Albistea entzun

Kongoko Errepublika Demokratikoa

Denis Mukwege, Bakearen Nobel sariduna: «Emakumeek harritzen naute gehien, haien erresilientziagatik»

Baionako Atalante zinema gelan mintzatu da, IFJD Justiziarako eta Demokraziarako Institutu Frankofonoak gonbidatuta.

Denis Mukwege medikua, Jean Pierre Massias jurista eta Thierry Michel filmegilea, atzo arratsean, Baionako Atalante zineman. /
Denis Mukwege medikua, Jean Pierre Massias jurista eta Thierry Michel filmegilea, atzo arratsean, Baionako Atalante zineman. / Bob Edme Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2022ko maiatzak 5 10:07

Inposatu diguten ahanzturaren aurka borrokatzea da hau, indiferentziari uko egitea, mundua ezkutatzen saiatzen ari den errealitateak ikusaraztea». Hau hori film bat da, L'empire du silence (Isiltasunaren inperioa) izenekoa, eta, kakotxen arteko hitz horiek, Denis Mukwege ginekologo eta 2018ko Bakearen Nobel Sari kongoarrarenak, asteazken arratsean Baionako Atalante zinema gelan jende andanaren aitzinean ahoskaturikoak. Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazkan azken hogeita bortz urteotan gertaturiko basakeriak erakusten ditu ia bi orduko dokumentalak; Thierry Michel egileak berak herenegun aitortuta, era «gordinean»: ikusten dira hilketak eta kontatzen dira bortxaketak, mutilazioak; entzuten dira agintarien axolagabekeriazko hitzak, NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkarien ezina. Eta, guzia, Michelen beraren hitzetan, batzuek «infernu» bilakaturiko paisaia «zoragarrietan» —Michel bera deklaratzera deitu du Kinshasako Auzitegiak, film horregatik «plagioa» eta «Kongoko iruditeria ebastea eta bortxatzea» leporatuta—.

IFJD Justiziarako eta Demokraziarako Institutu Frankofonoak gonbidatuta izan zen Mukwege atzo Baionan, eta «justizia» eskatu zuen Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarrentzat: «Ezin da bakerik eraiki justiziarik gabe». Azaldu zuenez, izan ere, zigorgabetasun eta isiltasun historia bat izan da bere herrialdearena. Bukavu hiriko Panzi ospitaleko sortzaile eta medikua da Mukwege, eta azaldu zuen 1990eko urteetan gatazka hasi zenean bezalatsu edo okerrago daudela gaur egun: «Hogei urte daramatzat indarkeria sexualak jasaten dituzten andreak artatzen, eta honek segitu egiten du: hori da zinezko drama». Bortxaketak pairatu dituzten emakumeak sendatzen espezializatutako ospitalean, gainera, aldatu egin zaie lana: «Lehen adinez nagusiak ziren emakumeak artatzen nituen; sekulako basakeriak. Baina gero ikusi genuen umeei eta niniei ere erasotzen zietela». Horrek galdera bat piztu zion: «Geldi dezakegu hau baldin eta borreroek halako gauzak inpunitate osoz egin baditzakete?».

Ginekologoak Baionan gogoratu zuenez, 2010ean Mapping txostena kaleratu zuten NBEko adituek, zeinetan jasotzen baitira 1993 eta 2003 artean gertaturiko askotariko krimenak. «Horrekin justizia lortu behar genuen». Baina ez zuten helburua erdietsi: «Krimen horien egileak indartsuagoak izan ziren NBE bera baino. Mandatariek ia barkamena eskatu zuten txostena egiteagatik, eta dokumentua oraindik tiradera batean dago». Mukwegek uste du estatuek euren «borondatea inposatzen» diotela NBEri, eta arrazoia argi du: «Herrialdea aberatsa da mineral estrategikoetan. Hori guzia gertatu gabe ezin dugu sakelako telefono eta ordenagailurik izan. Horregatik saiatzen dira egia ezkutatzen».

Frogatzeko ezina

Jean Pierre Massias jurista zein IFJDko kidea eta Michel filmegilea zigorgabetasunari aurre egiteko hainbat pista ematen saiatu ziren solasaldian, Europako hainbat adibide azalduta: erraterako, 36ko gerrako deshobiratzeak nola egiten diren. Ordea, Mukwegek zehaztu zuen arazo bat daukatela Kongoko Errepublika Demokratikoan krimen sexualekin: «Hogeita bortz urte geroago oraindik zaila da frogak lortzea, eta justiziara jotzen duten andreen auziak artxibatzeko arriskua dago. Emakumeek ez dute bigarrenez umiliatuak izan nahi». Mukwegek uste du berez balegokeela indarkeria kasu batzuk frogatzerik: «Ume ugari jaiotzen dira bortxaketen ondorioz, eta borreroak ume horien DNAren bidez atzematen ahalko genituzke». Baina, berriro, arazoa: «Ez da DNA frogarik egiten».

Mukwegek kontatu zuen anitzetan galdetzen diola bere buruari Kongoko Errepublika Demokratikoan segitu behar duen. «2012an eraso egin zidatenean ez zuten lortu ni kolpatzea; nire zaindaria hil zuten». Herrialdetik atera zen orduan, baina denbora batera itzuli zen: «Bostonen [AEB] nengoela gutun bat jaso nuen, landa eremuko emakume batzuek bidalitakoa. Ortziralero barazkiak saltzen hasi ziren nire hegazkin txartela erosteko. Haiek ez dute egunean dolar bat ere bizitzeko!». Eta itzuli egin zen: «Ez nuen hauturik». Emakume horiek «ikaragarriak» direla nabarmendu zuen: «Gizonak ere artatu izan ditut, baina emakumeek harritzen naute gehien, haien erresilientziagatik. Ez dute uzten euren buruak lurra jo dezan. Haien ondoan jarraituko dut».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Emakume bat, Ukrainako soldadu bat irudikatzen duen mural baten aurretik pasatzen, Kieven, lehengo astean. ©EFE

Ukrainak segitzen du frontearen hegoaldean presioa handitu nahian

Igor Susaeta

Kievek jakinarazi du bederatzi pertsona hil zituela duela bi egun Krimean egindako bonbardaketan; aldarrikatu du, gainera, Zaporizhian «aurrerapauso handiak» ematen ari dela kontraerasoan
Pertsona batzuk Europako Batasunaren bandera baten aurretik pasatzen, Berlinen. ©OMER MESSINGER / EFE
Ukrainako armadako soldadu bat, tanke bat ondoan duela, aurreko uztailean Donetsk eskualdean (Ukraina). ©OLEG PETRASIUK / EFE

Fronteko lerroa ia ez da mugitu

Igor Susaeta

Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.
Brasilgo indigena bat, atzo, herrialdeko Auzitegi Gorenaren aurrean, negarrez, indigenen lur jabetza eskubideari buruzko epaiaren berri izan ostean. ©Andre Borges, EFE

Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...