Ingurumena

Zubietako erraustegia geldirik dago, arrazoi teknikoak direla eta

GHK-k aitortu du matxura bat izan duela erraustegiak. Errausketaren Aurkako Mugimenduak salatu du erraustegiaren kudeatzaileek eta Gipuzkoako zein EAEko agintariek ez dutela egia esaten Gipuzkoako hondakinekin egiten dutenari buruz. Instalazioetara eramango dute protesta hilaren 14an.

Zubietako erraustegira egindako protesta baten irudia. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaki petxarroman
2022ko maiatzaren 5a
09:28
Entzun

Joan den apirilaren 26an izandako matxura baten ondorioz, erraustegia geldirik dagoela jakinarazi zuen EAM Errausketaren Aurkako Mugimenduak atzo. Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) baieztatu egin du matxura bat gertatu dela. «Matxura enpresa hornitzailearen bidez konpontzen ari da, eta instalazioko babes ekipamenduei esker ez da inolako kalterik jasan», adierazi dute GHK-ko iturriek, kazeta honen galderari erantzunez. Izan ere, iragarri dute matxura konpondu bitartean, enpresa instalazioaren funtzionamendua bermatzen ari dela ekipo osagarrien bidez. Hala, Gipuzkoako hiri hondakinen tratamendua «normal-normal» egiten ari dela ziurtatu dute.

Geldialdi honen berri atzo eman zuen EAMk –Donostia Bizirik, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan elkarteek babestuta–, eta herritarei dei egin oinezko martxa batean mobilizatzeko, maiatzaren 14ko 11:00etan, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Okendotik abiatu eta Zubietan eraikitako erraustegiraino, eta agintariei eskatzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, «ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon».

Donostiako Erraustegiaz… zer ez digute esaten? leloa eramango dute instalazioen atariraino. EAMko kideek gogor kritikatu dute hondakinen politika. «Tamalez, erraustegiak ez du konpondu hondakinen arazoa, eta, aldiz, Zubietan eta inguruetan eguneroko ogia da hondakinen errekuntzak eragiten duen kutsadura». Halaber, salatu dute inguruko herrialdeetara eramaten ari direla erraustegiko zepak eta eskoriak. «Ingurumena kutsatu, bizidunon osasunari kalte egin eta klima aldaketa larriagotzen duten isuriak airera botatzeaz gain, benetako hondakinen turismoa antolatu dute Zubietatik Nafarroara, Bizkaira eta Espainiako Gaztelara, eta hor barna barreiatzen ari dira hondakinen errekuntzak eragindako eskoriak eta beste errauts toxikoak». Hain zuzen ere, errausten diren hondakinen %23 errauts edo eskoria moduan geratzen dela ziurtatu dute.

EAMko kideek agintariei egotzi diete ez esatea zenbat CO2 isurtzen duten Zubietako tximiniatik, eta, halaber, ziurtatu dute errausten ari diren hondakin gehienak —%65— birziklatzeko modukoak direla. Halaber, GHKri leporatu diote gaikako bilketaren bidez jasotako hondakin organiko garbia, inpropio ugari dituen beste organiko batzuekin nahastea biometanizazio plantan. «Udal eta herritar askok txukun bildutako organiko asko alferrik galtzen ari gara».

Gogorarazi dute Donostian hondakinen %42 baino ez dela gaika jasotzen, Europak ezarritako %50eko helburutik urrun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.