Kuba

Jada 31 dira Habanako Saratoga hoteleko leherketan hildakoak

Ostiraletik ez dute inor bizirik atera eraikinaren hondakinetatik. 24 pertsona erietxean daude oraindik ere.

Erreskate taldeak, atzo, leherturiko hotelaren aurrean. YANDER ZAMORA / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 9a
11:58
Entzun

Joan zen ostiralean leherketa handi batek astindu du Kubako hiriburua. Saratoga bost izarreko hotelaren sei solairuetatik lau suntsitu zituen eztandak, eta erreskate taldeek asteburu osoa eman dute hondakinen artean harrapaturikoak ateratzen. Hildakoak dagoeneko 31 direla esan dute Kubako agintariek. 80 lagunetik gora zauritu ziren ezbeharrean, eta horietako 24 oraindik daude erietxean.

Gaur eman dute 30 urteko Frank Fraginalsen heriotzaren berri. Hildakoetako hamazazpi gizonezkoak dira, eta hamalau emakumeak. Gutxienez lau adin txikiko hil dira.

Zaurituriko 30i sendagiria eman diete; beste lau hil edo bizi daude, eta beste bost larri.

Bost haur daude erietxean: horietako hiru hil edo bizi daude, eta beste bat larri.

Hondamendia askoz handiagoa izan zitekeen: hotela hutsik zegoen, eraikina eraberritzen ari zirelako. Langile batzuk eta segurtasuneko kideak zeuden barruan. Bihar zabaldu asmo zuten.

Habanako turismo gune nagusietako batean dago eraikina, Kapitolioaren aurrean. Eztandak kalteak eragin zituen inguruko etxebizitza batean eta eskola batean.

Agintariek ostiralean esan zutenez, gas isuri batek eragin du leherketa, hoteleko biltegiak gas likidoz betetzeko unean. Gas kamioia ere hondakinen azpian geratu zen.

1880. urtean altxatu zuten eraikin dotorea. Hotel gisa 1933. urtean hasi ziren erabiltzen. Izurriak turismoa galarazi zuenez, azken bi urteotan horretaz baliatu dira hotela eraberritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.