Finlandiako Parlamentua astelehenean hasiko da NATOn sartzeari buruz eztabaidatzen

Adierazpen bateratu batean, Finlandiako presidentea eta lehen ministroa alde agertu dira. Gobernuak eta parlamentuak babestu behar dute eskaera. Errusiak «mehatxutzat» hartu du Helsinkik egindako urratsa.

Sanna Mari Finlandiako lehen ministroa. FRANCK ROBICHON / EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Mikel O. Iribar
2022ko maiatzaren 12a
09:51
Entzun

Erabaki historiko bat hartu dute Sauli Niinisto Finlandiako presidenteak eta Sanna Mari lehen ministroak. Zortzi hamarkadaz lerrokatu gabeko herrialdeen multzoan egon ostean, Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzearen alde agertu dira. «Berandu baino lehen, Finlandiak NATOn sartzea eskatu behar du», esan dute biek batera atera duten adierazpen batean.

Ukrainan gerra hasi zenetik, orain arte ez dute esan zer jarrera daukaten gai horren inguruan. Errusiak Ukraina inbaditu izanak kezka eragin du inguruko beste herrialde batzuetan, eta kezka hori Vladimir Putinen zenbait adierazpenek areagotu dute. «Errusiaren mehatxua sentitzen dugu, eta ez dut uste mehatxu hori erabat desagertu denik. Finlandiak ez du inoiz bere defentsa murrizteko urratsa egin; segurtasuna oso serio hartu dugu beti. Buru-belarri ari gara geure burua defendatzen. Baina, jakina, gure aliatuekin batera egin nahiko genuke», azaldu du lehen ministroak, BBC hedabideari emandako elkarrizketa batean. Errusiak eta Finlandiak 1.340 kilometroko muga dute.

Finlandian, herrialdearen segurtasuna bi kargu horien eskumena da, eta, adierazpenean, Niinistok eta Marik argudiatu dute segurtasun nazionala indartu egingo dela NATOn sartuta, eta, era berean, erakunde hori indartu egingo duela sarrera horrek. Horretarako nazioartean eman beharreko pausoak lehenbailehen ematea espero dutela ere adierazi dute.

Bi agintariek esan dutenez, orain arte itxaron egin dute euren jarrera zein den jakinarazteko, parlamentuak eta gizarteak euren iritzia argitzea nahi zutelako. Zehazki, Yle telebista kateak duela hiru egun egindako inkesta baten arabera, herritarren %76 aliantza militarrera batzearen alde azaldu dira; 2017tik 57 puntu egin du gora jarrera horrek. «Eztabaidari behar zuen espazioa eman nahi genion. Gainera, NATOrekin, erakundea osatzen duten herrialdeekin eta Suediarekin harremana estutu nahi genuen ezer esan aurretik», esan dute oharrean. Finlandiak aliantzan sartzea eska dezan, gobernuak eta parlamentuak eskaera babestu behar dute lehenik. Alderdien artean adostasun handia dagoenez, baliteke datozen egunetan gertatzea hori.

Hain justu, Finlandiako Parlamentua astelehenean hasiko da gai horri buruz eztabaidatzen; alderdi gehienek publikoki iragarri dute aliantza militarrera batzearen alde agertuko direla, baita Liga Berdea alderdiko kide batzuk ere, orain arte NATOn sartzearen alde ez zeudenak. Aurretik, ordea, larunbatean, Finlandiako lehen ministroaren Alderdi Sozialdemokratak behin betiko jarrera iragarriko du.

Bi agintariek egindako adierazpenak kaleratu berritan, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek aurreratu du Finlandiak NATOra batzeko eskaera gauzatzen badu prozesua «erraza eta azkarra» izango dela; izan ere, Finlandia aspalditik ari da aliantzarekin elkarlanean. Finlandiarren kezka nagusietako bat da zenbat denbora pasatuko den eskaera egiten dutenetik NATOn sartzen diren arte. Stoltenbergek esana du denbora tarte horretan ere aliantza militarraren babesa izango lukeela Helsinkik.

Suedia ere, Finlandiaren bidetik

Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak Suediaren asmoak eta jarrerak ere aldatu ditu segurtasunaren alorrean. Agintean dagoen SAP Suediako Alderdi Sozialdemokratak —gutxiengoa du— igandean erabakiko du NATOko kide izatearen aldekoa den. Bada, Expressen Suediako egunkariak iragarri duenez, Suediako Gobernuak datorren astean NATOrekin bat egiteko eskaera aurkezteko asmoa du. Parlamentuak datorren astelehenean eztabaidatuko du segurtasun arloan egin behar duen erreforma, eta Magdalena Andersson lehen ministroak bilkura berezi batera deituko du, non sarrera eskatzeko erabakia hartuko den, egunkariak iturri anonimoak aipatuta jaso duenez. Demoskop etxearen eta Aftonbladet Suediako egunkariak apirilean egindako inkesta baten arabera, herritarren %57 aliantza militarrera atxikitzearen alde daude; martxotik sei puntu egin du gora; aurka, %21; eta %22, zalantzati.

Errusiak esana du Helsinki eta Stockholm aliantzan sartzen badira «ondorio politiko eta militar larriak» eragingo dituela. Bada, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur adierazi du «mehatxutzat» hartu dutela Finlandiak gaur hartu duen erabakia, eta NATOren azpiegitura militarra «bere mugetara» eramatea leporatu dio Helsinkiri. Ildo beretik, Errusiako defentsa Ministerioak nabarmendu du Errusiak erantzun «tekniko eta militarra» emateko atakan ikusiko duela haren burua; besteak beste, adierazi izan du Kaliningradera arma nuklearrak eramatea izan litekeela mehatxu horri erantzuteko modu bat. Polonia eta Lituania artean Errusiak duen lurraldea da Kaliningrad, eta NATOk behin baino gehiagotan salatu du Moskuk armak nuklearrak dituela han.

Luhanskeko Herri Errepublikako independentziaren 8. urteurrena

Errusiako presidente Vladimir Putinek ohar bat bidali die gaur Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliketako buruzagiei, esanez bi lurralde horien «independentzia, subiranotasuna eta lurralde osotasuna» defendatuko dituela. Gaurko egunez duela zortzi urte, Luhanskeko Herri Errepublikak independentzia aitortu zuen; Donetskeko Herri Errepublikak, berriz, apirilaren 7an. Kremlinek otsailaren 21ean onartu zuen eskualde horien independentzia, eta handik hiru egunera «operazio militar berezi bat» abiatu zuen Ukrainan, herrialdea Donbass eskualdean errusiar hiztunen aurkako «genozidio bat» egite ari zela argudiatuta.

Gerra frontean, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatari Michelle Bachelek gaur salatu duenez, mila zibil baino gehiagoren gorpuak aurkitu dituzte Kiev eskualdeko zenbait hiritan azken asteotan. NBE Nazio Batuen Erakundeak nabarmendu du jasotako salaketa «gehienak» Errusiako tropen aurkakoak direla, «gerra krimentzat jo daitezkeenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.