Literatura

Beñat Irastorza Ugaldek irabazi du aurtengo (H)ilbeltza beka

Fred Vargasen 'Debout les morts' eleberria euskaratuko du

(H)ilbeltza Baztango euskal nobela beltzaren astearen antolatzaileak. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
2022ko maiatzaren 6a
12:58
Entzun

Goiz batez lehenago ikusi gabeko zuhaitz bat deskubritu zuen Sophia Simeonidis abeslariak bere baratzean. Pago bat zen. Kezka sortu zitzaion abeslariari, loa galarazteraino. Hura hor landatu zuenaren bila ibili zen, beraz, batetik bestera. Hiru bizilaguni eskatu zien laguntza, lurra haztaka zezaten. Egun batetik bestera, desagertu zen Simeonidis, ordea. Eta, handik egun batzuetara, erretako gorpu bat agertu zen. Harena ote? Istorio hori kontatzen du Fred Vargas idazle frantsesak Debout les morts eleberrian. Euskaraz irakurtzeko aukera izango da aurki, Beñat Irastorza Ugaldek irabazi duen (H)ilbeltza bekari esker.

Nobela beltzaren arloan, gehien itzuli diren idazleetako bat da Vargas. Euskarara ekarri gabe zeuden, ordea, haren lanak. Beraz, VI. (H)ilbeltza bekak beteko du hutsune hori, Baztango Udalari, (H)ilbeltza elkarteari eta Txalaparta argitaletxeri esker.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskarazko nobela beltza sustatzea da bekaren helburua, eta, aldi berean, baita sormen eta itzulpen lana saritzea ere. «Baztan euskal nobela beltzarekin lotuta egon da denbora luzez», adierazi dute, euskarazko nobela beltzaren erreferentziazko eskualdetzat baitute Baztan antolatzaileek.

Joseba Otondo Baztango alkateak, Koldo Biguri (H)ilbeltzako ordezkariak eta Garazi Arrula Txalapartako ordezkariak osatu dute epaimahaia. Frantsesezko obraren erritmoari «tentuz eta zentzuz» jarraitu izana erabili dute Irastorzaren itzulpena aukeratzeko irizpideen artean. Izan ere, haien hitzetan, «nabarmentzekoa da erabilitako joskera, euskaraz testu irakurgarria egin nahian. Orobat, hizkuntzaren erregistroak zaindu ditu, eta euskara aberatsa darabil; irakurketa gozagarria eta bizia eragiten du, ondorioz».

Horrenbestez, 6.000 euroko saria jasoko du irabazleak. Erdia orain emango zaio, eta gainerako 3.000 euroak, eleberria itzultzen amaitzen duenean; Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du liburua, 2024ko urtarrilean.

Aurreko aldiak

Euskal Nobela Beltzaren Astearen harira sortu zen beka. Eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, urte batean sormenari ematen diote beka, eta hurrengoan, itzulpenari. Sormenari eman zioten, esaterako, lehendabiziko aldian. Miel. A. Elustondo izan zen irabazlea eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019. urte hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu eta 2020an aurkeztu zuen Josu Barambonesek. Hurrengo sormen beka Miren Gorrotxategik irabazi zuen, eta Sotoan gordeak izenburupean argitaratu zuen liburua. Aurtengo urtarrilean kaleratu da Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik egindako itzulpena, eta, azkenik, iazko sormen beka Eneko Barberena idazlearen proiektuak jaso zuen; dena ondo bidean, urte amaieran kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.