Aireportuak

Loiuko aireportua 2019ko datuetatik urrun dago: %31 bidaiari gutxiago

Foronda da pandemia aurreko datuak hobetu dituen bakarra, eta Noainek baino bidaiari gehiago izan ditu.

Loiura iritsi berri diren bidaiari batzuk, iazko argazi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 12a
13:28
Entzun

Hego Euskal Herriko aireportuak pandemia aurreko bidaiari kopurura gerturatu ezinda daude oraindik. Iazko datuen aldean, igoera nabarmena eta logikoa da, baina, alderaketa 2019ko datuekin eginez gero, ezin da esan susperraldirik egon denik. Gauzak hala, eta 2022ko lehen lau hilabetetako bidaiari kopuru osoa kontuan hartuz gero, Loiuko aireportua erabili duten bidaiari kopurua %31,4 murriztu da; Hondarribikoan %11,5koa da jaitsiera, eta Noaingoan, %33,9koa. Foronda da bidaiari kopuruan gora egin duen bakarra: %19,2.

Aurten 1.130.000 bidaiarik erabili dute Loiuko aireportua. Iaz baino %440 gehiago dira, baina ez da baleko lagina, mugikortasun mugak indarrean zeudelako. Alderaketak 2019arekin egin behar dira, eta, orduko apirileko datuei erreparatuz gero, aurten %19 bidaiari gutxiago egon dira. Ordukoan ere, Aste Santua apirilean izan zen. Apirilak bakarrik alderatuz gero, Hondarribiko aireportuak 2019an baino %4,6 bidaiari gehiago izan ditu, eta Noaingoak, %40 gutxiago.

Forondak leku propioa merezi du alderaketan, batez ere salgaien garraiorako aireportua delako. Hala ere, bakarrik apirileko datuei erreparatuz gero, %12 egin du gora 2019ko datuen aldean. Guztira 58.000 izan ditu aurten, Noainek baino gehiago: 46.682. Azken urteetan, joera aldatzen ari zen, baina oraindik hura pasatu gabea zen. 2019an, esaterako, Forondak 174.000 bidaiari izan zituen guztira, eta Noainek, 243.000.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.