Artea

Andy Warholek Marilyn Monroeri eginiko erretratua 185 milioi euroan saldu dute

Hori dela eta, XX. mendeko artelanik garestiena bilakatu da. Larry Gagosian bildumazaleak ordaindu du gehien New Yorken egin duten enkantean.

Emakume bat Monroeren erretratuari begira, New Yorken. EFE
2022ko maiatzaren 10a
12:50
Entzun

Andy Warhol margolariak 1964. urtean Marilyn Monroeri egindako erretratua XX. mendeko artelanik garestiena bilakatu da. Atzo gertatu zen, New Yorken (AEBak): Christie’s enkante etxeak 185 milioi dolarren truke saldu zion Larry Gagosian bildumazaleari, enkantea hasi eta hiru minutu eskasera. Dena den, aitortu dute gehixeago ordaintzea espero zutela, edo, behintzat, 200 milioi dolarrera heltzea (195 milioi dolarrean saldu da).

Shot Sage Blue Marilyn obra, ordea, ez da inoiz enkantean saldu den artelanik garestiena: Leonardo da Vinciren Salvator Mundi da; Mohamed Ben Salmane Saudi Arabiako printzeak erosi zuen, 2017. urtean, 425 milioi euroren truke. Warholena bada, ordea, XX. mendeko garestiena. 2015az geroztik, Pablo Picassoren Aljerko emakumeak zen; 169 milioi euroren truke saldu zuten hura.

Christie's-en arabera, Warholen artelana «Mona Lisa modernoa» da: «Denboratik eta lekutik harago doan obra bat da, artista baino handiagoa den ikono bat. Memoria kolektiboaren parte da», azaldu du enkante etxeak.

Gaur arte, obra Thomas eta Doris Ammannen bildumako parte zen. Thomas 1993an hil zen, eta haren arreba Doris, iaz. Hori dela eta, irabazi guztiak Suitzako Thomas eta Doris Ammann fundazioarentzat izango dira. Haren helburua da gizartean bazterturiko haurren osasuna, ongizatea eta hezkuntza hobetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.