Euskara

Azkueren hiztegi hirueledunaren bertsio digitala aurkeztu du Aurten Bai fundazioak

Fundazioak sarean jarri du hizkuntzalariaren lan mardula, eta gaurko baliabide digitalen abantailez hornitu du; besteak beste, hitzak bilatzea errazago egiteko.

Azkueren hiztegiaren bertsio digitala, Aurten Bai Fundazioaren webgunean.
2022ko maiatzaren 2a
17:27
Entzun

1905. urtean argitaratu zuen Resurrecion Maria Azkue Aberasturi hizkuntzalariak Euskara-Gaztelania-Frantsesa Hiztegia lan marduleko lehenengo liburukia, eta hurrengo urtean bigarrena. Urte luzez eginiko lanaren fruitua izan zen. Azkue inurriak bezala aritu baitzen dozenaka idazleren lanak aztertzen, eta, horrez gain, lekuko biziak elkarrizketatu zituen, tokian tokiko herri hizkerako hitzak jasotzeko. Azkuek ordenagailua ezagutu izan balu (1951. urtean hil zen), askoz errazago osatuko zuen hiztegia. Era berean, teknologia digitalak ahalmena du asko errazteko hiztegia arakatzea. Eta hori da, hain zuzen ere, Aurten Bai fundazioak egin berri duena. Sarean jarri dute lehenengo aldiz Euskara-Gaztelania-Frantsesa Hiztegia lanaren bertsio digitala.

Lehen ere bazegoen lanaren PDF bertsioa sarean, 624 orrialdekoa. Baina bertsio digitalak asko errazten du hitzak bilatzea, eta horretan dagoen informazioa eskuratzea. Bisitaria Azkueren lanean murgildu ahal da, eta hitzak kontsultatzeaz gain, haren garaiko euskalkiak eta esamoldeak ikusi ahalko ditu. Izan ere, hitz bakoitzaren ondoan zein euskalkikoa den, eta zein herritan jaso den zehazten du lanak. Zazpi euskalki bereizten ditu, eta Euskal Herri osoko 302 herri aipatzen ditu.

Horren bidez jakin daiteke, esaterako, lazeria hitza non erabili izan den, eta «miseria, escasez, penuria, calamidad : misère, disette, pénurie, calamité», esan nahi duela. Norbait lazeriatu egin daitekeela ere ikas daiteke: hau da, hari miseria pairarazi.

Horrez gain, jakin daiteke, begi-okerrentzako hitz bat edukitzeaz gain, euskarak baduela termino bat horien artean begia gorantz okertuta daukana bereizteko: lausku. Edo Lauzirika abizena txanpon zahar baten izenetik datorrela. Hori guztia orrialde berean jaso zuen Azkuek; beraz, adibide horrekin irudika daiteke zelako aberastasuna jasotzen duen hiztegi osoak.

Azkueren hiztegi hirueledunaren PDF bertsioaren orrialdeetako bat.

Azkuek gaztelerazko eta frantsesezko azalpenak jarraian eman zituen hiztegian. Bertsio digitalean, erabiltzaileak aukeratu ahalko du hizkuntza batean ala bestean jaso, edo bietan.

Euskararen grafia Azkue hil ostean finkatu zenez, tresna digitalak aukera ematen du hitzak hark erabilitako grafiaren arabera edo estandarrari jarraikiz azaltzeko. Esaterako, leiho edo leio bila daiteke, eta emaitzak bi formak erakutsiko dizkio erabiltzaileari.

Horrez gain, hitzok zein idazlek erabili zituzten kontsultatu ahal da, eta haien zein lanetan agertzen den.

Bilaketa konplexuak egiteko aukera ematen du sareko hiztegiak, «komodin» batzuk erabilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.