Jaiak

Bilboko Aste Nagusirako atzerako kontaketa abiatu dute

Abuztuaren 20an jaurtiko dute txupina Arriaga antzokitik; ehun egun falta dira. Konpartsek atzerako kontaketa abiatu dute euren webgunean, eta larunbatean kokatuko dute erloju fisikoa hiriko Plaza Barrian, Kapela Egunean. Bitartean, aurrera doa Aste Nagusiaren antolakuntza: «Beste edozein urtetan bezalakoa» ari dira egiten.

Itsasne Nuñez 2019ko Bilboko Aste Nagusiko txupinera atzera kontaketa abiatzeko botoia sakatzen, goizean, Bilboko Plaza Barrian. ARITZ LOIOLA/ FOKU
amaia igartua aristondo
2022ko maiatzaren 12a
12:33
Entzun

«Hiru, bi, bat...». Eta gogor sakatu du botoi gorria Itsasne Nuñezek. Azken Bilboko Aste Nagusiko txupinera izan zen, 2019an, eta hark izan du ardura jaietarako falta den denboraren atzerako kontaketa abiatzeko. Ehun egun falta dira, zehazki: abuztuaren 20an jaurtiko dute txupina Arriaga antzokiko balkoitik. Datu biribila gogorarazteko, Konpartsen Federazioak ekitaldi bat egin du goizean hiriko Plaza Barrian, eta Jai Batzorde Mistoko ordezkariak ere han izan dira, tartean Itziar Urtasun, udaleko Jaietako zinegotzia —Bea Sever 2019ko pregoilaria ere han egotekoa zen, baina ezin izan du joan—.

Gaur jarri dute martxan erloju digitala konpartsen webgunean, eta zapatuan kokatuko dute fisikoa, 13:30ean, Plaza Barriko balkoietako batean. Kapela Eguneko jardueretako bat izango da.

Hiru urteko itxaronaldia izan dela azpimarratu du Saioa Dominguez konpartsetako bozeramaileak. Aurten, ordea, ostera ere «nagusituko dira kaosa eta algara, festa eta poza». Izan ere, ohiko Aste Nagusi bat antolatzeko asmoa dute, eta irizpide horrekin ari dira lanean dagoeneko, Dominguezek azaldu duenez. «Prestakuntza normaltasunez doa aurrera, beste edozein urtetan bezala. Beti adi gaude, neurri berriren bat onartzen duten hemendik Aste Nagusira, baina, printzipioz, lehengora itzultzea da asmoa». Egitarauko jarduera batzuk zehaztu dituzte jada, baina oraindik «goiz» da iragarpenik egiteko, bozeramailearen irudiko.

Hasteko, Kapela Eguna

Aste Nagusirako itxaronaldia baretzeko, Kapela Eguna antolatu dute konpartsek larunbaterako. Egun osoko egitaraua taxutu dute, 11:30etik hasita. Musika izango da nagusi jardueretan, eta kapela ikastaro bat eta txapelketa bat ere egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.