Korsika

Alessandriri erdi askatasuneko erregimena onartu diote

Neurria ez da indarrean sartuko, Fiskaltzak helegitea aurkeztu duelako berehala.

Pierre Alessandrik —ezkerrean— espetxetik kanpo egin ahalko du lan. Alain Ferrandiren —eskuinean– egoeraz hilaren 19an erabakiko dute. BERRIA
ander perez zala
2022ko maiatzaren 12a
17:17
Entzun

Pierre Alessandri Korsikako preso nazionalistari erdi askatasuneko erregimena onartu diote, AFP albiste agentziak jakinarazi duenez. Neurriarekin, Alessandrik espetxetik kanpo lan egiteko baimena izango luke —nekazaritza enpresa batean—, eta gauean itzuli beharko luke kartzelara lotara. Baina neurria ez da oraindik indarrean sartuko, Fiskaltza Antiterroristak helegitea aurkeztu duelako berehala justiziaren erabakiaren kontra.

Fiskaltzak hirugarrenez aurkeztu du errekurtso bat Alessandriniri kartzela erregimena malgutzearen kontra, eta aurreko bi aldietan Frantziako ministerio publikoaren jarrera berretsi du sententzia betearazteko ardura duen salak.

Erdi askatasuneko erregimena onartuko baliote, Alessandrik urtebeteko proba bete beharko luke, eta epe horretan ezarri dizkioten baldintzak urratuko ez balitu, Korsikako preso nazionalista aske geldituko litzateke baldintzapean.

Auzitegiaren erabakiak erreakzio soka luzea eragin du Korsikako politikarien artean. Jean-Christophe Angelini PNC Korsikako Nazioaren Alderdi autonomistaren idazkari nazionalak, esaterako, pozez hartu du presoari erdi askatasuneko erregimena onartu izana, argudiatuta «bide bat posible bilakatzen» dela «borondate politikoa existitzen» denean.

Jean-Felix Acquaviva Frantziako Asanblearako diputatugai autonomistak ere antzeko adierazpenak egin ditu, eta aldarrikatu du, Twitter sare sozialera igotako mezu batean, Korsikarentzat «bakean oinarrituriko egiazko konponbide politiko bat» lortzeko garaia dela.

Yvan Colonnaren kontrako erasoaren ondoren —gerora hil zen— sorturiko testuinguruak erabakiak hartzera behartu zuen Frantziako Gobernua, eta, Mediterraneoko uharteko egoera baretze aldera, Jean Castex Frantziako lehen ministroak DPS bereziki zainduriko presoen estatusa kendu zion Alessandriri, baita Alain Ferrandiri ere.

Estatus hori gabe, bi preso horiek Korsikara hurbiltzeko eskaria egin ahal izan zuten, eta hala gertatu zen, iragan hilabetean; harrez geroztik, U Borguko espetxean daude, uhartearen ipar-ekialdean.

Bi militante nazionalistak 1999an atxilotu zituzten, eta 2003an bizi guztiko zigorra ezarri zieten, Claude Erignac prefetaren heriotzarekin zerikusia izan zutelakoan. Harrezkeroztik, Frantzian betetzen ari ziren kartzelaldia, Paris inguruan, Poissyko espetxean.

Ferrandiren egoeraz hilaren 19an erabakiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.