Euskara

Bidelagun gehiagoren bila ari da Mintzanet, euskara ikastaroetarako

Sareak adierazi duenez, pandemia garaian nabarmen handitu da mintzapraktikak izan nahi dituztenen kopurua; horregatik behar dituzte hizlari gehiago. Helburu bat zehaztu dute: beste 50 bidelagunek egitea bat.

Mintzanet sareko parte hartzaileetako batzuk 2017an. Urtean behin, aurrez aurre biltzen dira bazkari baten bueltan.. MINTZANET
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 6a
12:53
Entzun

Hamar urteko bizialdia du orain arte Mintzanet sareak, helburu berberari estuki loturik: euskarazko mintzapraktikak jartzea martxan, lotsak galtzen eta jariotasuna erdiesten laguntzeko herritarrei. Euskara bizi dadin eta euskaraz bizi dadin jendea. Hala bada, hamar urteko bidea egina duelarik, bidelagun gehiagoren premian da egitasmoa; ez giharra galdu duelako, izurritean eskaria nabarmen handitu delako baizik. Gero eta gehiago dira mintzapraktiketan parte hartu nahi dutenak, eta, hortaz, hizkuntza menderatzen duten euskal hiztun gehiagoren bila ari da Mintzanet, horiei laguntzeko. 50 behar dituzte, ikastaroak bermatzeko.

Bakarrik bainoago bidea beste norbaitekin egitea errazagoa delakoan da Mintzanet. Hain zuzen ere, horregatik, bi alderen arteko elkarlanean oinarritu du sareak bere funtzionatzeko manera: Bidelariak eta bidelagunak. Euskara praktikatu nahi duten horiei esaten zaie bidelari; berriz, euskara maila ona izan, eta besteei laguntzeko prest diren horiek dira bidelagunak. Bigarren talde hori handitu dadin da orain Mintzaneten interesekoa.

Orain arteko ereduarekin segituko dute aurrerantzean ere. Saioak online bidezkoak dira, doakoak, astean behin egiten da hitzordua, eta ordubeteko iraupena izan ohi dute. Pantailaren alde bietan, Euskal Herriko zein diasporako pertsonak izaten dira; mingaina euskaraz astintzeko gogoz guziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.