GERRA UKRAINAN

Errusiak ukatu egin du bere tropak Azovstalen sartu izana

Kieven esanetan, altzairutegiari eraso egiten jarraitzen du Moskuk. Kremlinek esan du handik ateratzeko korridore humanitarioak irekita egongo direla larunbatera arte. Zelenskik laguntza eskatu dio NBEri.

Mariupoldik ebakuatutako emakume bat, herenegun, Zaporizhiara iritsi berritan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 5a
14:28
Entzun

Mariupolgo Azovstal altzairutegian Ukrainako armadako militarrak eta talde paramilitarretako kideak daude gotortuta. Gainera, dozenaka zibil daude haiekin batera; Kieven arabera, 200 bat. Donetsk eskualdean setiatuta dagoen hiriko altzairutegiari eraso egin izan dio Moskuk azken asteetan, eta, Azov batailoi paramilitarraren arabera—eskuin muturreko talde armatu bat da—, Errusiako tropak instalazioen barrura sartu dira goizaldean. Kremlinek, baina, ukatu egin du, eta nabarmendu zabalik zeudela zibilak handik ateratzeko korridore humanitarioak, eta hala egongo direla larunbatera arte.

Dmitri Peskov bozeramaileak egunero ematen duen prentsaurrekoan gogoratu duenez, Vladimir Putin Errusiako presidenteak aurreko hilabetean agindu zuen altzairutegiaren aurkako erasoaldia amaitzeko. Kiev esaten ari da, ordea, eraso horiek ez direla eten; atzo ere ez. Nolanahi ere, iturri ofizialek adierazi dute ebakuazioekin jarraitzeko prest daudela. «Zuhurki baikorrak gara. Noski, esperientzia txarrak eduki izan ditugu Errusiarekin, ez dituelako betetzen konpromisoak», azpimarratu du Ukrainako Defentsa ministroaren aholkulari Juri Sakek, BBC hedabidean.

Volodimir Zelenskik atzo gauean ebakuazioez adierazi zuenez, lur azpiko babeslekuetan daude zibilak. «Egungo baldintzak aintzat hartuta, ezin dugu ekipo astunik erabili hondakinak kentzeko. Dena eskuz egin behar da». Gerra Ikertzeko Institutuaren arabera, «litekeena» da Errusiako tropak altzairutegiaren barruan egotea.

Azken egunotan zibilak ebakuatu dituzte Mariupoldik, baina ez, Kieven arabera, Azovstaletik bertatik. NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Gurutze Gorriaren laguntzarekin, 344 lagun ebakuatu zituzten atzoko operazioan —adingabeak, adinekoak eta emakumezkoak ziren gehienak—. Azovstalen zaurituta dauden ebakuatzeko eskatu dio Zelenskik NBEri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.