Indarkeria matxista

Kote Cabezudok kartzelan segituko du

Behin-behineko espetxealdia bihar amaituko da, baina ez da kartzelatik aterako, betetzeko dituen beste zigor batzuen ondorioz; iragarri dute sententzian gutxienez zortzi espetxe urte ezarriko dizkiotela

Kote Cabezudo, 2018an, epaitegitik ateratzen. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz - Arantxa Iraola
2022ko maiatzaren 3a
11:58
Entzun

Behin-behineko espetxealdian lau urte betetzeak ez dio askatasunik ekarriko Kote Cabezudori.Bihar iraungiko da Gipuzkoako Probintzia Auzitegian epaitu duten argazkilariaren kartzelaldia, lau urtekoa baita sententzia atera arte badaezpadako espetxealdian gehienez egin daitekeen denbora. Egina zuten akusazioek luzatzeko eskea, baina ez da aintzat hartu. Hala ere, epaimahaiak zehaztu du Cabezudok espetxean jarraituko duela aurrez ezarritako beste bi zigorren ondorioz: esan dute martxoan beste bi zigor betetzen hasi zela, bost eta zazpi hilabetekoak, eta horiek aski motibo direla akusatuak kartzelan jarraitzeko. Beraz, aurretik ezarritako zigorrei lotua da auzitegiaren erabakia, eta ez behin-behineko kartzelaldia luzatzeari lotua. Bitartean, idazten ari dira epaia. Ebazpenean aurreratu dute «frogatutzat» eman dituztela akusatuari egotzitako hainbat delitu, eta zortzi urte baino gehiagoko kartzela zigorra ezarriko diotela.
Argazkilari ezaguna izana da Cabezudo, eta bere modeloek jarritako salaketengatik epaitu dute. Iruzurra, intimitatearen aurkako delituak, haurrekin egindako pornografia eta sexu erasoak egotzi dizkiote, besteak beste. 2013an jarri zuten akusatuaren kontrako lehen kereila. Hedabideetan-eta isilpean joan ziren haren kontrako lehen salaketak, eta akusatuaren kontrako neurririk ez zuen hartu justiziak. 2018ko udaberrian kasuari buruzko albisteak oihartzuna lortzen hasi ziren, eta urte hartako maiatzean preso sartu zuten; bihar beteko dira, hain justu, lau urte.Martuteneko espetxean dago ordutik, Donostian. Iragan martxoaren 7an hasi zen auzibide nagusiko epaiketa. Hasieran, 121 kartzela urte eskatu zituen fiskalak; 2.338 akusazio partikularrak. Hilaren bukaeran zigor eskea bikoiztu zuen fiskalak, epaiketan delitu gehiagoren berri izan zuela argudiatuta: 250 urte eskatu zituen orduan. Apirilaren 13an amaitu zen epaiketa. Defentsak beti argudiatu du modeloen baimenarekin jardun zuela beti argazkilariak, ez zuela deus okerrik egin. Hamazazpi andrek jarritako salaketak aztertu dituzte.
«Arrazoizko» epemuga
Salaketa guztien atzean «patroi» bera dagoela defendatu dute akusazioek; zuen sonaz baliatzen zen argazkilaria biktimak erakartzeko, eta nahieran erabiltzen zituen gero. Andreen argazkiak Interneten zabaltzen zituen, eta «mehatxu» egiten zien gero irudi horien zabalkundearekin. Moda argazkiekin eta hasi zen hasieran Cabezudo, baina erotismora eta pornografiara egin zuen gero.
Akusazioek behin-behineko espetxeratzea luzatzeko egin zuten eskaria ez onartzeko ebazpenean zera argudiatu du epaimahaiak: akusatuak espetxeratze mota horretan jarraitzen badu, «arrazoizkotzat» har daitekeen epemuga gaindi dezake behin-behineko neurriak, eta hori ez da egokia. Akusazioek kartzelaldi hori luzatzeko eskea egin zutenean, adierazi zuten beste bi urte eta hiru hilabeteko beste zigor bat baduela, eta lau urteko behin-behineko espetxealdiari zigor horri dagokion epealdia kenduta, zigorra luza zitekeela. Irmo azaldu zuten, gainera, akusatua libre uzteak ekar dezakeen «arriskua»; modeloen argazkiak gordeta dituela uste dute, oraindik «atzeman gabeko irudiak» direla, eta libre badago irudiak zabaltzen hasiko dela berriro. Defentsak, berriz, libre uzteko eskatu zuen.
Gero luzatzeko aukera
Aintzat hartu behar da hainbat auzibide dituela Cabezudok bere kontra irekita; amaraun konplexu bat da bere egoera judiziala, kondena bat baino gehiago ditu, eta horregatik jarraituko du preso. Aurrerago akaso behin-behineko espetxealdia luzatzeko eskea aintzat hartu ahal izango dela zehaztu dute ebazpenean; gogora ekarri dute, behin sententzia batean ezarritako zigorra zein den jakinda, baitaezpadako itxialdia luza daitekeela, epemuga batekin: ezarritako zigorraren erdia iraun dezake. «Baina oraingoa ez da horretarako jasotako egoera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.