Zinema

‘Mija’ eta ‘Dopo Yumemories’ saritu ditu Dock of the Bay jaialdiak

Musika dokumental luzerik onenaren aitortza jaso du Isabel Castroren opera prima-k. Jordan Gallardek ere bere lehen dokumentalarekin lortu du laburrik onenaren saria.

Isabel Castroren 'Mija' filmeko fotograma bat. DOCK OF THE BAY
Ainhoa Sarasola.
2022ko maiatzaren 7a
21:44
Entzun

Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen jaialdiak gaur iluntzean banatu ditu bere 15. edizioko sariak. Film luzeen Sail Ofizialeko epaimahaiak Isabel Castroren Mija lana saritzea erabaki du, «istorio delikatu eta zirraragarri bat» dela iritzita. Doris Muñoz musika managerraren eta Jacks Haupt artista gaztearen eskutik, «immigrazioa, deportazioaren beldurra, familia loturak eta amets amerikarraren promesa AEBetako gizarte mexikarrean» ditu hizpide filmak, besteak beste. Jorge Tur, Amanda Villavieja eta Joan Porcelek osatu dute sail horretako epaimahaia, eta bi aipamen berezi ematea ere erabaki dute: Marc Hurtadoren My Lover The Killer. Lydia Lunch eta eta Danny Garciaren Nightclubbing: The Birth of Punk Rock in NY filmei egin diete aitortza.

Film laburren Sail Ofizialeko epaimahaia, berriz, Maider Oleagak, Miren Iza Tulsa-k eta Pela Del Alamok osatu dute, eta sail horretako saria Jordan Gallarden Dopo Yumemories dokumentalari ematea erabaki dute. DIY filosofiaz eraikia dagoela nabarmendu du epaimahaiak, eta aitortza merezi duela iruditu zaio, «etxeko grabazioak musika eta adiskidetasuna ospatzen dituen film garaikide bihurtzeko duen gaitasunagatik». Epaimahai horrek aipamen berezi bat ere ematea erabaki du, eta, hala, Miguel H. Arizaren Dreams lanak ere jaso du aitortza.

Publikoak, halaber, kategoria bakoitzeko film bat saritzeko aukera du, eta, aurten, Kathryn Fergusonen "Nothing Compares. Sinéad O'Connor film luzea eta Robin Trouilleten Turning Man lan laburra hautatu dituzte ikusleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.