Politika

Eskuin muturra eta neofaxismoa «mehatxutzat» jo ditu Eusko Legebiltzarraren gehiengoak

Pertsonen eta kolektiboen aurkako indarkeria eta diskriminazio adierazpen oro errefusatu dituzte EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk, eta konpromisoa agertu dute eskuin muturreko ideologiaren eta indar neofaxisten kontra lan egiteko. PP+C's-k eta Voxek EH Bilduri egotzi diote zilegitasunik ez izatea proposamena aurkezteko.

Santiago Abascal Voxeko presidentea Sestaon (Bizkaia), 2020ko ekainean. MIGUEL TOñA /EFE
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 12a
12:25
Entzun

Azken urteotan, muturreko autoritarismoa mundu osoan hedatzen ari dira ultra eskuineko alderdiak, eta Eusko Legebiltzarraren gehiengoak joera horren inguruko «kezka» agertu du gaur. EH Bilduk eraman du gaia osoko bilkurara, legez besteko proposamen baten bidez, eta akordioa lortu du EAJrekin, Elkarrekin Podemos-IUrekin eta PSE-EErekin: lau taldeak, erdibideko testu batean, kezkatuta agertu dira eskuin muturraren eta neofaxismoaren gorakadarekin. PP+ C's-k eta Voxek aurkako botoa eman diote testuari, eta oso gogor jo dute EH Bilduren aurka, proposamena aurkezteko zilegitasunik ez izatea egotzita.

Lau puntu ditu legebiltzarreko lau talde nagusiek adostutako testuak. Adierazi dute «kezkagarria» dela eskuin muturraren eta neofaxismoaren hazkundea, «mehatxu» bat delako askatasunaren, gizarte eskubideen eta demokraziaren aurka, eta arbuiatu egin dituzte munduan gertatzen ari diren «polarizazio politiko eta militar populistak, totalitarioak eta inperialistak». Halaber, pertsonen eta kolektiboen aurkako indarkeria eta diskriminazio adierazpen oro errefusatu dute, eta «borondate irmoa» agertu «demokraziaren, berdintasunaren eta giza eskubideen agenda beldurraren eta diskriminazioaren apologiari kontrajartzeko».

Desberdintasun sozialen aurka eta demokraziaren alde lanean jarraitzeko borondatea ere agertu du legebiltzarrak, iritzita hori dela bidea eskuin muturreko ideologiak eta indar neofaxistek porrot egin dezaten. Halaber, lau taldeek apustu egin dute giza eskubideak, norbanakoak eta kolektiboak babestuko dituen Europa baten alde. Horrekin batera, adostutako testuan azpimarratu dute legebiltzarraren bokazioa dela «askatasuneko espazio» bat izaten jarraitzea ideiak askae trukatzeko eta «modu arrazionalean eta arrazoituan» eztabaidatzeko.

Eztabaida garratza

Garikoitz Mujika EH Bilduko legebiltzarkideak eskuin muturrak eta faxismoak munduan duen zabalkundeaz ohartarazi du. Azpimarratu du «osasun hesia» jarri behar zaiola ultraeskuinari, instituzioetan sar ez dadin, eta ohartarazi saihestu beharra dagoela ultraeskuinak eztabaida politikoaren agenda zehaztea. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak pozik hartu du lortutako akordioa. Ohartarazi du ultraeskuina «arriskua» dela Europan, munduan eta baita Euskal Herrian ere, «gorrotoa zabaldu eta demokraziaren aurka doalako», eta «diskurtso arriskutsua» zabaltzen ari delako gizartean.

Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak ideologia faxistaren ezaugarriak aletu ditu. «Kezkatzeko» joera ideologiko bat dela esan du, eta haren aurka egitea ezinbestekotzat jo. Prietoren urtez, Vox ere «askatasunaren aurkako arriskua» da, eta «demokraziek» haien aurka erantzun beharra daukate. Kezkaz ikusten du Espainian PPk Voxekin bat egin izana, eta «bloke antifaxista» bat osatzera deitu du.

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak aitortu du ez duela gustuko gaurko eztabaida, Voxi aukera ematen zaiolako bere ideologia zabaltzeko. «Istilua eta zalaparta da ultraeskuinak behar duena», ohartarazi du. Egibarrek azaldu du bere taldearen helburua zela proposamena onartzea baina eztabaidarik ez egitea, Voxi hausporik ez emateko, eta gogoratu du populismoari ateak zabaltzen zaizkiola gizartean «arazoak» daudenean eta «instituzio ahulak» daudenean.

Hitzaldi sutsua eman du Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak. «ETAren aldekoak» izatea egotzi die EH Bildukoei, eta leporatu «hilketaz beteriko motxila bat» daramatela bizkar gainean. Proposamena «zentzugabekeria» dela salatu du, halaber. Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidea ere EH Bilduri mintzatu zaio: «EH Bilduk bere buruari exijitzen ez diona eskatzen dio legebiltzarrari». Ultra eskuina eta neofaxismoa «arriskua» direla onartu du Barriok, baina EH Bilduri aurpegiratu dio zilegitasunik ez izatea halako proposamenak aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.