Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 6.300 lanpostu baino gehiago eskainiko ditu

Irakasleentzat izango dira lanpostu gehienak: 4.357.

Hezkuntzako lan eskaintza publikoa, 2019an. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 2a
19:14
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurtengo lan eskaintza publikoen berri eman die sindikatuei. Orotara, 6.300 lanpostu baino gehiago eskainiko dituzte. Irakasleentzat izango dira gehien-gehienak: 4.357. Horietaz gain, 985 lanpostu izango dira lan legepeko langileentzat, eta 2022ko birjartze tasari dagozkion mila lanpostu ere eskainiko dituzte.

Irakasleen lanpostuei dagokienez, 1.675 maisu-maistrentzat izango dira; 2.588, bigarren hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako; 44, hizkuntza eskola ofizialetarako; 25, arte plastikoetarako eta diseinurako; hamazortzi, kontserbatorioetarako; bost, arte dramatikorako; eta bi, azkenik, dantzarako.

Horietatik 1.798 lanpostu merezimendu lehiaketaren modalitatean eskainiko dituzte; 747, kanporatzailea ez den oposizio lehiaketa bidez; eta 1.812, oposizio lehiaketa arruntaren bidez. Horrela, administrazioko behin-behineko langileak egonkortzea xede duen Iceta legera egokituko da Eusko Jaurlaritza ere. Merezimendu lehiaketako lanpostuek bi ezaugarri hauetako bat izango dute: 2016a baino lehen sortu eta aldi baterako langileek betetzen dituztenak izatea edo 2016 aurretik lanean ari diren bitarteko langileek betetako lanpostuak izatea. Hautagaiek ez dute azterketarik egin beharko, eta haien merituak —gehien bat lan esperientzia— kontuan hartuko diete. Oposizio lehiaketa ez kanporatzaileari dagokionez, 2020ko abenduaren 31tik kontatzen hasita azken hiru urteetan bitarteko langileen betetzen dituzten lanpostuak izango dira. Horietan azterketak egin egin beharko dituzte, baina ez da ezinbestekoa izango gainditzea. Azkenik, oposizio lehiaketa arrunta egongo da, gainerako leku hutsak betetzeko. Hezkuntza Sailak aurrerago jakinaraziko du lan eskaintza publikoak noiz egingo dituen.

Irakasleentzako lanpostu horietaz gain, Hezkuntza Sailak beste 985 lanpostu ere eskainiko ditu. Hezkuntza bereziko eta sukalde eta garbiketako lan legepeko langileentzat izango dira. Gainera, mila lanpostu inguru gehiago ere eskainiko dituzte, 2022ko birjartze tasari dagozkionak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.