Euskaraldia

Korrikak bistaratutako «herri gogoa» Euskaraldira eramatera dei egin dute

Euskararen aldeko bi egitasmo sozialen arteko lotura irudikatu dute antolatzaileek Donostian. Hizkuntza ohituretan aldaketak zehaztu, eta horiek egonkortzean jarriko du arreta Euskaraldiak, baita hiztunen ahalduntzean ere.

Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 9a
12:58
Entzun

Korrikaren antolatzaileek lekukoa pasatu diete Euskaraldikoei. Horixe irudikatu dute gaur goizean Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean egindako agerraldi bateratuan, eta, halaber, batean erakutsitako indarra bestean isla dadila eskatu dute. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute ariketa sozialaren hirugarren aldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean.

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak gogora ekarri duenez, azken bi urteetan pandemiak «gogor» jo du gizartea, eta horrek eragina izan du mugimendu euskaltzalean ere: «Harreman sozialak zailagoak izan dira, eta horrek hizkuntza praktiketan eragina izan du; bai herritarren hizkuntza praktiketan eta baita erakundeetan ere».

Horregatik, Urkijok nabarmendu du urte hasieran AEK-k eta Euskaltzaleen Topaguneak esan zutela aurtengo urtea «kaleak hartzekoa eta herritarrak aktibatzekoa» izango dela. Hala berretsi du, haren arabera, Korrikak ere: «Erakutsi du euskararen aldeko herri gogoak sendo jarraitzen duela, eta datozen ekimenen bidez jarraitu nahi dugu herri gogoa sendotzen eta urrats zehatzak eragiten». Horien artean aipatu ditu euskararen erabilera, ezagutzaren unibertsalizazioa eta «euskararentzako gune erosoak zabaltzeko urratsak» ematen jarraitzea.

«Herri gogoari» aipamena egin dio Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak ere, eta «oso garrantzitsutzat» jo du erakutsitako «energia soziala» Euskaraldira eramatea, lau arrazoirengatik: «bi ekimenak erabakigarriak direlako euskararen dinamika soziala hauspotzeko»; «indibidualismoaren garai honetan, kolektiboaren eta taldearen indarra islatzeko»; «herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko»; eta «hizkuntzaren biziberritzean urrats sendoak egin daitezen aldarrikatzeko».

Martxan, tokian-tokian

Herriz herri eta auzoz auzo hasiak dira dagoeneko udazkeneko ariketa soziala antolatzen. Tokian tokiko Euskaraldia batzordeetan egituratuko dute lan hori. Euskalgintza soziala aktibatzearen garrantziaz mintzatu da, hain justu, Maddi Juanikorena Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzailea. Izan ere, pandemiaren eraginez bizitza soziala mugatu behar izateak «isla» izan du batzordeetan eta euskalgintzan, oro har, haren esanetan: «Normaltasunez lan egiteko oztopoak eduki ditugu». Hala ere, egoera aldatzen ari da, nabarmendu duenez: «Nabari dugu badela gogo eta indar berezi bat, bultzada kolektibo bat; Korrikan ikusi dugu, eta azken herri ekimenetan ere nabari dugu»:

Bestalde, Juanikorenak adierazi du batzordeek «ahalegin berezia» egingo dutela aurten, «hizkuntza ohituretan aldaketak eman eta horiek egonkortzeko». Halaber, ahobizien eta belarripresten «ahalduntzea» ere lehentasunezko ildoa izango dela gaineratu du, eta horretarako «tresnak» eskainiko dituztela. Batzordeetan parte hartzera dei egin die Juanikorenak herritarrei, baita «kaleak hartzera» ere.

Euskaraldiaren aurretik egitasmo soziala berotzeko egingo dituzten zenbait hitzorduren berri ere eman du Urkijok. Maiatzaren 18an, esaterako, entitateek izena emateko epea irekiko dute, eta, ekainean, Euskaraldiaren abestia aurkeztuko dute. Norbanakoei, berriz, irailaren 29tik aurrera zabalduko diete izena emateko epea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.