Lan mundua

2020ko greba orokorrean atxiloturiko 11 grebalari nafar auzipetu dituzte

Cordovillako Morean izandako istiluengatik, fiskalak lau urtera arteko zigorra eskatu du horietako bostentzat, eta orotara 150.000 euroko bermea ezarri dute. Horregatik, Grebalariekin Bat plataforma sortu dute, auzipetuei elkartasuna eta laguntza ekonomikoa emateko asmoz.

Grebalariekin Bat plataformako kideak, Iruñeko Katakrak-en. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko maiatzaren 11
20:01
Entzun

Pandemia aurretik, 2020ko urtarrilaren 30ean greba orokorra egin zen Hego Euskal Herrian, Eskubide Sozialen Gutunak deituta. Goizeko zein arratsaldeko piketeetan 11 grebalari atxilotu zituzten. Bi urte geroago, epaiketak egingo dituzte 11 atxilotu horien aurka, hainbat delitu egotzita.

Oraingoz, ez dago epaiketen datarik. Orain abian den auzietako bat greba egunean Cordovillako Morea merkataritza gunean izandako gertaerekin dago erlazionatuta. Guardia Zibilak bost lagun atxilotu zituen han, eta, hainbat delitu egotzita, auzipetu egin dituzte. Fiskalak lau urtera arteko espetxe zigorra eskatu du, eta 11.000 eurora arteko kalte ordainak.

Akusazio partikularra

Poliziaren sindikatuek eta apustu etxe batek ordezkatutako akusazio partikularrak are zigor handiagoak eskatzen dituzte bosten aurka: sei eta hamabi urte arteko espetxe zigorrak. Gainera, bakoitzari 27.000 euroko bermea ezarri diote; orotara, 150.000 euro.

«Honek dakar kaudimen gabe deklaratuak izatea eta gure soldatak bahitzea. Egin ez ditugun delituak direla badakite, baina horrek ez du axola», salatu du Nora Gonzalezek, plataformako kideak. Moreakoa ez da epaiketa bakarra izango, beste zazpi lagun auzipetu baitituzte.

Plataforma, laguntza emateko

Horren aurrean, «erantzun soziala» eman behar dela uste dute, eta horregatik sortu dute Grebalariekin Bat plataforma. Datozen hilabeteetan mobilizazioak antolatuko dituzte, auzipetuei babesa adierazteko asmoz.

Lehentasunetako bat izango da laguntza ekonomikoa ematea. Finantzaketa erdiesteko, auzoetako eta herrietako festetan bazkariak antolatuko dituzte, zozketa bat prestatu dute, eta sanferminetan ere egitasmo batzuk egingo dituzte. Jendeari «adi» egoteko eskatu diote, deituko diren mobilizazioetan parte har dezaten.

Plataformaren arabera, greba orokorrean «pertsonak erdigunean jarriko dituen sistema alternatibo bat» eskatu zen: «Baketsua zen egun batean, estatuaren eta Nafarroako Gobernuaren poliziek beren aurpegi ilunena erakutsi zuten beste behin», adierazi du Nora Gonzalezek.

Identifikazioez eta atxiloketez gain, gogorarazi du egun hartan zenbait grebalari jo egin zituztela. «Gure eskubideen defentsan ateratzen garenean atxilotu, jipoitu eta epaitzen gaituzte». Beharrezko ikusten du elkartasuna adieraztea, «grebarako eskubidea zilegi baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.