TXIRRINDULARITZA

Simon Yatesek irabazi du Italiako Giroko bigarren etapa

Ingelesa izan da azkarrena erlojupekoan. Mathieu Van der Poel bigarren izan da, eta maglia arrosari eutsi dio. Txukun aritu dira Pello Bilbao eta Mikel Landa

Simon Yates, ahalegin betean, gaur. GIRO
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 7a
17:44
Entzun

Simon Yates (Bike Exchange) hirugarren izan zen iaz Italiako Giroan. Egan Bernal (Ineos) eta Damiano Caruso (Bahrain) bakarrik izan zituen aurretik. Ez bata, ez bestea ez da ari aurten, eta itxuraz, ingelesa podiumaren lehen koskara igotzeko lehia betean ariko da. Gaur erakutsi du hautagai sendoa dela. Italiako Giroko bigarren etapa irabazi du. Azkarrena izan da Budapesteko kaleetan jokatu den 9,2 kilometroko banakako erlojupekoan. Hasi eta buka nagusitu da: onena izan da tarteko denboran, 7,7. kilometroko mugarrian, errepideak gora egin aurretik; eta onena izan da baita helmugan ere. Bosgarren etapa garaipena du Giroan, aurrenekoa erlojuaren aurka.

Helburua bete du Yatesek. Baita Mathieu van der Poelek ere (Alpecin). Herbeheretarrak maglia arrosari eutsi nahi zion kosta ahala kosta, eta lortu du. Gertu izan du garaipena, baina azkenean, hiru segundorengatik hartu dio aurre Yatesek. Sailkapen nagusian, ordea, aurretik dago Van der Poel. 11 segundo ateratzen dizkio Yatesi, eta hamasei Tom Dumoulini (Jumbo). Van der Poelen herrikideak oso lan ona egin du gaur, eta hirugarren izan da, Yatesengandik bost segundora. Hiru txirrindulari horien atzetik bi espezialista sailkatu dira: Yatesen taldekide Matteo Sobrero italiarra izan da laugarren, eta Ben Tullet ingelesa (Ineos), bosgarren.

Yates eta Dumoulin izan dira Giroa irabazteko hautagaien artean ondoen aritu direnak. Hala ere, ez dira alde oso handiak egon. Wilco Keldermanek (Bora) hamazazpi segundo galdu ditu; Joao Almeidak (UAE), hemezortzi; Vincenzo Nibalik (Astana), hemeretzi; Romain Bardetek (DSM), 24; Richard Carapazek (Ineos), 28; Hugh Carthyk (Education First), 38; eta Miguel Angel Lopezek (Astana), 42. Kolonbiarra izan da okerren aritu dena. Aldiz, txukun aritu dira Pello Bilbao zein Mikel Landa (Bahrain). Gernikarrak 26 segundo galdu ditu, eta murgiarrak 33. Bilbao, bederatzigarren da orain sailkapen nagusian, Van der Poelengandik 29 segundora. Landa, berriz, 21. postuan dago, 44ra. Haien artean sailkatu da gaur Jonathan Castroviejo (Ineos), Yatesengandik 31 segundora. Beste euskal txirrindularia, Oier Lazkano (Movistar), berriz, 38ra. Giroan ari diren lau euskal herritarrak etapako lehen 50 sailkatuen artean sailkatu dira.

Bihar azken etapa jokatuko dute Hungarian, Kaposvartik Balatonfueredera, 201 kilometrokoa. Ibilbide laua du, eta lehen etapak ez bezala, ez du aldaparik amaieran. Beraz, esprinter petoek aurreneko aukera izango dute. Astelehenean, berriz, lehen atseden eguna izango dute, Italiara mugitzeko. Ezinegona eragin ohi dute halako egunek, are gehiago aurten, asteartean mendiko lehenbiziko etapa jokatuko baitute: Etna igoko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.