Albistea entzun

Astronomia

Esne Bidearen erdiko zulo beltzaren irudia erakutsi dute

Sagittarius A* izena du eta Lurretik 27.000 argi urtera dago. Erraldoia da, lau milioi Eguzkiren parekoa.

EHT Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2022ko maiatzak 12

Esne Bidearen bihotza erakutsi dute gaur: galaxiaren erdian dagoen zulo beltza. Sagittarius A* du izena (Sgr A*). Berez, zulo beltza ezin da ikusi, guztiz iluna baita —argia ere irentsi egiten du—, baina haren inguruko gas distiratsuak zulo beltzaren egituraren eta itxuraren berri ematen du: eremu ilun bat erdian eta eraztun distiratsu bat inguruan. Sagittarius A* erraldoia da: lau milioi Eguzkiren parekoa, eta 44 milioi kilometroko diametrokoa. Lurretik 27.000 argi urte ingurura dago. Gaurko aurkezpenean alderaketa bat egin dute: Lurretik Ilargian legokeen CD bat ikustearen parekoa da. 

EHT Gertakizunen Ortzimuga Teleskopio taldeak egin du aurkikuntza, eta munduko hainbat lekutan aurkeztu du, aldi berean. The Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak. Ez da teleskopio bakar batek ateratako irudia, munduko zortzi erradioteleskopioko sare batek lortutako datuekin osatutako irudia baizik. Zortzi erradioteleskopioen ahalmenak batu eta teleskopio birtual bat sortu zuten, nolabait esateko. 2017ko hainbat gautan behatu zuten Sagittarius A*, eta datuak pilatu zituzten. Munduko 80 ikerketa institututako 300 ikertzailek parte hartu dute. Aurtengo martxoan beste behaketa kanpaina bat egin zuten, eta 2017koan baino teleskopio gehiagok parte hartu zuten.

Zientzialariek ikusten zuten izarrek zerbait trinkoaren eta handiaren inguruan orbitatzen zutela, baina ikusezina zen ikertzaileentzat. Orain baieztatu dute Esne Bidearen erdiko elementu hori zulo beltz bat dela. Uste dute, gainera, galaxia gehienen erdian dagoela zulo beltz bat.

«Harritu egin gintuen ikusteak eraztunaren neurria zein ondo bat datorren [Albert] Einsteinen erlatibitatearen teorirarekin», azaldu du Geoffrey Bower EHT proiektuko zientzialariak. «Behaketa hauekin askoz ere hobeto ulertzen dugu gure galaxiaren erdigunean gertatzen dena, eta gehiago ezagutzen dugu zulo beltz erraldoi horiek nola elkar eragiten duten haien inguruarekin».

2019an, M87*

EHTk 2019ko apirilean erakutsi zuen zulo beltz baten lehen irudia: M87*, Messier 87 galaxiaren erdian. Bi galaxien itxura oso antzekoa da, baina Sagittarius A* M87* baino mila aldiz txikiagoa da. «Bi galaxia motak guztiz ezberdinak dira, bi zulo beltzen masak oso ezberdinak dira, baina zulo beltzen ertzaren inguruak oso antzekoak dira», zehaztu du Sera Markoffek, EHTko Zientzia Batzordeko presidenteordeak.

Zailagoa izan da Sagittarius A*-ren irudia lortzea M87*-rena lortzea baino, Sagittarius A* Lurretik gertuago badago ere. Bi zulo beltzen inguruko gasa abiadura berean mugitzen da, ia argiaren abiaduran; baina M87*-n egunak eta asteak behar ditu zulo beltzak inguratzeko, eta minutuak, berriz, Sagittarius A*-ri itzuli bat emateko. «Ondorioz, Sagittarius A*-ren inguruko gasaren distira eta eredua oso azkar aldatzen ziren, EHTko ikertzaileek behatzen zuten bitartean», Chi-kwan Chan ikertzailearen arabera. Zailtasuna hobeto ulertzeko: «Bere isatsari segika ari den txakurrari argazki garbi bat ateratzen saiatzea bezala izan da». M87* errazagoa eta egonkorragoa zen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Ingurukoei maite ditudala esateko modua da poesia»

Unai Etxenausia

Zorione Erezuma olerkigileari barren-barrenetik ateratzen zaio poesia idaztea. Bere olerki ikuskizunak «meditazio bidaia mistiko» moduan definitzen ditu.
Haurrak eta Hazi eta Ikasiko boluntarioa eskolako lanak egiten, Morlanseko lokalean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Irakasle, konplize eta bidelagun

Jakes Goikoetxea

Donostiako Hazi eta Ikasi elkarteak eskolako lanak egiten eta ikasten laguntzen die zailtasunak dituzten familietako haurrei. Haurren itxaron zerrenda luzea dute, baina boluntarioak falta dituzte, boluntario euskaldunak.

Iñaki Zarraoa, Alberto Surio, Josu Ortuondo, Maite Iturbe, Jose Maria Gorordo eta Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusi ohiak eta Andoni Aldekoa gaur egungo zuzendari nagusia, atzo, Bilbon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aldekoak esan du EITBk datozen aldaketei aurre egin behar diela

Urtzi Urkizu

EITBren 40. urteurreneko ekitaldia egin dute, Bilbon. Politika, kultura, gizartea eta ekonomia arloetako 300 gonbidatu inguru bertaratu dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.