Hilaren 26rako zenbait manifestaziotara deitu du Eskubide Sozialen Gutunak

Soldata, pentsio eta gizarte laguntza duinak eskatuko dituzte mobilizazioetan, eta Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariak, gaur goizean, Bilbon egindako prentsaurrekoan. FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 4a
14:18
Entzun

Bizitzaren garestitzea dela eta, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa eskatzeko mobilizazioak antolatu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburuetan izango dira, hilaren 26an, eta, besteak beste, soldaten, pentsioen eta gizarte laguntzen erosahalmena defendatuko dituzte.

Igor Arroyo LAB sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoaren hitzetan, arazoa «aspalditik» dator: «Prezioen igoeraren jatorria Ukrainako gerran dagoela esaten digute, baina hori ez da egia. Sakoneko arazoa egiturazkoa da, eta aurreragotik dator». Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak ere bat egin du Arroyok esandakoarekin: «Egoerari buelta emateko mobilizatu behar dugu: soldatak, pentsioak eta gizarte prestazioak defendatzeko garaia da». Gizarte eragile eta sindikatuetako ordezkariak elkartu dira gaur goizean Bilbon egindako agerraldian.

Mobilizazio dinamiketarako sei aldarrikapen zehaztu dituzte: langileen erosahalmenari eusteko soldatak eta pentsioak kontrolatzea, energiarako eskubidea bermatzea, zerbitzu publikoen defentsa, babes sistema hedatzea eta sakontzea, aberastasunaren banaketa eta burujabetza.

Berritu beharra

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, azkenaldian agerpen publikorik egin ez badu ere, «lan asko» egin du, Arroyok kontatu duenez: «Gutun Sozialaren ildoa berritzeko eta antolaketa eredua berrikusteko beharra izan dugu». Oraindik ere, «birkokapen prozesuan» daudela adierazi dute, baina uda aurretik prozesua amaitzea eta berriro ere martxan jartzea espero dute: «Azken txanpan gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.