Sindikatuak

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo izango dira LABeko buru, batera, 2027ra arte

Afiliatuek egungo zuzendaritzaren proposamena onartuz gero,sindikatuak bi koordinatzaile orokor izango ditu, idazkari nagusi baten ordez. Ekainaren 16an eta 17an izango da Biltzar Nagusia, Baionan.

Arroyo eta Aranburu, gaur, Bilbon. FOKU
xabier martin
2022ko maiatzaren 3a
11:19
Entzun

LABek Baionan egitera doan Biltzar Nagusiak mugarria jarriko du sindikatu abertzalearen historian, aldaketa sakonak ekarriko baititu. Sindikatuaren antolaketari berari eragingo dioten berrikuntza garrantzitsuak proposatuko dizkie afiliatuei Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren zuzendaritzak, hausnarketa prosezu luze baten ondotik. Idazkaritza nagusiaren kargua desagerrarazi eta bi koordinatzaile orokor izango ditu LABek, betiere biltzarraren oniritzia lortuz gero. Aranburu bera (Legorreta, Gipuzkoa, 1973) eta Igor Arroyo (Iruñea, 1978) egungo idazkari nagusiaren ondokoa proposatuko ditu zuzendaritzak bi buruko lidergoa osatzeko datozen urteetarako.

Ikusi gehiago: «Ezkerreko independentismoaren erreferentzia sindikala» izan nahi du LABek

«Urrats berri bat egitera goaz», idatzi du LABek Biltzar Nagusian aurkeztuko duen txostenean: «Idazkari nagusi bat izatetik bi koordinatzaile orokor izatera igaroko gara. Bi koordinatzaile horietako bat, gutxienez, emakumezkoa izan dadila bermatuko dugu estatutuen bidez». Aranburu eta haren zuzendaritza taldearen txostenak «urrats aitzindari» bati buruz hitz egiten du: «2008tik 2022ra emakumezko Idazkari Nagusia izan ondoren, urrats aitzindari hori egonkortu eta gutxienez emakume bat egongo da, beti, sindikatuaren ardura nagusian».

Aldaketa hori sindikatuaren esparru guztietan egiten ari diren «eraldaketa feministaren ikur» izango dela dio LABek; baina, horrez gain, «lidergo eredu kolegiatuagoa garatzen eta zuzendaritza eredu bizigarriago eta eraginkorragoa posible egiten» lagunduko duela esplikatzen du zuzendaritzak bere txostenean.

Martxan duen eredu sindikalaren berrikuntza orokor baten estrategian sartu du zuzendaritzari dagokion aldaketa handi hori sindikatu abertzaleak. Bi koordinatzaile orokor horiek kargu bera partekatu beharko dute, finean, eta sindikatuaren mezuak helaraztean koordinazio handiz aritu beharko dute, kontraesanak eta zalantzak sor ez daitezen bozeramaile bien artean. Aranburu-Arroyo bikoteak badaki bide berri horrek badituela zenbait arrisku, esate baterako komunikazioari begira, baina abantailak ere izango dituela aurreikusi dute sindikatuan, eta ez txikiak.

Beste aldaketa batzuk

Edonola ere, «eredu sindikalaren berrikuntzak bere isla izan behar du zuzendaritza ereduari dagokionez ere», txostenak azaltzen duenez. «Badira hamabost urte zuzendaritza guneak euskaldundu eta parekide egiteko erabakiak hartu genituela». Gune horien lan hizkuntza euskara da, eta Nazio Biltzarrari, Nazio Komiteari eta Exekutiboari dagokienez «ezinbestekoa» da euskara jakitea bertan parte hartzeko, ez baitago itzulpen zerbitzurik. Parekidetasunari dagokionez, 2008tik hala Exekutiboa nola Nazio Komitea parekideak dira, eta Biltzar Nagusian derrigorrez bermatu behar da, gutxienez, emakumeek afiliazioan duten portzentajea.

LABen egungo zuzendaritzak erabaki duenez, parekidetasuna bermatzea «ez da nahikoa». «Horrekin batera, gune horien funtzionamendua berritu behar da, zuzendaritza eredu partekatu, bizigarri eta eraginkorra garatzeko», dio ponentziak.

Lidergoari dagokion aldaketaz harago, LABek bide berriak urratuko ditu datozen hilabeteetan, ponentziak jasotakoaren arabera, erakundeetan izango duen parte hartzetik hasita. Gainera, kontrabotere sindikalismoaren aldeko apustua berrituko du Biltzar Nagusiak.

Parte hartzea erakundeetan

«Administrazio autonomikoen politika publikoen bidez ere» euskal esparru propio bat garatzeko urratsak egitea posible dela azaltzen du LABek. Hori dela eta, Nazio Komiteak zehaztuko du «esparru soziolaboralean dauden EAE eta Nafarroako parte hartze instituzionalerako gune batzuei begirako esku hartze plana». Lanbide, Nafar Lansarea, Osalan, Lan Osasunaren Kontseilua, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala, PRECO eta Lan Auzitegia aipatzen ditu LABek, parte hartze horri erreparatzean. Elkarrizketa sozialerako mahaiak ez ditu zerrendan sartzen.

Erakunde horietan parte hartzeko erabakiari oinarria ematean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera ekartzen du gogora LABek, sindikatuei dagokienez: «Gehiengo sindikalarekiko mespretxuzko jarrerak adierazi ditu, eta gutxiengo sindikalak ordezkatzen duen eredu sindikalaren aldeko jarrera argiak». Baina, horren azalpenaren jarraian, LABek autokritika kutsua duten lerro batzuk jaso ditu: «Gune horiek uzteko erabakiak mugak izan ditu sindikatuon interpelazio gaitasuna indartzeko orduan: Jaurlaritza eroso egon da, lekuko deserosorik gabe».

Horregatik, «interpelazio instituzionala indartzeko estrategia berria» martxan jartzera doa sindikatu abertzalea. «Euren eskumenak oso mugatuak direla jakitun, borroka eta interpelaziorako esparru gisa erabiltzea da estrategia berriaren funtsa». Patronalaren aldeko jotzen dituen politika publikoei kritika egin nahi die LABek erakunde horietan parte hartuz, eta sindikatuaren proposamenen inguruan galdetu. «Eskumen aldetik dauden mugen inguruko pedagogia subiranista egiteko esku hartuko dugu esparru horietan, jakinda konponbideak ez direla hortik etorriko, baizik eta langileon borrokatik».

Kontrabotere sindikalismoa

Erakunde batzuetan parte hartzen egoteak ez du aldaketarik ekarriko kontrabotere sindikalismoaren estrategiari begira. Aitzitik, «kontrabotere sindikalismoa da bidea» esaldiarekin garbi uzten du LABek estrategia nagusia zein den. Elkarrizketa sozialerako mahaiei buruz egiten duen hausnarketa argigarria da: «EAEko zein Nafarroako Elkarrizketa Sozialeko mahaiak gobernuen eta patronalaren politikak zuritzeko guneak dira; horietan langileen interesen defentsak ez du lekurik». Ondorioz, LABek Elkarrizketa Sozialeko mahaietan ez egoteko erabakia berresten du.

Sindikatuak dio «antolakuntza eta mobilizazio gaitasunaren araberakoa» dela langileen indarra patronala mugatzeko. «Zenbat eta borroka gehiago egin, orduan eta lanpostu gutxiago suntsitzen dira, lan baldintzak duinagoak dira, eta lan baldintzak eguneratuak dituzten langileen kopurua igo egiten da». Beraz, konfrontazioaren estrategian aurrera egingo du LABek, eta grebari lehentasuna emango dio: «Gure eskubideen defentsarako langileok dugun tresna eraginkor eta garrantzitsuena da greba». Baina aditzera ematen du lanuztea, besterik gabe, ez dela egokia: «Gure helburua ez da gatazkak denboran luzatzea, eta greba ez da eraginkorragoa izango soilik luzeagoa delako». Greba eraginkorrak egiteko «presio mekanismo osagarriak» proposatzen ditu; esaterako, «gatazkak sozializatzea».

Beste aldarrikapen nagusi batzuk

Lehentasun nagusien artean, enplegua duintzea jarri du sindikatu abertzaleak. «Enpleguaren kalitatearen aurkako oldarraldia» egon dela azaltzen du, eta esan du aurrerantzean enpleguan eragina izango duten aldagai batzuk kontuan hartu beharko direla: trantsizio energetikoa, digitalizazioa eta demografia, adibidez. Esplikatu duenez, enplegua «duintzeko» «erosahalmen eta ondasun banaketa orekatuagoen soldaten alde» ariko da. Inflazioa oso gora joan den honetan, txostenak garbi dio azken hamarkadan langileek, oro har, erosahalmena galdu dutela: «Soldatek KPIaren azpiko igoerak izan dituzte, sektore zaurgarrienetan batik bat». Hala, «KPIa oinarri duten igoera orokorren aldeko borrokak» garrantzi handia hartuko du LABen jardueran.

Lansarien gutxienekoei begira, sindikatuak kopuru zehatzak eman ditu: «Lanbide arteko gutxieneko soldatak, Europako Karta Sozialaren gomendioei jarraikiz, 1.400 eurokoa izan behar du Hego Euskal Herrian, hamalau hilabeteko ordainketekin, eta Ipar Euskal Herrian, 1.633 eurokoa, hamabi hilabeteko ordainketekin».
Soldatei goitik ere mugak jartzeko gida badu sindikatuak, eta, langileen arteko aldeak txikitzeko, gehienezko soldatak proposatzen ditu. «Baxuenen eta altuenen arteko proportzioari jarriko diogu arreta lantoki bakoitzean, gehienez ere 1:3 proportzioa lortzeko». Horrez gain, enpresek «langileen lanari esker lortzen duten gainbalioari muga» jartzeko proposamenak landuko ditu LABek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.