martxelo otamendi
Ipar Irlandako hauteskundeak

Sinn Feinen pazientzia

2022ko maiatzaren 9a
09:36
Entzun

Bi lorpen bikain eskuratu ditu Sinn Feinek bere ibilbide luzean. Lehena, 1998an, Ostiral Santuko Ituna, zeinaren bidez borroka armatua praktikatzen zuten bi aldeek ­­­­­–IRAk eta loialistek– eta horiekin bat egiten zuten alderdi politikoek bide politikoen bitartez bakarrik saiatuko ziren helburuak lortzen. Lehenen helburua, Irlanda osoa estatu bakar batean biltzea, eta bigarrenena, Ipar Irlandak Erresuma Batuaren barruan segitzea. Akordio hori mendebaldeko diplomazia nagusiaren babesarekin egin zen: Washington, Londres eta Dublin, eta Dublinekin batera, Europako Batasuna osoa. Akordioak ez zuen konpondu –ezinezkoa lehen, eta ezinezkoa izaten segitzen du orain– bi komunitateen artean dagoen leizea. Horren lekuko, Belfasteko gune batzuetan zutik daude oraindik auzoak bereizten dituzten harrizko paretak, eta harresi mentalak. Akordio hartan errepublikanoen lorpen nagusia izan zen Ipar Irlandan, gehiengoak hala nahi badu, eskubidea onartua daukatela erreferenduma egiteko, Irlanda bakar batera bildu edo ez erabakitzeko.

Joan den osteguneko hauteskundeetan lortu zuen Sinn Feinenek bere historiako bigarren garaipena, irabazle izan baitzen aurreneko aldiz DUP alderdi unionista nagusiak baino bi eserleku gehiago lortuta (27-25). Bide luzea eta pazientzia handikoa egin du Sinn Feinek Stormonteko akordioa sinatu zenetik igaro diren 24 urteotan eta, horren ondorioz, bikoiztu egin ditu hauteskundeetako emaitzak denbora horretan. Alderdiko arduradunek era eraginkorrean jakin dute haiengandik urrun zeuden herritarrei, belaunaldi gazteei bereziki, ikustarazten etorkizuneko aukera direla, unionistek ez bezala, gehiago hitz egiten dutela etorkizunaz iraganaz baino, eta hobeto daudela Europako Batasunaren barruan egongo den Irlanda batuan, kanpo egongo den Erresuma Batu elkorrean baino. Brexit-aren aurkako botoak irabazi egin zuen Ipar Irlandan 2016ko erreferendumean.

Aldeko haizea dauka Sinn Feinek baita Irlandako Errepublikan ere, inkesten arabera irabazlea izango baita Dublineko legebiltzarrerako –Oireachtas– hauteskundeetan. Inoizko egoerarik onenean daude errepublikanoak haien helburua lortzeko, 1905ean alderdia sortu zutenetik.

Pazientzia beharko dute ilegorriek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.