izanak ere nekea handitu du, horrek gobernuak ongi funtzionatzea eragotzi duelako, eta, beraz, ezin izan dituztelako erabili Ipar Irlandak dituen arazo batzuei aurre egiteko tresnak eta funtsak.

The Famous Bethany Fish and Chipseko bezeroak eta langileak dira hori uste dutenetako batzuk. Gutxi gorabehera egin dute aitortza hori: «Bai, erabat... Baina, mesedez, ez galdetu horretaz. Sentitzen dut. Ez dute ezer egiten guretzat. Hala da. Ez daukat beste ezer esateko», erantzun du anonimotasuna mantendu nahi izan duen soldatapeko batek; momentu horretan lokalean dauden gainontzekoek ere ez dute auziaz eztabaidatu nahi izan, baina, keinuen bitartez, agerian utzi dute ados daudela.

Aldaketen lekuko

Belfast ekialdea Van Morrison abeslariaren auzoa da, baita George Beste futbol jokalaria zenarena ere. Baina, gauza horien gainetik, hiriburuko eremu horrek harro erakusten dio bisita egiten dionari unionista, loialista eta langile klasekoa dela.

Erresuma Batuko banderak nonahi ikus daitezke, esaterako; talde paramilitarren aldeko mezuak eta muralak aurkitzea ere ohikoa da; baita behinola ontziak eraiki zituztenen omenezko mezuak eta estatuak ere —Titanic ezaguna, adibidez—.

Hauteskundeen ikuspuntutik, Belfast ekialdea barruti-gotorleku bat izan da unionismoarentzat. Ostiral Santuko Akordioa adostu osteko lehen hauteskundeetan (1998), esaterako, sei diputatu bidali zituzten lurraldeko parlamentura: DUPeko bi, UUP Ulsterko Alderdi Unionistako bi, PUV Alderdi Unionista Progresiboko bat eta Aliantza Alderdiko beste bat —bere burua ez unionistatzat ez errepublikanotzat dauka—.

2017tik, ordea, bost ordezkari politiko aukeratzen dituzte, eta galduriko postua historikoki unionista zenetako bat izan zen. Unionismoak gehiengoari eutsi zion duela bost urteko hauteskundeetan, baina gutxigatik: boto emaileek DUPeko bi hautagai, Aliantzako beste bi —alderdiko buruzagi Naomi Lang tartean— eta UUPko bat hautatu zituzten. DUPentzat izan da batez ere eremu seguru bat, boz horietan babesa txikitu baitzuen, baina Belfast ekialdea barrutian ez, gora egin baitzuen.

Aurten, baina, bestelakoak dira aurreikuspenak. DUPek ez du ordezkaritza handitzeko aukerarik izango, bi hautagai aurkeztea erabaki baitu; are, baliteke barruti horretan unionismoak diputatuen gehiengoa izateari uztea, Ipar Irlandako adituen arabera. Bost aulkietatik bana bermatuta lituzkete DUPek eta UUPk, eta beste bi Aliantzak; hortaz, azkena legoke jokoan, eta ez dago argi nork dituen hori lortzeko aukerarik handienak, Alderdi Berdea ere ekuazioan sartu baitute.

Belfast ekialdea testuinguru historiko baten atarian egon liteke. Ez soilik barrutiko emaitzagatik, balitekeelako Sinn Feinek lortzea ordezkaritzarik handiena Ipar Irlandako Asanblean.

Halere, auzoa ez litzateke lehen aldiz izango aldaketen lekuko. Ontziolak ez du behinola, batez ere XX. mende hasieran, zuen pisua eta garrantzia, eta biztanleria geroz eta zaharragoa da: Belfast ekialdea hiriburuko hauteskunde barrutirik handiena da, eta, aldi berean, biztanleria dentsitate txikiena du.

Bilakaera horren lekuko izan da James: 82 urte ditu, poliki ibiltzen da, eta arazoak ditu arnasteko. «Dementzia diagnostikatu didate. Orain, nire kezka bakarra osasungintza da. Besterik ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.