Hondarribiko alardea

Alarde fundazioaren izaera juridikoaz galdera egin du EH Bilduk udalean, baina ez du erantzunik jaso

Eskatu du erakundearen izaera «juridiko-administratiboa» argitzen ez bada, alardea antolatzeko baimenik ez emateko fundazioari.

arantxa iraola
2022ko maiatzaren 5a
13:32
Entzun

Hondarribian alardea antolatzen eta hauspotzen duen Alarde fundazioa hizpide, erregu bat erregistratu zuen joan den astean, apirilaren 28ko udalbatzarrean, Hondarribiko EH Bilduko zinegotzi Xabier Isasik. Argibideak eskatu zituen fundazio horren izaera juridikoaren inguruan, Txomin Sagarzazu alkateak azalpenak agindu zituen, baina oraindik ez dakitela ezer esan dute koalizioko ordezkariek. Gogora ekarri behar da desfile baztertzailearen aldeko hautua eginda duela fundazio horrek, andrerik ez dutela onartzen soldadu, eta tokirik ez duela desfilean Jaizkibel konpainia parekideak.

Erreguaren jatorria martxoan erroldatutako eskaera bat dela gogoratu zuen Isasik: «Idazki hartan esan genion alkateari behar besteko izapideak egin zitzala Alarde fundazioa Hondarribia izeneko erakundea benetako fundazioa den jakiteko, eta izatekotan non dagoen erroldatuta. Era berean, eskatzen genion argitzeko ea erakundeak bete beharreko baldintzak betetzen ote dituen Hondarribiko espazio publikoetan ekitaldiak antolatzeko». Itaun horien gaineko erantzunik ez dutela jaso adierazi zuen, ordea, eta horiek horrela ulertu dutela ez dagoela «ziurtasunik» erakunde horrek «fundazioen izaera juridiko-administratiboa» duela esateko.

Hori aintzat hartuta, kontu horiek argitzeko eskea «berretsi» egin zuen EH Bilduk, eta erregu bat plazaratu, hiru eskerekin. Lehena: Alardea fundazioak «fundazio izaera juridiko-administratiborik izan ezean» ez dakiola eman irailaren 8an alardea antolatzeko egindako baimen eskaria. Bi: eskatu diote udalari bermatzeko «berdintasun printzipioa» jaien antolaketan eta espazio publikoen erabileran. Hiru: Alarde fundazioak darabilen identifikazio zenbakia zeini dagokion eta zergak eta gizarte gastuak ordainduak dituen argitzeko eskatu zuen. Hondarribiko alkateak erantzun zuen «mami handiko» gaia zela proposatutakoa, eta alardearen inguruko kontuez solastatzeko batzen den elkarrizketa forora eraman nahi zuela gaia: «Beste modu batean hitz egiteko».

Udaleko talde politiko guztietako eledunek parte hartzen dute bilera horietan, eta asteon bertan elkartu dira. Baina EH Bilduko ordezkariek adierazi dute ez dutela oraindik egindako itaunen gainean erantzunik jaso.

Alarde fundazioa 1997. urtean eratu zuten. Erakundearen webgunean bertan diote «gatazka larri» baten ondorioz sortu zirela; herriko hainbat andrek alarde parekidea eskatu zutenean sortutako aldarriaz ari dira era horretan. «Legezko marko eta juridiko-legal bat» jaiaren ikuskera baztertzailean jarraitu nahi izan zuten herritarrentzat.

Elkarte baztertzaileei buruzko galdera

Otsailean alkateari egindako galdera bi ere gogora ekarri zituen udalbatzarrean EH Bilduko ordezkariak, horien gainean ere oraindik erantzunik ez dutela jaso nabarmenduta. Galderetako bat, horra: jakin nahi dute Hondarribian erroldatuta dauden elkarteen artean zenbatek ez dituzten emakumeak onartzen bazkide gisara. Bestea: ezagutu nahi dituzte Hondarribiko tokiko gobernuak emakumeak baztertzen dituzten elkarteekiko dituen irizpideak. Barkamena eskatu zuen alkateak galdera horiei oraindik erantzunik eman ez dielako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.