Albistea entzun

Euskara

EHEk bat egin du Kontseiluak eta Euskara Aurrera-k deitutako manifestazioekin

Iruñean izango da lehena, etzi, eta Donostian bigarrena, hilaren 21ean. Euskal Herrian Euskaraz-ek euskaltzaleak berriz aktibatzera, kalera ateratzera, euskaraz bizitzeko nahia adieraztera eta «Euskal Herri euskaldunera jauzi egiteko indarrak metatzera» animatu ditu.

EHEk euskararen alde deitutako protesta bat, artxiboko irudian
EHEk euskararen alde deitutako protesta bat, artxiboko irudian Idoia Zabaleta / foku Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko maiatzak 5 12:38

«Badator Euskararen Udaberria». Hala nabarmendu du EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek, datozen egunetan eta asteetan Euskal Herriaren luze-zabalean euskara bultzatzeko egingo diren egitasmoei erreferentzia eginez. Bi aipatu dituzte bereziki: larunbatean Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta Iruñean egingo duten manifestazioa eta maiatzaren 21erako Euskara Aurrera ekinbideak Donostiarako deitu duen mobilizazioa. EHEk haietan parte hartzera deitu ditu herritarrak: «Bi mobilizazio hauek aukera ezin hobea eskaintzen digute euskaltzaleoi kalera ateratzeko, euskaraz bizitzeko dugun nahia adierazteko eta Euskal Herri euskaldunera jauzi egiteko indarrak metatzeko».

Egitasmo horiek eta herriz herri antolatzen ari diren euskararen aldeko besteko ekintzak «Euskararen Udaberriaren loretzat» dauzka EHEk: «Abian jartzen ari garen Euskararen Udaberriaren loreak dira. Estatuen inposizio linguizidaren neguari aurre egiten ari zaion udaberria. Zalantzarik gabe euskalduntzeari fruitu berriak ekarriko dizkion susperraldia da». Horretarako, ordea, ezinbestekoa iruditzen zaie euskaltzaleek kaleak hartzea: «Euskaltzaleok berriz ere aktibatu eta kalera atera behar dugu; gure eskubideen defentsan irmo azaldu eta Euskal Herri euskalduna erdietsi arte dugun konpromisoan berresteko unea da». Argi dituzte helburuak: «Hizkuntza politika berri, egoki eta burujabea» defendatzea, euskarak «lege babes egokia» edukitzea eta Euskal Herri osoan ofiziala izatea.

Datorrenaz aritzearekin betera, atzera ere begiratu dute. Hitz gutxitan laburbildu dute orain artekoa: «Azken urteak zailak izan dira euskararentzat eta euskal hiztunontzat». Pandemiari egotzi diote zati bat: «Pandemiak gogor jo ditu euskara normalizatzeko kostata eraiki ditugun egitasmo eta egitura jada aurretik zaurgarriak zirenak». «Koiunturazko» gertakari horretatik harago, ordea, euskararen eta euskaldunen aurkako «zapalkuntza estrukturalaren adierazpenak» etengabeak izan direla irizten diote: «Izan epaitegien epaien bitartez, izan gobernuen erabaki edo debekuen bitartez, Frantziako eta Espainiako estatuen inposizio linguistikoak iraunkorki gu jotzen jarraitzen du».

Iruditzen zaie horrek guztiak argi uzten duela Euskal Herrian gaztelera eta frantsesa direla hizkuntza nagusiak, eta «inposizioaren» adibide zehatz batzuk zerrendatu dituzte: lan deialdi publikoetan euskara lanpostu guztietarako eskatzea debekatzea, hezkuntzan euskarazko murgiltze eredua orokortzeko borondaterik ez adieraztea, euskararen kaltetan ingelesa sustatzeko PAI eredua onartzea eta ikasleei azterketak euskaraz egitea debekatzea. «Bi estatu linguizidak ez daude prest onartzeko euskararen egoera normalizaturik, ezta euskaraz biziko den Euskal Herria ere. Euskaldunon aurkako ofentsibak ez du etenik, beraz».

Hori ikusita, mobilizazioetara jotzea beharrezkoa dela uste dute: «Azken hamarkadetan behin eta berriz egin bezala, orain ere gure eskubideen alde zutitu, kaleak hartu eta euskararen normalizazioaren aldeko lanari beste bultzada bat ematera goaz. Euskal Herriaren berreuskalduntzean fase berria irekitzera goaz».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oihane Puertas Ramirez

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri
LABeko suhiltzaileen atalaren prentsaurrekoa, atzo, Iruñean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

LABek Nafarroako Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du

Joxerra Senar

Sindikatuak salatu du urteetako gabeziak «inoiz baino nabarmenago» geratu direla, eta ez dela egon ez aurreikuspenik, ez alerta gaitasunik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...