Gerra Ukrainan

Espainiako Auzitegi Nazionalak behin-behinean utzi du libre kazetari ukrainar bat

Kieveko gobernuak «traizio gorena» leporatzen dio Anatoli Xari kazetariari. Katalunian erbesteraturik dago, eta iaz azaldu zion BERRIAri Ukrainan ez lukeela «egun bat ere iraungo bizirik».

Anatoli Xari kazetaria, aurtengo maiatzean. ANATOLI XARI
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 5a
17:34
Entzun

Anatoli Xari kazetari ukrainarra atxilotu zuten atzo Tarragonan (Katalunia), Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Madrilera eraman dute, eta han, epailearen aurretik pasatu ostean, libre utzi dute gaur behin-behinean, baina neurriak ezarri dizkiote: hilean bitan epaitegian agertu beharko du, eta bizitokia finkatu; horrez gain, pasaportea kendu diote, eta ezingo da Espainiako Estatuaren menpeko lurraldeetatik atera.

Ukrainako Gobernuak «traizio gorena» egotzi dio kazetariari, eta «gorrotoa sustatzea». Xari «Errusiaren aldekoa» dela zabaldu du.

Urteak darama Ukrainako Gobernua Xariren atzetik. Volodimir Zelenski presidentea kritikatu izan du bere lanean, baina, baita Vladimir Putin Errusiako presidentea ere. 2014. urtean Lituaniara ihes egin behar izan zuen. Ikerketa kazetaritza egiten du, eta Ukrainako ustelkeria eta krimen antolatuaren berri eman izan du. Erbestean egonda ere, lanean jarraitu du YouTuberen bidez. Haren kanalak ia hiru milioi harpidedun ditu. 2019. urtean bere alderdi propioa sortu zuen, eta urte hartako Parlamenturako bozetan parte hartu zuen. Baina botoen %2 baino ez zituen eskuratu. Baina 2020ko udazkenean egindako bozetan, Xari Alderdiak 52 diputatu lortu zituen eta 11 udaletan sartzea lortu zuen.

Kieveko Gobernuak pozik hartu du atxiloketa. «Honek erakusten du Ukrainari traizio egiten dion orok merezi duen zigorra jasoko duela».

BERRIArekin iaz edukitako elkarrizketan, «orain, hilko gaituzten beldur gara hemen ere», esan zion Xarivek bere etxean Ralf Streck kazetariari. Izan ere, haren helbidea zabaldu zuten eskuin muturreko sareetan, eta etxebizitza «erromesaldirako eta erasorako leku» bilakatu zen.

Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatu ostean, haren kontrako estradizio prozesua da hastekoa. Orain Ukrainak 40 egun ditu estradizio eskaera aurkezteko, eta auzitegiak erabakiko du gero onartzea edo baztertzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.