Atletismoa

Bihar zabalduko dute 57. Behobia-Donostian parte hartzeko izen emate orokorra

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo alditik aurrera parte hartzea 30.000 korrikalaritara mugatuta egongo da. Orain arte 35.000 pertsonako muga zegoen, eta iaz, pandemia tarteko, 25.000 izan ziren.

Behobia-Donostia lasterketaren amaiera, iazko edizioan. GORKA RUBIO / FOKU
2022ko maiatzaren 2a
14:24
Entzun

Adi korrikalariok: Fortuna kirol elkarteak bihar zabalduko du 57. Behobia-Donostia lasterketan parte hartzeko izen emate orokorra, eguerdiko 12etan. Internet bidez eman beharko da izena. Aurtengo aldia azaroaren 13an egingo dute, pandemia aurretik baino jende gutxiagorekin. Izan ere, antolatzaileek jakinarazi dute aurrerantzean gehienez 30.000 lagunek parte hartu ahal izango dutela herri lasterketa ospetsuan. Orain arte, 35.000 pertsonakoa zen muga; 2020. urtean bertan behera utzi behar izan zuten, eta iaz 20.412 lagunek egin zuten.

Izen ematearen lehen fasea apirilaren 5ean zabaldu zuen Fortunak, eta jada 7.027 korrikalari daude apuntatuta. Deialdi horretan parte hartu ahal izateko baldintza zen azken bost lasterketetatik hirutan gutxienez parte hartutakoa izatea. Dortsal solidarioak eta pakete turistikoak ere deialdi horren parte ziren.

Iazko aldian Eneko Agirrezabal segurarra (1.01.41) eta Nuria Lugueros espainiarra izan ziren azkarrenak (1.12.43). IƱigo Etxeberria lasterketaren koordinatzaileak orduan aitortu zuen etorkizunera begira kontuan hartuko zituztela parte hartzaile gutxiago egoteak ematen dituen erraztasunak, eta horren ondorio da aurten jarri duten 30.000 laguneko muga. Iazko aldiak, ordea, albiste txar bat ere utzi zuen: lasterketan parte hartzen ari zen 27 urteko korrikalari batek bihotz geldialdia izan zuen, eta Donostia ospitalean zendu zen geroago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.