Euskara

Uemak Seguran egingo du Udalerri Euskaldunen Eguna, hilaren 14an

Lau urteko etenaren ostean, herri euskaldunen garrantzia azpimarratzeko egitarau zabala antolatu dute. Festarekin batera, Uemaren batzar nagusia ere egingo dute.

Udalerri Euskaldunen Egunaren aurkezpena, gaur goizean, Seguran. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 5a
13:41
Entzun

Udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusaraztea eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzea. Xedetzat horixe hartuta egingo du Uemak Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran (Gipuzkoa), maiatzaren 14an. Gaur egin dute aurkezpena, besteak beste Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok, elkarteko koordinatzaile Miren Segurolak eta Segurako alkate Izarra Urdalletak, Seguran bertan. Euskal Herrian 175 udalerri euskaldun inguru daude; alegia, biztanleen %70 baino gehiago euskaldunak direnak. Guztien bilgune izango da Segura, Lazkanoren hitzetan: «Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, Uemako kide izan ala ez».

Euskara aiden lelopean ospatuko dute eguna. Lazkanok eman du arrazoia: «Udalerri hauek egundoko ekarpena egiten diete euskararen normalizazioari. Areago: herri honen arnasguneak direla esan ohi dugu, eta ez dira hitz hutsak. Aurtengo leloa ere antzekoa da: herri hauetan euskara airean dago, eta euskara ari du. Euskara aiden».

Bi urtez behin antolatzen dute egitasmoa, baina, pandemiaren ondorioz, lau urteko etena izan du. 2020an bezala, aurten ere Segurari egokitu zaio. Urdalletak esan duenez, pozarren hartu dute: «Pozgarria da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan, eta maiatzaren 14an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diegu euskaldun guztiei». Nabarmendu duenez, segurarren ezaugarrietako bat da euskalduntasuna: «Segura udalerri euskalduna da, eta harro gaude segurarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusietako bat euskara izateaz, euskaldunak izateaz».

Festa ez ezik, Uemaren batzar nagusia eta ekitaldi instituzionala ere egingo dituzte. Batzar nagusian, ohiko gaiez gain, 2021ean egindako ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko azterketaren emaitzak ere jakinaraziko dizkiete batzarrean parte hartuko duten udalerri euskaldunetako ia ehun alkate eta zinegotziei.

Egitaraua prest

Egun osorako egitaraua atondu dute Uemak, Segurako Udalak eta herritarrek elkarlanean. 10:00etan frontoian egingo duten batzar nagusiarekin hasiko dute eguna, eta ordu berean hitanoari buruzko jardunaldia egingo dute, kultur etxean; 12:00etan, kalejira hasiko dute; ekitaldi instituzionala izango da 13:00etan, plazan; eta 14:30ean, herri bazkaria egingo dute. Arratsaldean, festak ez du etenik izango: 15:30ean, puzgarriak egongo dira; 16:30ean, Ion Maiaren elkarrizketa, plazan; 18:00etan, Eidabe taldearen Futbolariak eta printzesak antzerkia, baita bolo eta toka txapelketa herrikoia ere; eta 19:00etan, Bada Giro! taldearen erromeria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.