Futbola

Eric Olhats futbol behatzailea atxilotu dute, adingabe bat bortxatzea egotzita

Erasoa 1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000koaren hasieran egindakoa da, gazte mailako entrenatzailea zenean Baionako Avironen. Olhats ospetsua da futbol behatzaile modura egindako lanagatik; besteak beste, berak begiztatu zuen Antoine Griezmann.

Eric Olhats, Stade Rennais taldearentzat lan egin zuen garaian, 2019an. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 12a
11:47
Entzun

Frantziako Poliziak Eric Olhats futbol behatzailea atxilotu zuen atzo Baionan. Fiskaltzak gaur baieztatu duenez, adingabe bat bortxatzea egozten diote, Baionako Avironeko gazte mailetako entrenatzaile zen garaian, 1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000koaren hasieran. Salaketa, ordea, berriagoa da: biktima batek iazko abuztuan salatu zuen Olhatsek bortxatu egin zuela adingabea zenean. Fiskaltzaren arabera, sexu eraso gehiagoren berri ere badu Poliziak.

Ez da behatzailea salatu duten lehen aldia. 2009ko urrian, Realak Frantzian zuen behatzailea zenean, behin-behinean kanporatu zuen talde txuri-urdinak: adingabeak galbidean jartzeagatik kondenatu zuten. Epaiaren arabera, Olhatsek «sexu eduki desegokia» zuen SMS bat bidali zion ordezkatzen zuen 13 urteko jokalari bati. Hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, hamar hilabetez adingabeekin lan egitea debekatu zioten, eta jokalariari eta haren gurasoei kalte ordain bat ere ordaindu behar izan zien. Olhatsen defentsak txantxa bat izan zela argudiatu zuen. Realarentzat lanean jarraitu zuen 2018ko uztailera arte.

Gaur egun, Atletico Madrilentzat egiten du lan. Espainiako taldeak Frantzian duen behatzailea da, eta iaz berritu zuen talde horrekin duen kontratua, beste hiru urterako. Oraingoz, klubak ez du adierazpenik egin.

Griezmannen lagun izandakoa

Futbolaren munduan, Olhats ezaguna da berak begiztatu zuelako Antoine Griezmann. Izan ere, futbolari horrek ondoren egin duen ibilbidea aski ezaguna da: besteak beste, Frantziarekin munduko txapeldun izan zen 2018an, eta bi aldiz jaso du munduko jokalari onenetan hirugarrenari ematen zaion Brontzeko Baloia (2016an eta 2018an). Olhatsen bidez jokalari gehiago ere heldu dira talde txuri-urdinera: Robin Le Normand, Kevin Rodriguez, Liassine Cadamuro...

Griezmann, Maconen (Frantzia) jaiotako jokalaria, Olhatsen etxean bizi izan zen Euskal Herrira iritsi zenean. Harreman estua zuten biek, eta Olhatsek Griezmannen ordezkari lanak ere egin zituen hainbat urtez. Haren bidez heldu zen Griezmann Atletico Madrilera. Jokalariak, ordea, 2017an erabaki zuen Olhatsekin zuen harremana etetea; azaldu zuenez, ez zetozen bat zer zen onena jokalariaren etorkizunerako. Ordutik, Olhatsek behin baino gehiagotan hitz egin izan du hedabideetan Griezmanni buruz, ia beti adierazpen polemikoak eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.