Jaurlaritzak ia bikoiztu egin nahi ditu ikasketa dualak eskaintzen dituzten unibertsitateko tituluak

Iñigo Urkulluk Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategia aurkeztu du Unibertsitateen Euskal Kontseiluan. Prestakuntza dualaren alde egin dute: unibertsitateko 10.000 ikasleri eman nahi diete ikasketak unibertsitatean eta enpresetan egiteko aukera. Egun, 47 tituluk eskaintzen dute aukera hori, eta 80 izatea dute begiz jota.

Unibertsitateen Euskal Kontseiluaren bilkura, gaur goizean. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 4a
12:11
Entzun

Goi mailako hezkuntzaren eta lan munduaren arteko harremanak estutzen jarraitzea. Horixe du xede gaur goizean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Unibertsitateen Euskal Kontseiluan aurkeztu duen Unibertsitatea+Enpresa II. Euskal Estrategiak. Mahaiaren bueltan elkartu dira, besteak beste, Urkullu bera; Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua; eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak.

Estrategia berriarekin jauzi bat egin nahi dute prestakuntza dualean; alegia, ikasle gehiagori eman nahi diete ikasketak unibertsitatean eta enpresetan egiteko aukera. 2026ra begira, hainbat lehentasun ezarri dituzte: esaterako, ikasketa duala unibertsitateko 80 titulutan eskaintzea —oraingo eskaintza ia bikoiztea litzateke—, prestakuntza dualerako 10.000 leku egotea, mila enpresak parte hartzea, ekintzailetzarako 350 beka ematea eta «Lanbide Heziketa gehi unibertsitatea prestakuntzarako arau esparru berria» garatzea, besteak beste. Urkulluk uste du lorgarriak direla: «Pilatutako esperientziak ahalbidetzen digu helburu hauek lortu nahi izatea».

Lortuz gero, onuradun nagusiak ikasleak izango direlakoan dago: «Lankidetza eredu hau, formakuntza praktikoa, erreala eta duala eskaintzen duena, ikasleen onerako da». Izan ere, haren hitzetan, aukera pertsonal eta profesional berriak ematen dizkiete ikasleei, eta, horrekin batera, aukera ematen du formakuntza gizarteak egun dituen eta etorkizunean izango dituen beharretara hobeto egokitzeko.

Bidea irekita dago

Enpresen eta unibertsitateen arteko harremanaren pilareak eraikita daude, ez dira hutsetik hasiko. Hain zuzen ere, 2017tik dago indarrean Unibertsitatea+Enpresa I. Estrategia. Plan «aitzindaria eta aurreratua» izan delakoan dago Urkullu. Eta fruituak eman ditu: «Batera lan egitea ahalbidetu digu, baita prestakuntza teorikoa gaitasun praktikoarekin lotzeko aukera eman ere». Halaber, ikerketan eta berrikuntzan eremu berriak zabaltzeko eta «formakuntza integralaren kalitatea hobetzeko» ere baliagarria izan dela begitantzen zaio.

Teoriatik harago, praktikan zer erdietsi duten ere jakinarazi du: 47 unibertsitate titulu dual egiaztatzea, 4.800 ikaslek prestakuntza duala egitea, 600 enpresak parte hartzea eta ekintzailetzarako 300 beka ematea, esaterako. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 22 milioi euro inbertitu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.