Gerra Ukrainan

Errusiako petrolioaren gaineko bahitura proposatu du Europako Batzordeak

Sei hilabeteren buruan Errusiako petrolioaren inportazioak eten nahi ditu EBk. Hungariari eta Eslovakiari denbora gehiago ematen die proposamenak, Hungariaren baiezkoaren bila. Proposamena aste honetan bertan onartzea nahi du Bruselak. Errusiako estatuko hedabideen zabalkundea ere zigortu nahi da.

Ursula Von der Leyen gaur, Europako Parlamentuan. JULIEN WARNAND / EFE
Irune Lasa.
2022ko maiatzaren 4a
12:56
Entzun

«Ez da erraza izango. Errusiako petrolioaren menpekotasun handia dugu. Baina egin behar dugu». Ukrainako gerra dela eta, Errusiaren kontrako zigorren seigarren paketea gaur dute eztabaidagai Europako Batasunean, Errusiako petrolioaren gaineko bahitura barne. Batasunarentzat ez da erabaki erraza hartzeko, ezta ezartzeko ere; horregatik gaur goizean Ursula Von der Leyen Batzordeko presidenteak Europako Parlamentuan esandakoak.

Enbargoa modu mailakatuan egingo dela azaldu du Von der Leyenek, «ahalbidetzeko guk eta gure bazkideek ziurtatuak izan ditzatela hornidura bide alternatiboak, eta merkatu globalean inpaktua ahalik eta txikiena izatea».

Eragina, hala ere, berehala nabaritu da. Besteak beste, proposamenak aste honetan bertan aurrera egiteko aukerak dituelako, Hungariarentzat eta Eslovakiarentzat salbuespenak jasotzen dituelako. Ondorioz, Brent upela (erreferentziazkoa Europan) %3 garestitu da goizean, eta 108 dolarretik gora salerosi da.

Bahitura batekin arazorik handienak jar zitzaketen bi herrialdeei, Hungariari eta Poloniari, proposamenak epe luzeagoa ematen die enbargoa ezartzeko, 2023. urteko abendura arteko epea, filtrazioen arabera. Ikusi beharko da, batez ere Hungariak zer esaten duen. Zigor paketeak, edozein modutan, Batasuneko herrialde guztien oniritzia behar du.

Errusia zigortzeko pakete berrian neurri sorta zabala dago; petrolioaren ingurukoak dira batzuk, baina badaude finantzen ingurukoak, pertsona jakinen kontrakoak eta Errusiako estatuko komunikabideei dagozkienak ere.

Petrolioaren gaineko bahitura da zigor nagusia. Proposamenaren arabera, sei hilabeteren buruan EBk —salbuespenak salbuespen— erabat etengo ditu Errusiako petrolioaren inportazioak. Petroliotik findutako gaiekin, berriz, epea zertxobait luzatuko da, urte honen amaiera arte.

Aseguruen debekua

Edonola ere, Errusiako petrolioaren merkaturatze globala serioski oztopa dezaketen neurriak ere badaude, enbargoa bera bezain gogorrak izan daitezkeenak. Filtrazioen arabera, EBk debekatu egingo die aseguru etxeei eta finantza entitateei aseguruak eta finantzabideak (berme eta halakoak) ematea Errusiako petrolioa garraiatu nahi duten petroliontziei.

Irango petrolioaren gaineko bahituran erabili izan zen neurri horrekin, asegururik gabe, petroliontzia praktikoki ezin da itsasoratu. Horrez gain, petrolioaren garraioa bera debekatuko die Batasunak konpainiei, ontzitik ontzirako aldaketak barne, berdin dio Errusiako petrolioa Batasunetik kanpoko hirugarren herrialdera garraiatzeko bada ere.

Bankuak eta telebistak

Mendebaldeak Errusiari ezarritako lehen zigorrekin hainbat banku SWIFT sistematik at gelditu ziren, baina Errusiako entitate gutxi batzuk zerrendatik kanpora gelditu ziren. Orain haietako batzuk zigortuen zerrendan sartuko ditu Europako Batasunak, eta tartean egongo da Sberbank bankua, Errusiako bankurik handiena.

Seigarren pakete honetan zabaldu egingo da hedabide zigortuen zerrenda ere, eta Sputnik eta RTri Errusiako estatuaren telebistak gehituko zaizkiela diote filtrazioek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.