Palestina

Israelgo armadak Xireen Abu Akleh kazetaria hil duela salatu du Al Jazeerak

Tiro egin diote buruan, Jenin hirian, israeldarrek eginiko erasoaldi baten berri ematen ari zela. Beste kazetari bat ere zauritu dute.

Shirin Abu Aklek 20 urte baino gehiago zeraman Palestinako berri ematen. AL JAZEERA
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 11
10:11
Entzun

Xireen Abu Akleh Ekialde Hurbileko kazetaririk ezagunetako bat zen, Al Jazeera telebistan eginiko lanarengatik. Gaur hil dute, Jeninen (Zisjordania), buruan tiro eginda, Israelgo armadaren erasoaldi baten berri ematen ari zela. Telebista kate horren arabera, Israelgo militarrek tirokatu dute Abu Akle, eta beste kazetari bat bizkarrean zauritu dute: Quds kazetako Ali Samudi.

«Israelgo okupazio indarrek Xireen Abu Akleh gure kazetari maitea hil dute, gaur goizean haien gehiegikerien berri jasotzen ari zela Jeninen. Palestinako kazetari nagusietako bat zen, eta adiskide mina», idatzi du Palestinak Erresuma Batuan duen enbaxadore Husam Zomlotek.

Israelgo armadak esan du tiro egin dietela Jeninen operazioa egiten ari zirela, eta haiek tiroz erantzun zutela. Kazetariak palestinarrek eurek tirokatu izana «ikertzen» ari direla zabaldu dute.

Erasoan zaurituriko beste kazetariak, Samudik kontatu duenez, zazpi kazetari joan dira Israelen erasoaren berri ematera, eta denek babesteko eta kazetari gisa identifikatzeko arropa zuten jantzita. Hiru tiro egin dizkiotela adierazi du: lehenengoak huts egin du, bigarrenak bera zauritu du, eta hirugarrenak Akleh hil du. Sareetan zabalduriko irudi gogorretan, ikusten da nola jasotzen duten kazetaria lurretik, eta nola sartzen duten korrika auto batean, erietxera eramateko. Samoudik esan du inguruan ez zegoela militante palestinarrik edo zibilik, bakarrik eurak eta Israelgo armada. Militarrek iradokitakoa «gezur hutsa» dela gaineratu du.

Aklehk 51 urte zituen; Jerusalemen jaio zen, eta 1997. urtean hasi zen lanean Al Jazeeran. AEBetako herritartasuna zuela baieztatu du Washingtonek Israelen duen enbaxadore Tom Nidesek, eta «ikerketa sakona» egiteko eskatu du.

Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) Israelgo armadaren «krimen izugarria» salatu du. Israelgo Atzerri ministro Yair Lapidek adierazi du PANi eskaini diola elkarrekin ikertzea hilketa, eta gaineratu du gatazka eremuetan babestu egin behar direla kazetariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.