Oinarrizko Errenta

Gaur bozkatuko dute oinarrizko errentaren lege egitasmoa Gasteizko legebiltzarrean

Alderdi guztiek ez dute jakinarazi oraindik proposamena babestuko duten edo ez. Ekinaldiren sustatzaileek gogoeta eta eztabaida jarduerak antolatu dituzte.

Lege ekimenaren sustatzaileak sinadurak Gasteizko legebiltzarrean aurkezten, urtarrilean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko maiatzaren 4a
12:46
Entzun

Baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren herri ekinaldi legegilea iritsi da Gasteizko legebiltzarrera: gaur eztabaidatu eta bozkatuko dute proposamena osoko bilkuran. Iazko otsailean aurkeztu zuen ekinaldia herritar talde batek, eta urtarrilean jakinarazi zuten parlamentuak aintzat hartzeko gutxieneko sinadurak bildu zituztela. Tramiterako onartu edo ez erabakiko dute, ondoren lege izaera eman ahal izateko.

«Iritsi gara, baina ez gara bakarrik iritsi», azpimarratu du Manoli Etxeberria ekinaldiaren bozeramaileak. Izan ere, 22.075 sinadura bildu dituzte guztira lau hilabeteko epean, legeak eskatzen dituenak halako bi. Beste 80 elkartek baino gehiagok ere babestu dute proposamena, baita zenbait sindikatu ere: hala nola LAB, CCOO, EHNE, UGT eta CGTk.

Bozketan zer gertatuko den ez dago argi oraindik, edonola ere. Izan ere, Vox ez beste alderdi politiko guztiekin bilerak egin badituzte ere, denek ez dute jakinarazi zer bozkatuko duten: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek proposamenaren alde egingo dutela jakinarazi zuten; PPk aurka bozkatuko du edo abstenitu egingo da; eta, EAJk eta PSE-EEk ez dute iragarri oraindik herri ekinaldi legegilea onartuko duten edo ez.

Eusko Jaurlaritzak martxoan adierazi zuen ez zuela egitasmoa babestuko. Bingen Zupiria bozeramaileak argudiatu zuen egungo babes sistema«arrakasta handiko eredua» dela eta «emaitza onak» ematen ari dela, eta nahiago zutela eredu horretan sakondu. «Nola ezezta daiteke proposamen bat hari buruz hitz egin gabe?», esan du, kritiko, Iosu Balmaseda ekimenaren bozeramaileak.

Eta gogorarazi du Jaurlaritzaren erabakia ez dela loteslea, eta bozkatuko dena ez dela haren irizpen bat: «Gobernuak kudeatu egiten du, ez du legerik egiten. Bozkatuko dena baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren lege ekimena da». Hori dela eta, EAJri eta PSE-EEri«hausnartzeko» eskatu die, erabaki bat hartu aurretik. «Amets egiten dugu, eta eskatzen dugu parlamentariek ez diezaiotela bizkarra eman oinarrizko errenta bezalako tresna bati, hezkuntza edo osasuna bezain beharrezkoa baita».

Proposamenak jasotzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar orok jasoko lukeela diru laguntza herritar izate hutsagatik. 900 euro litzateke errenta hori 18 urte baino gehiagoko herritarrentzat; 4 eta 18 urte bitartekoentzat 450 euro, eta 14 urtetik beherakoentzat 270 euro. Azken hiru hilabeteetan Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi izan den edonork jaso ahalko luke, bakarrik bizi ala beste norbaitekin bizi.

Ekitaldiak Gasteizen

Bozketaren atariko gisara askotariko jarduerak antolatu dituzte lege ekinaldiaren sustatzaileek; gune bat egokitu dute Gasteizen, legebiltzarraren aurrean, eta mobilizazioak, gogoetak eta eztabaidak izango dira bertan. «Orain da garaia» lelopean izango dira jarduera horiek guztiak. «Honainoko bidea prozesu herrikoia izan da, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dugu», esan du Etxeberriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.