Erlijio irakasleak egonkortzeko legea aurrera atera dute Navarra Sumak eta Geroa Baik

Lege berriaren helburua da Erlijio irakasleen postuak eta eskola orduak mantentzea. Nafarroako Kontseiluaren arabera, proposamena «ez da legearen araberakoa»

Navarra Sumako Pedro Gonzalez eta Javier Esparza. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 12a
11:45
Entzun

Politikan, boladan da «geometria aldakorra» deritzona. Gehiengo parlamentarioak egoeraren arabera moldatzea, akordioak ezker-eskuin eginik eta lubaki ideologikoak nolabait lausotuz. Azkenaldian, argazki bitxiak utzi ditu fenomeno horrek Nafarroako Legebiltzarrean. Iragan astean, PAI legea onartu zuten Navarra Sumak eta PSNk, sozialistek Geroa Bairekin eta Ahal Dugu-rekin duten gobernu ituna 'stand by' egoeran utzita. Gaur, Geroa Bai izan da Navarra Sumari batu zaiona, Erlijio irakasleen lanpostuak eta baldintzak blindatzeko legeari baiezkoa emanda.

Uxue Barkosen koalizioak proposamena babestuko zuela iragarri zuenetik jakina zen legea aurrera aterako zela, baina horrek ez du eztabaida parlamentarioa baretu. Aitzitik, Nafarroako Kontseiluak atzo iluntzean argitaratutako irizpenak are gehiago mikaztu du polemika. Izan ere, erakunde aholku-emaile gorenak ez du babestu Navarra Sumaren lege proposamena: «Orain idatzita dagoen bezala, Nafarroako Foru Erkidegoko ikastetxe publikoetako erlijio irakasleen lanpostuei eusteko Foru Lege proposamena ez da indarrean den legearen araberakoa», irakur daiteke txostenean. Zehazki, Nafarroako Parlamentuak onartu berri duen foru legeak bi arau urratuko lituzke: Lomloe legea eta 696/2007 Errege Dekretuaren 4.2 artikulua. Kontseiluko bi kidek, hala ere, boto partikularra eman dute, arauaren legezkotasuna babestuz.

Hain zuzen, Navarra Sumako eta Geroa Baiko eledunak bi boto partikular horietan oinarritu dira foru lege proposamenari eusteko, ahozko zuzenketa bat aurkeztuta. Azkenerako, aurretik idatzia zeramaten gidoia bete dute talde guztiek, eta aurrera atera dira bai zuzenketa bai legea bera ere, 29 aldeko botorekin [Navarra Suma eta Geroa Bairenak] eta kontrako 19rekin [PSN, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarenak].

LAB eta Steilas, aurka

Legebiltzarrean Erlijio irakasleen legea eztabaidatzen ari ziren bitartean, kanpoaldean protesta egin du Steilas sindikatuak, arau berria «erlijio doktrinamendua» bermatzeko «azpijoko» bat dela ulertuta. Sindikatuak gogor jo du, bereziki, Geroa Bairen aurka «kontraesanez beteriko jokabidea» duelakoan: «Geroa Baik dio eskola eta estatua laikoak nahi dituela, baina agintean dagoenean edo bozkatu behar duenean, erlijioko irakasleen alde lerratzen da beti, gainerako irakasleen kaltetan». Bi adibide jarri dituzte sindikatuko ordezkariek: «Aurreko legealdian, Geroa Baik sinatutako akordio programatikoan jasotako helburuetako bat zen Erlijio saioak murriztea legeak ezartzen duen gutxienekora, baina, 2018an, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak erabaki zuen saio kopurua bere horretan uztea, gobernukideen irizpideen kontra. 2022ko apirilean, Koldo Martinez senatariak Espainiako Gobernuari galdetu zion ea noiz onetsiko duen estatuaren laikotasuna eta erlijioekiko neutraltasuna bermatzeko legea, baina Erlijio irakasleen kontratuak blindatzeko proposamenaren alde agertu dira. Ulertezinak dira tamaina horretako kontraesanak».

Steilasek bezala, LAB sindikatuak ere txarretsi egin du Navarra Sumaren legea, «Nafarroako Kontseiluak ohartarazi bezala, segurtasun juridikorik gabe onartzen den beste arau bat» dela iritzita. Horrez gain, legeak irakasleen arteko arrakalak eta desorekak areagotuko dituela uste du sindikatu abertzaleak: «Artzapezpikutzak aukeratzen ditu Erlijio irakasleak, gardena ez den hautapen prozesu batean, gainerako irakasleek hezkuntza administrazioek egindako eta berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioetan oinarritutako hautaprobetan gai direla erakutsi behar duten bitartean. Beraz, diskriminazioa gertatzen da eta Administrazioaren mendeko behin-behineko irakasleen eskubideak urratzen dira; izan ere, eurendako izan beharko luketen lanorduak murriztu egiten dira beren balioa frogatu behar izan ez duten beste irakasle batzuen mesedetan. Erlijioko irakasleen egonkortasuna indartzea helburu duen lege honek zuzenean zamatzen ditu gainerako irakasleen lan eskubideak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.